Gasteiz Txiki Auzo Elkarteak eskatutako herritarren txanda baliatuta, Auzoan Bizi etxebizitza sareko kideak Gasteizko Udalaren osoko bilkuran egon dira gaur goizean, errolda eskubidea bermatzea bilatzen zuen mozio bat aurkezten. Bertan behera gelditu da mozioa, EAJ, PSE eta PPren aurkako botoekin. EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek alde bozkatu dute.
Mozioan eskatzen zuten udalak errolda eragozteko dituen neurriak bertan behera uztea, hala nola, beharrezkoak ez diren dokumentuak eskatzea bizilekua frogatzeko, arautu gabeko etxe edo lokaletan errolda ukatzea, eta etxebizitza bakoitzean erroldatu daitekeen jende kopurua arbitrarioki mugatzea. Udalari eskatzen zioten Gasteizko bizilagun guztien errolda bermatzeko, onartuz 2019an udalaren aholkularitza juridikoak egindako barne txostena legez kanpokoa dela. Txosten horretan jasotzen da erroldatu nahi dutenei eskatzea etxebizitzaren titulartasuna frogatu beharra edo alokairu kontratu bat erakutsi beharra.
Arartekoak eta Gasteizko Sindikoak hainbat adierazpen egin dituzte errolda erraztu behar dela azalduz, eta EUDELek ere txosten bat argitaratu berri du Auzoan Bizik aipatutako ildo berean. Mozioan proposatzen zen, legean jasotzen den bezala, alokairu kontraturik edo jabearen baimenik ez duten kasuetan beste bide batzuk jartzea bizilekua frogatzeko, ura eta argiaren fakturak edo udaltzainek etxebizitzara egindako bisita bat, esaterako.
Udal Gobernuak egoera ukatu du
EAJ, PSE eta PPk ukatu egin dute salatutako egoerak ematen direnik ere. Sonia Diaz de Corcuerak, erroldaren ardura duen EAJko zinegotziak, adierazi du udalak legea betetzen duela. Legeari erreferentzia eginez, aipatu du errolda eskaera egiten dutenek frogatu behar dutela bizilekua, eta aukeren artean aipatu ditu gastu ezberdinen fakturak, edo Udaltzaingoaren edo gizarte zerbitzuen txostenak. Legezko bide horiek ez erabiltzea da, hain justu, leporatzen dietena.
Diaz de Corcuerak adierazi du gaia inporta zaiela, eta kezka eragiten diela, baina arduraz eta zorroztasunez betetzen dutela legea. Kontrakoa uste badute epaitegietan salaketa jartzera gonbidatu ditu Auzoan Biziko kideak. PSEk ere adierazi du legearen arabera jokatzen duela udalak, aholkularitza juridikoak egindako txostenean oinarrituta, eta esan du errolda "ez dela politizatzen ezta merkantilizatzen ere".
Elkarrekin Podemos eta EH Bilduk alde bozkatu dute, eta udalaren praktika okerra dela berretsi dute. EH Bildutik udalari leporatu diote oztopoak jartzea, modu murriztailean aplikatzen duela legea eta horrek eragiten duela erroldarekin merkatua sortzea, 300€ kobratuz Gasteizko bizilagun batzuei errolda izatearen truke. "Udalak ez ditu legeak emandako aukera guztiak erabiltzen errolda bermatzeko". Udal Gobernuari galdetu dio ea zenbat aldiz erabili dituen jabearen baimen esplizitua ez diren bestelako aukerak errolda emateko, eta adierazi dute premiazkoa dela udalaren barne protokoloa aldatzea, eta "modu proaktiboan" erabiltzea legean jasotako aukerak.
Elkarrekinek udalari egotzi dio beste alde batera begiratzea pertsona askori errolda ukatzen dien bitartean, eta jakinaren gainean egiten duela salatu. Gasteizko errolda salerosketa mafiak gaitzetsi dituzte, eta adierazi errolda soziala ez dela irtenbidea. Egun 700 pertsonatik gora daude udalaren San Martingo bulegoetan erroldatuta.
Pobreen aurkako gerra
Auzoan Biziko kideek adierazi dute modu sistematikoan oztopatzen zaiela errolda egoera txarrenean daudenei, migratzaileei batez ere, eta "politika arrazista" indarrean izatea leporatu diote, "pobreen aurkako gerra" egitea leporatuta. Prebarikazioa egotzi diote Udal Gobernuari, legearen gainetik pasatzen direla argudiatuta, eta errentatzaileen negozioa ahalbidetzen dutela. "Lehenago edo beranduago" atzera egin beharko dutela aurreratu dute.
"Ez duzue errealitatea ezagutzen, edo gezurretan zaudete", aurpegiratu diete Auzoan Biziko kideek. Adierazi dute 2019tik aurrera udalak ez duela gastuen fakturetan oinarritutako erroldarik onartu, eta ez duela langilerik bidali jendearen etxebizitzetara, bizilekua frogatzeko.
Maider Etxebarria alkatea dezepzionatua eta lotsatua agertu da herritarren txandaren aurrean. Diaz de Corcuera zinegotziak ere adierazi du lotsagarria izan dela, eta herritarren txanda ezin dela erabili udala iraintzeko, arrazistak deitzeko edo prebarikatzen ari direla esateko. PPko Marta Alaña zinegotziak koldar deitu die Auzoan Biziko kideei, eta adierazi du ez dietela beldurrik ematen. "Ez ziguten beldurrik ematen lehen, eta ez digute orain ere emango".