maddi barona

"Tatamira sartu baino lehen, nik irabazi dut txapelketa"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025ko eka. 28a, 08:00

Maddi Barona gasteiztarra Yin-Yang gimnasioan. PHOT.OK

Leipzigen egin den Kyokushinkaiko Munduko Txapelketan urrea irabazi du Maddi Barona gazte gasteiztarrak. Sei urte zituenean eraman zuen aitak gimnasiora eta gaur karatea da bere "bizimodua".

Gasteizko Yin-Yang gimnasioko Maddi Barona Aialak (Gasteiz, 2007) urrea lortu du iragan maiatzean Leipzigen (Alemania) jokatu zen Kyokushinkai Munduko Txapelketan. Sei urte zituenean eraman zuen aitak gimnasiora lehen aldiz, eta ordutik karatea gazte gasteiztarraren bizitzaren zati garrantzitsu bat da. "Kirola ezinbestekoa da nire bizitzan, ez dut imajinatzen nire bizitza karaterik egin gabe", nabarmendu du. Tatamian erakutsi duen indarra islatzen du Baronak karateari buruz hitz egiten duenean.

Zer sentitu zenuen Munduko txapelketa irabazi zenuenean? Zure aukeren artean zegoen edo sorpresa izan da?
Podiumean geratuko nintzela jakiten joan nintzen txapelketara. Mentalizatuta joan nintzen, baina finalera iritsi nintzenean zoriontasun handia sentitu nuen eta zera pentsatu nuen: lehenengoa izaten aterako naiz hemendik, ez bigarrena. Irabazi nuenean oso-oso pozgarria izan zen.

Zenbat lehiakide garaitu behar izan zenituen?
Nire kategoria sub-21a da, hirurogei kilo baino gutxiagokoentzat. Beste modalitate batzuetan lehiakide gehiago daude, gurean zortzi ginen. Hiru borroka irabazi behar izan nituen urrea eramateko.

Zenbat denbora irauten du borroka batek?
Denak dira bi minutura. Lehenengo borrokan ez badago K.O. edo erdi K.O. bat epaileek bozketa egiten dute, eta normalean berdinketa ematen dute eta beste bi minutu jokatu behar dira. Berriz ere berdinketa gertatzen bada, kirolarien pisua begiratzen dute, eta, hiru kiloko aldea baldin badago, gutxiago pisatzen duenak irabazten du; alderik ez badago, berdinketa hautsi behar da.

Nola hasi zinen karatean. Zerk erakarri zintuen?
Oso txikitatik hasi nintzen, nire aitak ekarri ninduen hona (Yin-Yang gimnasioan egin dugu elkarrizketa) sei urte nituenean, eta lehenengo momentutik asko gustatu zitzaidan eta hemen geratu nintzen. Hasiera batean gehiago praktikatu nuen beste karate estilo bat, olinpiadetakoa, guztiz desberdina dena, eta orain dela hiru urte gutxi gorabehera hori utzi eta kyokushinkaiarekin hasi nintzen.

"Nire ametsa da Japoniara joatea eta japoniarrak bere kirolean garaitzea"

Zergatik aldatu zenuen?
Kyokushinkaia gehiago gustatzen zait. Bestean ezin duzu gogor jo, kar-kar-kar, askoz teknikoagoa da, azkartasuna gehiago baloratzen da, perfekzioa bilatzen da, puntuak lortzea, eta ez ninduen asebetetzen. 

Zenbat ordu entrenatzen duzu? Bateragarriak dira karatea praktikatzea eta ikastea?
Psikologia ikasten ari naiz Donostian, eta astelehenetik ostiralera bertako gimnasio batean entrenatzen dut. Astelehen eta asteazkenetan indar ariketa egiten dut, pisuekin, zirkuituak eta zakuarekin borrokak. Egun bakoitzean bi ordu inguru ematen ditut. Astearte eta ostegunetan, berriz, borrokak egiten ditut Donostiako nire entrenatzailearekin eta beste karateka batzuekin, eta horretan aritzen gara ordu eta erdi inguru egun bakoitzean. Ostiraletan eta larunbatetan Gasteizen entrenatzen dut. Ordu pilo bat dira, beraz ikasi denbora daukadanean ikasten dut. 

Txapelketa garrantzitsuen aurrean nola prestatzen duzu zure burua? 
Entrenamenduak desberdinak dira txapelketen garaian eta txapelketak amaitzen direnean. Txapelketetan ibili gara orain arte, eta entrenamendu gogorrak egin ditugu, txapelketei begira indarrez erreakzionatzeko gaitasuna izan eta azkartasuna landu behar ditugulako. Orain, txapelketarik ez badut indarra lantzeko ariketak egiten ditut, eta ez dut zakua ukitzen oso gogorra delako. 

Kontzientziatua ateratzen zara lehiatzera? 
A sako joaten naiz ni. Tatamira sartu baino lehen, nik irabazi dut txapelketa. Horrela joan behar zara, bestela…

Zer erakutsi dizu karateak edo kirolak orokorrean bizitzan garrantzitsua izan daitekeena? 
Oraintxe bertan kirola nire bizitzan ezinbestekoa da, ez dut imajinatzen nire bizitza kirolik egin gabe. Diziplina asko erakutsi dit, entrenatzera joateko gogorik ez duzunean, errutina bat izaten, luzarora pentsatzen eta ez bakarrik momentuan zer nahi duzun, etorkizunean pentsatzen. 

Familiaren eta kuadrillaren babesa izango duzu? 
Bai. Adibidez 2023ko Holandako txapelketara familiako guztiak etorri ziren, neba bat izan ezik, eta iragan urtean ere Gasteizen izan zen Espainiako txapelketa eta denak etorri ziren: osabak, izebak, amona… Ez zitzaien asko gustatu, kar-kar-kar. Esaten zidaten bakarrik kata egiteko, eta ez kumite. Kumite borroka gogorra da, eta familiei latza egiten zaie gu horretan ikustea.

Azaldu kirolari buruz ezer ez dakien bati zer den karatea. Zeintzuk dira karatearen oinarri nagusiak?
Niretzat karatea bizimodua da. Gure kirolak gutxienez oso markatuak diren balore batzuk ditu, Japonian egiten dituzten errituak praktikatzen ditugu entrenatzera sartu aurretik, agurrak eta teknikak japoniarrak dira. Karatean filosofia oso garrantzitsua da. Adibidez, munduko txapelketan ezin genuen garaipena ospatu, lehiakideari errespetua erakutsi behar zaiolako uneoro. 

Zer helburu dituzu kirolari bezala? Zeintzuk dira zure hurrengo erronkak?
Japoniara joatea da nire ametsa, eta japoniarrak bere kirolean garaitzea, baina oraindik asko ikasi behar dut eta esperientzia hartu behar dut. Orain pentsatzen ari gara irailean dagoela txapelketa bat Ingalaterran, urtero egiten dutena, eta hor senior kategorian jokatuko nuke, sub-21a ez dagoelako; zer egin ikusi behar dugu. Eta 2026an Munduko Kopa ere Gasteizen jokatuko da.

Zeintzuk dira herrialderik potenteenak kyokushinkain?
Nik ikusten dudanean nire kategorian Kazakhstango bat, Georgiako bat, Poloniako bat edo Ukrainako bat… Horiek dira potenteenak, beldurra ematen dute, ez dakit zer ematen dieten. Japoniarrak gure erakundean ez ditugu apenas ikusten.

"Borrokak egiten dituzu zu baino hogei kilo gehiago pisatzen duten gizonekin"


Ez zarete selekzioetan lehiatzen?
Hemen ez dago selekziorik, baina Polonian, Kroazian edo Ukrainan bai. Hemengoak gure gimnasioarekin edo erakundearekin parte hartzen dugu.

Nola ikusten duzu emakumezkoen karatearen garapena Euskal Herrian. Badaude kirolariak? 
Euskal Herrian oso talde ona daukagu, hemen Gasteizen, Arrasaten, Donostian eta Bilbon. Emakumezkoen artean Euskal Herrian baditugu shihan maila altuena duten bi emakume, eta uste dut horiek direla Espainia mailan bakarrak eta erreferenteak emakume guztientzat. Gure taldean erdia eta erdia gara, emakumeak eta gizonak, eta emakume oso onak ditugu gimnasioan, erreferente oso onak ditugu; haiek lagundu digute guri eta emakume gazteagoei.

Zer esango zenioke zu baino neska gazteago bati karatean aritzen animatzeko?
Erreferenteak behar dira, oso inportantea da hori, ikustea ahal duzula horra iritsi. Askotan egia da entrenamenduetan gizon gehiago direla emakumezkoak baino, eta frustratzen zara. Donostiako gimnasioan hamarretik bi emakume bakarrik gara, eta borrokak egiten ditugu gu baino hogei kilo gehiago pisatzen dutenekin, eta super gogorra da hori. Indar guztiarekin zoaz, eta min pixka bat bakarrik egiten diezu, eta haiek lurrera botatzen zaituzte. Halere, gero txapelketetan eskertuko duzu. 

Kyokushinkaiko Munduko Txapelketa ez da irabazi duzun txapelketa bakarra, ezta?
2023n Kyokushin Katako IV. Munduko Txapelketa ere irabazi nuen junior kategorian, eta 2019an Europa mailako beste podium bat ere lortu nuen. Duela bi aste Espainia mailako beste kopa bat izan da, eta lehen geratu naiz. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago