Gasteizko Txosnen egitarau osoa iragarri dute

Erredakzioa 2025eko ekainaren 19a

40 ikuskizun inguru izango dira aurten Gasteizko Txosnetan. Argazkia: ALEA

Gasteizko Txosnek iragarri dituzte aurtengo jaietan izango diren kontzertu eta DJak. Abuztuaren 4tik 9ra bitartean txosnaguneko agertoki nagusietan izango dira, besteak beste, Fermin Muguruza, Hofe, Olatz Salvador, Bizardunak, Biznaga, Brigade Loco, Kokein...

Agerraldia egin dute gaur Gasteizko Txosnetako antolatzaileek, aurtengo jaietako kartela eta egitarau osoa aurkezteko. Gero eta gertuago daude Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak, bi hilabete baino gutxiago falta dira jadanik. Jaiekin batera, EHUren Gasteizko campusera itzuliko dira txosnak. Aurten abuztuaren 4tik 9ra ospatuko dira jaiak, astelehenetik larunbatera bitartean, hiru karpa eta 40 kontzertu, ikuskizun eta emanaldi inguru izango dira Gasteizko Txosnagunean.

Hauek dira Gasteizko Txosnetako hiru oholtza nagusietan —oholtza nagusia, Entxosnatu Karpa eta Gazte Karpa— arituko diren musika talde eta DJak. Askotariko proposamenak izango dira, gustu eta estilo anitzekoak, baita sorpresaren bat edo beste ere. Txosnetako leloa, aurten ere, Entxosnatu, etorri gugana! izango da.

ABUZTUAK 4 ASTELEHENA

Mildeo, Olatz Salvador, Pluk, Akerbeltz erromeria, Guate-K eta M. Ravarino.

ABUZTUAK 5 ASTEARTEA | Elkartasun eguna

Herra, Arene 6, Afro Beats, Brigade Loco, DJ Lobak, Mdm eta I+D.

ABUZTUAK 6 ASTEAZKENA | Ikasle eguna

Dena, Pubic Enemy, Aimarz, Biznaga, Eteranal eta Rosa Mari.

ABUZTUAK 7 OSTEGUNA | Gazte eguna

Zankarron Blues, Fermin Muguruza, DJ Sorpresa, Fifi eta Fefa, eta Elepunto.

ABUZTUAK 8 OSTIRALA

Estoldetan, Kokein, Marte Lasarte, Sustrai Berriak, Bizardunak eta Suziri Krew.

ABUZTUAK 9 LARUNBATA

Anixe, Safu, 721, Hofe, Andrigina Show, DJ Wellington eta Sqlent.

KONTZERTUAK

HOFE

Nafarroatik Gasteiza etorriko da, berriz ere txosnagunea alaitzera. Oraingo honetan, oholtza nagusia beteko du Hofek.

 

AIMARZ

Zumarragako artista gaztea lehen aldiz izango da txosnagunean. Gazte Karpa dantzan jarriko du bere doinuekin.

MILDEO

Rock'n'roll hirukoteak irabazi du aurten Gasteizko Txosnen banda lehiaketa. Entxosnatu Karpa dantzan jarriko du Arabako Errioxako taldeak.

 

PUBIC ENEMY

Laukote madrildarrak bere punk-rock doinuak ekarriko ditu lehen aldiz Gasteizko txosnagunera. 

 

AKERBELTZ

Erromeria kontzeptua birmoldatuta dakar Akerbeltz taldeak, sustraietatik berrienera. Beste urte batez izango dira txosnetako oholtza nagusian.

 

FERMIN MUGURUZA

Artista irundarrak Gasteizen egingo du geldialdia, bere agur biraren barruan. Oholtza nagusian kontzertua emango du, abuztuaren 7an, hainbat kidez lagunduta.

 

BIZARDUNAK

Talde nafarra beste behin izango da Txosnagunean, oholtza nagusia dantzan jartzeko.

 

OLATZ SALVADOR

Bakarlari donostiarra lehen aldiz izango da Txosnagunean. Oholtza nagusian arituko da, txosnen egitaraua zabaltzen.

 

DENA

Ondarroako hirukotea Entxosnatu Karpako oholtzan izango da.

 

BRIGADE LOCO

Bergarako taldea disko berria aurkezten arituko da oholtza nagusian. Bigarren aldiz Txosnagunean.

 

ANDRIGINA SHOW

Gasteizko drag performer androginoa Entxosnatu Karpa iraultzera etorriko da aurten.

 

MARTE LASARTE

Pop elektroniko laukote donostiarra bere lehen diskoa aurkezten arituko da, lehen aldiz Gasteizko Txosnetan.

 

ZANKARRON BLUES

Gazte Karpa dantzan jarriko du zortzikoak, Arabako Errioxatik zuzenean.

<

 

SAFU

Rap abeslari eta dantzari nafarrak oholtza nagusia hartuko du bere hip-hop doinuekin.

 

ESTOLDETAN

Txosnetako banda lehiaketako Gazte Sariaren irabazlea izan zen bikote gasteiztarra. Gazte Karpan arituko dira aurtengo jaietan.

 

KOKEIN

Rock talde eibartarra beste behin itzuliko da Txosnagunera. Entxosnatu Karpa saltoka jarriko dute beren doinuekin.

 

SUSTRAI BERRIAK

Iruñeko punk-rock taldeak bere abestiez beteko du Gazte Karpa.

 

BIZNAGA

Madrildik punk doinuak ekarriko dituzte txosnetara, lehen aldiz Gasteizko jaietan.

 

ANIXE

Entxosnatu Karpan izango dira Anixeren urban doinuak.

 

PLUK

Lehen aldiz izango da Txosnagunean boskote gasteiztar gaztea.

 

ARENE 6

Uribe kostatik zuzenean, beren punk-oi doinuez beteko dute oholtza nagusia.

 

721

Aretxabaletako zazpikoteak punk-oi eta musika urbano doinuak nahastuko ditu Gazte Karpan.

 

HERRA

Arabako Mendialdetik dator boskotea, Gazte Karpako buruak astintzeko bere metal erritmoekin.

 

DJak

Orain arteko baieztapenak

ETERANAL

Gazte Karpa dantzan jarriko du DJ bikoteak.

ELEPUNTO

Iazko arrakasta errepikatu asmoz, Ondarroatik zuzenean, sutan jarriko du Entxosnatu Karpa.

DJ LOBAK

Gazte Karpan arituko da DJ hirukotea.

ROSA MARI

Beste behin ere, mamarratxeoa eta tekno pornoa herriarentzat, Entxosnatu Karpan.

 

SUZIRI KREW

Suziriko kideek sutan jarriko dute Entxosnatu Karpa.

 

FIFI eta FEFA

Gazte Karpa beteko dute beren jai giroaz.

 

MDM

Entxosnatu Karpan izango da Mdm-ren musikaz gozatzeko aukera.

 

I+D

I+D DJa Entxosnatu Karpa lehertzera dator aurten.

 

M. RAVARINO

Entxosnatu Karpako gaua berotuko du M. Ravarinok.

 

SUQLENT

Entxosnatu Karpan izango dira Suqlent eta bere gau-jaia.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago