Ikasturteari amaiera eman eta udari ongi etorria emateko ezinbesteko hitzordua izaten dira Judimendiko jaiak arabar askorentzat. Suaren inguruan antolatutako ekitaldiekin gozatzeko aukera, eta modu berezi batean aurten, gainera, 50 urte beteko dituztelako auzoko jaiek. Ekainaren 19tik 23ra, adin guztientzako "gogoangarria" izango den egitarau betea prestatu dute, elkarlanaren eredu, auzoa "inoiz baino biziago" dagoela erakusteko.
50 urte auzoan ospatzen lelo, urte historikoa izango da hau Judimendirentzat, eta tamainako egitaraua behar zuen. Dozenaka lagun aritu dira lanean azken asteetan, baina urte osoan zehar auzoan hainbat eragilek egindako lanaren emaitza dela gogoratu dute partaideek. Urteetako ibilbidea gertutik jarraitu dute Koldo Kamonek (Gasteiz, 1959) eta Marije Kortabitartek (Lekeitio, 1966), auzo elkartean egindako lanetik abiatuta, eta sare indartsua osatzeko auzoak duen gaitasuna nabarmendu dute biek, jaiak zein bestelako jarduerak abian jartzeko garaian. "Hemen biltzen den indarra oso garrantzitsua da. Horrek asko errazten du jaiak antolatzeko orduan, eta, are gehiago, aurten, honek hartu duen dimentsioarekin", gogoratu du Kortabitartek. Eragile desberdinen parte hartzerik gabe oso desberdin lirateke jaiak. "Nabarmentzekoa da egiten den lana, hasi nagusien zentrotik, parrokiak ere bere aletxoa jarri du, gazte mugimendua, kale hezitzaileak, momotxorro eta joaldun taldea, musika, dantza eta antzerki taldeak... Denek gehitu dute. Auzo txikia da, baina eragile asko ditu".
"Nabarmena da hemen biltzen den indarra; eragile ugari dago lanean"
Marije Kortabitarte
Aurreko urteetan modu informalago batean egiten zituzten arren, 1975eko ekainean ospatu zituzten lehenengo festak ofizialki, Franco hil baino hilabete batzuk lehenago. "Askatasun egarria zegoen maila guztietan, eta jaiak, nola ez, osagarri oso garrantzitsua dira", gogoratu du lehen jai batzordeetan parte hartzen hasi zen Kamonek. "Zaharrak eta gazteak biltzen ginen, oso gustora; eta egunera arte jarraitu du dinamika horrek". Bizilagun batek utzitako lonja batean egin zituzten lehenengo bilerak, elizako geletara eta auzo elkarteko aretoetara igaro aurretik. Auzokideen laguntzarekin hasi ziren, denda eta tabernen bultzadari esker, eta poliki-poliki egitaraua betetzen joan ziren. Hiru su handi pizten hasi ziren egun Sefarad plaza dagoen eremuan, eta horrek herritar ugariren arreta erakarri zuen. "Martxoaren 3ko sarraskiagatik bertan behera geratu ziren 1976an, eta hurrengo urtean indar handiagoarekin bueltatu ziren".
Ekitaldiak berreskuratzen
Gaur egun lekurik ez duten ekitaldiak izan dira Judimendiko jaietan. Garai batean, esaterako, sokamuturra antolatzen zuten, lauzpabost urtez, baina eragin zituen zaurituen ondoren bertan behera uztea erabaki zuten. Suzko zezena ere atera zuten hainbat urtez, baina pirotekniak animaliei eragiten dien kaltearen ondorioz, hori ere baztertu egin zuten. "Fraka erorien lasterketa ere izan zen denbora batez, kontzertuaren etenaldietan, eta oso dibertigarria zen, gizon eta emakumeak lasterka", gogoratu du Kamonek. Zenbait
euskal ezkontza ere egin zituzten, AEKren eskutik, auzoan ibilbidea eta herri bazkariarekin. "Eta azken urteetan takoi txapelketa egiten zen goizaldean... Garaian garaikoa. Aurten, aulkien jokoa eta Twister erraldoi bat izango dira, eta karaokea ere berreskuratu dituzte", aipatu du Kortabitartek.
Berreskuratu dituzten jardueren artean, gainera, garai batean oso arrakastatsua zen herri krossa bueltatuko da, eta herri kirolekin gozatzeko aukera ere izango da.

Ekitaldi guztien artean, baina, aurten bereziena joaldun eta momotxorroen kalejira izango da, 25 urte beteko dituen desfilearekin. "Aurten kalejira berezi bat egiten saiatu gara, eta horretarako eskolako ikasle eta gurasoen laguntza izango dugu, txatxo eta galtzagorriz jantzita", gogoratu du Kamonek. Hilaren 23an izango da, 19:30ean, Tornay Medikua plazatik abiatuta. Hain zuzen, plaza hori da jaietarako berreskuratu duten txokoetako bat, hainbat urte eta gero. "Bitxia da, garai batean Tornay Medikua plazan izaten ziren dantzaldiak, eta berriz da bueltan; bizilagun bati eskatzen genion argindarra orduan, kar-kar...".
Jaiekin batera, aldarrikapenak ere eskutik joan dira urte hauetan guztietan Judimendin, eta hala izaten jarraituko duela nabarmendu du Kamonek. "Garoñaren kontrakoak, presoen aldekoak, amnistiaren aldekoa... Aurten, besteak beste, Palestinaren aldeko ekitaldia izango da larunbatean".
"Aurten kalejira berezia izango da, eskolako guraso eta ikasleekin"
Koldo Kamon
Eta aldarrikapenei lotuta, euskararen aldeko lan sutsua. Patxi Villamorrek eta Gorka Knˆrrek euskaraz eta gaztelaniaz kontzertua eskaini zutenetik, 70. hamarkadan, gauzak asko aldatu direla gogoratu du Kortabitartek. Gaur egun, jaietako batzorde guztiak euskaraz izaten direla azpimarratu dute, ulertzen ez duenarentzat xuxurlari baten laguntzarekin, eta jaietan bertan hainbat ekimen dituzte prest. Iaz hiztegitxo bat prestatzen hasi ziren, taberna guztietan modu erraz batean euskaraz eskatu ahal izateko, eta Egidazu euskaraz pegatinak ere banatuko dituzte. "Gainera, aurten, barraketako lagunentzako euskal abestiekin play list bat prestatu dugu, euskara ere esparrutxo horretan entzun dadin...".
Ostegunean hasita
Jaiak ekainaren 19an hasiko dira, Gargantuarekin, Judimendiko parkean, eta ondoren mahai joko eta rol joko saio bat izango da Judimendi eskolarekin. 19:00etan txupinazoa izango da txosnen irekierarekin eta pintxo-potearekin Sefarad plazan, eta ondoren Andriginia drag show ikuskizuna. Gaua amaitzeko, Trago Bakoitzean taldearen musika.
Larunbatean Gazte Eguna izango da. Ur jokoak, antzerkia, zumba, mus txapelketa, karaokea, kontzertuak eta afari kolektiboa antolatu dituzte. Emanaldien artean Skabidean, Anixe eta Nafarroa 1512 taldeak izango dira.

Igandea swing erakustaldia, herri kirolak eta artisautza azokarekin hasiko da. 13:00etan auzoko ohiko munduko arrozak ospatuko dituzte. Eta arratsaldean helduentzako joaldun tailerra eta Afro Sesion Kimuk taldearen kontzertua.
Azkeneko egunean, suaren muntaia, kross herrikoia eta bingo musikal bat izango dira Pepe Ubis plazan. Gauean joaldun eta momotxorroen kalejira, udako solstizioa Jare dantza taldearekin eta San Juan sua parkean. Eta Akerbeltz taldearekin amaituko dituzte 50 urteko ospakizunak.