Araba Euskaraz jaia zortzi ikastolek elkarrekin antolatzen hasi zutenean erabaki zuten Araba Euskaraz urte osoko prozesua izango zela, ekaineko jaiarekin amaiera emango zitzaion urtea, hain zuzen ere. Horrekin batera, Araba Euskaraz urtero Araba osora hedatzeko asmoa zuten, eta aurten ere hala izan da.
Urte osoan zehar egindako ekimen nagusiak abenduan ireki zituen Gazte Talent lehiaketaren 10. edizioak.Irabazleak Bixonte dort bikotea eta Belgorri talde arabarra izan ziren. Euskarazko talde onenaren akzesita, berriz, Pluk taldearentzat izan zen, eta emakumezkoena I See Explosions taldearentzat.
Gazte Talent Jimmy Jazz elkarteak Gasteizko Udalaren Gazteria eta Kultura Zerbitzuekin elkarlanean antolatzen duen musika talde eta bakarlari gazteen lehiaketa da. Era berean, Arabako Foru Aldundiaren Kultura Saila, Laboral Kutxa eta Araba Euskarazen laguntza du. Araban bizi, ikasi edota lan egiten duten 14-35 urte bitarteko gazteek har dezakete parte bertan.
Martxoan, hamasei pilotarik jokatu zuten Olabeko kantxan, Araba Euskaraz Jai Alai Master Series txapelketaren barruan, emakumezkoen lau bikote eta gizonezkoen beste horrenbeste, tartean bi kategorietako goi mailako puntista arabarren parte hartzearekin. Bi finalerdi jokatu ziren 2025eko martxoaren 7an eta 14an, eta irabazleekin final handia martxoaren 21ean izan zen.
Sarrera ona izan zen Olaben
Gizonezkoetan, meritu handiz gailendu ziren Eñaut Urreisti eta Unai Lekerikabeaskoa. Emakumeetan, Maite Ortiz de Mendibil arabarrak etxean irabaztea lortu zuen, Arairen laguntzarekin, partida zail bati buelta emanez. Dagoeneko urteroko zita bilakatu den Araba Euskaraz Master Seriesean sarrera ona eta giro ederra izan ziren.
Bestalde, apirilean, Bastidan, Euskal Herriko periferian dauden ikastoletako eta aurtengo jaien antolatzaile diren ikastoletako 14 eta 16 urte bitarteko gazteen arteko topaketa izan zen, aisiarekin lotutako ekitaldiz betetako jardunaldi batean. "Arabako Ikastolen Elkarteak aisiarekiko duen begirada bi norabidetan garatzen da: batetik, aisiak duen ezaugarri hezitzaile eta pedagogikoan eta, bestetik, komunitatearen baitan aisiak duen indar kohesionatzailean", azaldu dute antolatzaileek.
Halaber, apirilean bertan, Amurrio, Bastida eta Argantzonetik, Arabako ikastolak etengabe martxan! lemapean, hiru ibilbide antolatu zituzten Arabako zortzi ikastolek hiru herrietan zehar. Musika eta jokoak ere izan zituzten egun osoko jardueran.