Errolda arazo handia bilakatu da Gasteizko bizilagun askorentzat, migratzaileentzat batez ere. Askotan, alokairua ordaintzen badute ere, ezin dute bertan erroldatu, jabeak ez dielako alokairu kontraturik eskaintzen. Gasteizko Udalak erabaki du jabearen baimena derrigorrezko baldintza izatea errolda lortzeko, nahiz eta legez ez lukeen izan behar. Horregatik jende asko behartuta dago, alokairuaz aparte, hilabetero erroldagatik dirua ordaintzera, etxejabe edo mafiaren bati.
Ezinbestekoa egiten zaie ordaintzea, errolda aurrebaldintza delako oinarrizko zerbitzu eta eskubide asko eskuratzeko, eta horretaz baliatzen dira etxejabe asko, negozioa egiteko. Pertsona batek erroldarik ez badauka, oztopo handiak ditu osasun txartela lortzeko, adin txikikoak eskolaratzeko, erresidentzia eta lan baimenak lortzeko, gizarte zerbitzuak eta laguntza publikoak jasotzeko, familiaren errotze soziala eskuratzeko edo Lanbiden informazioa eskatu ahal izateko, besteak beste. Bankuan kontu bat irekitzea edo ezkondu ahal izatea ere, adibidez, erroldaren menpe daude.
Erroldak bilakatzen gaitu udalerriko bizilagun, ofizialki. Berez, bizilagunen zerrenda da errolda, udalerriaren errealitatea islatzen duen erregistroa, eta modu bat administrazioak jakin dezan bakoitza non bizi den. Erroldatuta egotea eskubide bat da, baina baita betebehar bat ere, legearen arabera. Beraz, etxebizitza batean bizi dena bertan egon behar da erroldatuta, eta berdin du jabearen baimena duen, edo kontratua duen ala ez.
Udalaren baldintza murriztaileak
Aste honetan bertan, Erroldarik gabe izaterik ez! plataformak publiko egin ditu Gasteizko Udalaren errolda emateko barne irizpideak. Langileei ematen dieten protokoloa eta aholkularitza juridikoaren txosten bat lortu dituzte. Udalak, dokumentu horietan, erroldaren lege orokorrak aipatzen baditu ere, jarraian legez kanpokoak izan daitezkeen irizpide gehigarri batzuk jartzen ditu errolda eskatzeko. Plataformatik ohartarazi dute "bazterketarako tresna" direla irizpide hauek, salatuz gehien behar dutenei ukatzen dietela errolda, eta gizarteko desorekak betikotzen dituztela. Jakinarazi dute udalak ehunka pertsonari oztopatu diela erroldara sarbidea.
Udalak Gasteizko bizilagun guztiei errolda bermatu beharko liekela aldarrikatu dute. Salatu dutenez, udalaren protokoloak oinarrizko eskubideak urratzen ditu. Alokairu edo jabetza kontratuak eskatzen ditu udalak erroldatzeko, eta debekatu egiten du erroldatzea egoera txarrean dauden "infraetxeetan", edo erregularizatu gabeko lokaletan, ezikusiarena eginez erroldaren berezko eginbeharrari, hau da, pertsonen egiazko bizilekua erregistratzea.
"Beste hirietan debekatutako baldintzak ezarri ditu Gasteizko Udalak"
Gasteizko Udalari exijitu diote kendu ditzala ezarriak dituen "legez kanpoko baldintza bidegabeak". "Muga arbitrarioak" jartzen dituela salatu dute plataformatik, udalak erabaki baitu, adibidez, zazpi pertsona erroldatu daitezkeela gehienez etxe batean, eta horrek kanpo uzten ditu etxebizitza partekatzen duten familia eta pertsona asko.
ALEA gaia landu duen abokatu batekin jarri da kontaktuan, Yaiza Alzolarekin, eta berak adierazi du ez duela lege babesik Gasteizko Udalaren jarrerak. Are gehiago, kontraesanean dagoela Estatu mailako legediarekin eta INEk, Espainiako estatistika institutuak, emandako argibideekin.
Legearekin kontraesanak
Erroldaren inguruko lege nagusiek argi zehazten dute erroldak errealitatea islatu behar duela, praktikan non duten etxebizitza udalerriko biztanleek. Eta espresuki aipatzen du ez duela zerikusirik pertsona horiek etxebizitzarekin duten lotura legalarekin, eta ez dela kontuan hartu behar ea jabearen baimena edo kontratua duten.
Jurisprudentzia argia da, eta ebazpen asko daude bai EAEn zein Espainia mailan, esaten dutenak udalek kontratua eskatu dezaketela aukera gisa, baina beste bide batzuk ere onartu behar dituztela nonbait bizi zarela frogatzeko. Izan daitezke ura edo argiaren fakturak, adibidez, edo gizarte zerbitzuen txostenak esanez udalerri horretan artatu zaituztela denboran zehar. Eta halakorik izan ezean ere, aukera bat izan beharko litzateke erroldako langile bat edo udaltzainak etxebizitzara hurbiltzea, eta hala frogatzea pertsona hori bertan bizi dela.
EAEko Auzitegi Gorenak argi esana du, 2024an bertan, "erroldak benetako bizilekua islatu" behar duela, eta udalak egiaztatu besterik ez duela egin behar, auzi legaletan sartu gabe. Arartekoak ere ebazpen ugari plazaratu ditu, udalek legea bete dezaten eskatuz, eta eskatuz bide alternatiboak jar ditzatela bizilekua egiaztatzeko.
Prebarikazio zantzuak protokoloan
INEk 2020an erroldari buruzko ebazpen bat argitaratu zuen, loteslea, udalek bete behar dutena. Bertan, erroldatzeko prozedurak errazteko beharra aipatzen du INEk, eta alokairu kontratua ezin dela derrigorrezko baldintza izan. Malguak izateko agintzen die udalei, bizilagun guztiek izan dezaten aukera erroldan izena emateko.
Beste hainbat ebazpen daude norabide berean, argi dago legeak dioena, baina Gasteizko Udalaren jokabidea ez dator bat horrekin. Udalak berak aipatzen du legedia hau guztia, bere webgunean, errolda eskatzeko argibideetan. Hitzez hitz, erroldan "Gasteizen bizi ohi diren pertsona guztiek agertu behar dute. Gasteizen bizi diren pertsonek erroldatzeko betebeharra dute". Webgunean bertan bi baldintza soilik aipatzen dira errolda lortzeko, pertsonaren identitatea frogatzea eta Gasteizen bizitzea.
"100 eta 300 euro artean ordaindu behar izaten dituzte hilabetero soilik erroldagatik"
Baina, eskatzen dituen dokumentuetan, baldintza gehiago exijitzen ditu. Etxebizitzako jabea izatea, alokairu kontratua izatea edo jabearen baimen esplizitua izatea eskatzen du udalak, eta ez du inon azaltzen beste dokumentu batzuek ere balio beharko luketela bizilekua frogatzeko. ALEAk kontsultatutako iturriek baieztatu dute prebarikazio zantzuak egon daitezkeela udalaren baldintzetan, hau da, legea zein den jakinda bestelako arauak ezarri dituztela. "Administrazio onaren printzipioa" eta pro homine printzipioa ere urratu diren ezbaian dago, administrazioak berez, zalantzarik balego, herritarraren alde jokatu behar lukeelako.
2019an gogortu ziren baldintzak
Azken urteetako kontua da Gasteizko Udalaren jarrera. 2019. urtera arte, orokorrean, udalak ez zuen hainbeste oztopo jartzen errolda emateko, eta aipatutako bide alternatiboak erabiltzen ziren bizilekua egiaztatzeko. Udaleko langileak Errekaleor auzora ere joan izan ziren, esaterako, bertako okupak erroldatzera. Baina, urte hartan, udalaren aholkularitza juridikoak txosten bat egin zuen erroldari buruz, orain plataformak publiko egin duena, eta hor aldatu zen udalaren jokabidea.
Berezia da gainera zertan oinarritzen den udalaren zerbitzu juridikoa irizpideak aldatzeko. 2019 hasieran, epaitegian ustezko okupazio auzi bat zegoen, XXI Zabalgunea udal enpresaren etxe bati buruzkoa. Epaileak ebatzi zuen etxe hartan bizi zen familia ez zegoela okupazio egoeran, udalak ez ziolako nahikoa argi jakinarazi ez zutela baimenik hor bizitzeko. Familia bertan erroldatua zegoela aipatzen zuen epaileak, beste elementu batzuen artean, eta udalak galdu egin zuen epaiketa. Paradoxikoki, familiaren aldekoa izan zen epai hartan oinarritu da udalaren aholkularitza juridikoa erroldaren baldintzak gogortzeko.
Berez errolda ez da han bizitzeko baimen inplizitua, epaiak ere ez zuen hori esaten, baina udalaren aholkularitza juridikoak, epai hori aipatuz, erabaki zuen ez zutela inor erroldatuko jabetza publikoko etxeetan, kontraturik ez bazuen. Horri buelta bat gehiago eman, eta 2019tik aurrera Gasteizko Udalak uko egin dio inor inon erroldatzeari, kontraturik edo jabearen baimen espliziturik gabe, izan etxebizitza publikoa zein pribatua. Alzola abokatuaren hitzetan, udalak egindako interpretazioa okerra da, ez dator bat legearekin, eta 2019ko epaiak adierazten zuenaren aurkakoa ere bada.
Errolda merkantzia bihurtu da
Zergatik jarri ditu baldintza hauek Gasteizko Udalak? Okupazioa saihestea izan daiteke arrazoietako bat, beste udalerri batzuetan aipatu izan duten bezala. Baina berez ez dauka zerikusirik batak bestearekin. Erroldak ez du esaten bizitzeko eskubide legala dutenik, errealitatea islatzen du soilik, eta udalak baditu beste hainbat mekanismo, judizialak zein bestelakoak, okupazioaren aurka egiteko. Baina errolda ukatzeko erabakia hartu izan du halako kasuetan, eta "zigor arbitrario" gisa erabiltzea leporatu diote eragileek.
Auzoan Bizi etxebizitza saretik salatu izan dute udalaren ezkutuko asmoa dela gizarte zerbitzuetara sarbidea ukatzea. Udalak neurri hau hartzen duela, bestela eskubide eta laguntza gehiago eman beharko lizkiekelako pertsona zaurgarri askori. Ez dago argi udalaren arrazoia zein den, legea betetzen ari direla defendatu du Udal Gobernuak, baina gauza jakina da errolda eskuratzeko baldintzak gogortu dituela, eta eskatzaile askoren kalterako.
Gogortze horrek eragin du etxejabeek erabaki ahal izatea nori eman erroldatzeko aukera, eta ondorioz, legez kanpoko merkatua sortu da erroldaren salerosketekin. Hainbatek salatu izan dute hau, bai Caritasek, bai Descaraba eskubide sozialen behatokiak, Gasteizko sindikoak zein etxebizitza sindikatuek. Denek adierazi dute arazo handia dela, mafiak zein etxejabeak erroldak saltzen dabiltzalako. Udalaren irizpideek, legez kanpokoak izateaz gain, egoera are zaurgarriagoan utzi dituztela errolda beharrean daudenak. "Errolda merkantilizatzea" eragin duela udalak, azken finean.
Negozio borobila, batetik alokairua kobratu etxean bizi diren pertsonei, eta beste aldetik errolda kobratu bertan bizi ez diren batzuei. Garesti gainera, 100 eta 300 euro artean ordaindu behar izaten dute erroldagatik Gasteizko bizilagun askok, hilabetero. Milanuncios eta antzeko webguneetan ere badaude iragarkiak, errolda soilik eskainiz, bilatu nahi dituenaren begi bistan. Jabe batzuk erroldaren kontura aberasten ari direla salatu du Auzoan Bizik, eta udalari leporatu dio "etxejabeen eta rentisten boterea eta inpunitatea" handitzea.
Besteei debekatutako jokabidea
Etxebizitza saretik adierazi dutenez, Bilbo eta Donostiako udalek, adibidez, ez dute sistematikoki ezarri halako oztoporik, eta han ez dira hain ohikoak izan nor bere etxean erroldatzeko arazoak. Are gehiago, bien webguneetan espresuki onartzen dituzte bestelako bideak, bizilekua kontratu gabe frogatzeko. Donostiako Udalak 2025eko urtarrilean argitaratu berri duen agiri batean gogorarazi du "inork, etxebizitza baten jabeak barne, ezin duela eragotzi etxe batean bizi den pertsona etxe horretan erroldatzea".
Baina Katalunian eman zen, adibidez, Gasteizko egoeraren antza duen beste kasu bat, Premia de Mar herrian, 2020an. Han udalak legea aldatu zuen, eta erroldatzeko baldintzak gogortu, okupazioaren aurkako borrokarako, ustez. Gasteizko baldintzen antzekoak eskatzen zituzten han, jabetza edo jabearen baimena frogatu behar izatea errolda eskuratzeko.
Epaitegietara heldu zen araua, eta epaileak udalaren aurka ebatzi zuen, argi esanez jendearen eskubideak urratzen ari zirela praktika horrengatik, eta behartu egin zituen irizpideak aldatzera. Epaileak argudiatu zuen udalak ez duela eskumenik araudia hori moldatzeko, ezta mugak jartzeko oinarrizko eskubide bati. Ordutik, Premia de Marreko udalean ezin dituzte eskatu Gasteizen egun eskatzen diren dokumentuak. Demanda ugari daude martxan epaitegietan Gasteizko erroldaren kudeaketaren inguruan, oraindik ebatzi gabe. Beraz, udalak ez baditu bere borondatez aldatzen erroldatzeko baldintzak, gerta liteke, Premia de Marren gertatu bezala, azkenerako epaitegiek behartzea udala irizpideak aldatzera. Bitartean, Gasteizko bizilagun batzuek jarraituko dute bizilagun gisa errekonozituak izan gabe, eta ondorioak pairatzen. Ez daukanak ongi ohi daki.