Iragarri dute nork botako duen txupina 2025eko Gasteizko jaietan

Erredakzioa 2025eko uztailaren 7a

Erraldoi eta buruhandiak, Andre Maria Zuriko abade Blanca Aguillo eta Urrezko Zeledon saria jasotako Satur Garcia, Joseba Fiestras eta Begoña Divar izango dira Gasteizko jaien hasierako suziria jaurtiko dutenak.

Aurtengo Andre Maria Zuriaren jaietan hainbat laguni eskaini diete txupina botatzeko ohorea. PP alderdiaren txanda izan da ordezkariak aukeratzeko, eta haiek izendatu dituzte Gasteizko erraldoi eta buruhandien konpartsa, Andre Maria Zuriaren kofradiako abade berria, Blanca Aguillo, eta Urrezko Zeledon saria jasotako hiru pertsona, Satur Garcia, Begoña Divar eta Joseba Fiestras.

Jaiekin lotura argia duten pertsonak aukeratu dituzte beraz. Erraldoi eta buruhandien kasuan, hala argudiatu du Iñaki Garcia Calvo PPko zinegotziak aurkezpenean, esanez txikia zenetik izan dutela garrantzia asko beretzat. "Aitortza bat 1917tik hona urtero jaiak alaitzen dituzten 38 gizon-emakumeei".

Blanca Aguillo abade berria da Andre Maria Zuriaren kofradian. Garcia Calvoren hitzetan "Andre Maria Zuria bakoitzaren sinismenetatik harago doa eta hiriaren idiosinkrasiaren parte da". Bestalde, hiru Urrezko Zeledon saritu ere izango dira suziri jaurtiketan. Begoña Divar da azkena, eta lehen aldia da pertsona batek urte berean egiten dituena biak, Urrezko Zeledon saria jaso eta txupina bota.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago