Azken egunetan Olarizuko parkean ospatu ahal izateko ahaleginak egin ditugu; aldeekin hitz egin dugu, baina ezin izan dugu bermerik lortu igande honetarako Olarizuko parkea gurea bezalako jai bat ospatu ahal izateko moduan egoteko. Hori dela eta eszenatokia mugitu egin dugu, baina aurreikusita genituen ekitaldi eta ikuskizun guztiak aurrera aterako ditugu". Astelehenean bertan azken orduko erabakia iragarri zuen Arabako Ikastolen Federazioak. Igandeko jaian aurreikusitako kontzertuak, lantegiak eta ikuskizunak banatu behar izan dituzte, eta hiru gune nagusitan egingo dituzte: Armentia Ikastola, Mendizorrotza eta Prado parkea.
Igandera begira, askotariko ikuskizun, tailer eta jolasak prestatu dituzte, batez ere haur, nerabe eta gaztetxoentzat. "Dena den, familia giroa da azpimarratu nahi duguna, familian ospatzeko egitaraua baita gurea. Baina lagunartean gozatzeko moduko menua prestatu dugu", azaldu dute antolatzaileek. Goizeko hamarretan abiatuko dute jaia, Armentia ikastolan. Ordutik aurrera, gune desberdinetan, egitarau betea prestatu dute; dantza plaza saioa, herri kirolak, Izaki Gardenak, Modus Operandi eta Akerbeltzen kontzertuak, eta haurrentzako jolasak izango dira, besteak beste.
"Familia giroa azpimarratu nahi dugu, familian ospatzeko egitaraua baita gurea"
Aurreko hiru edizioak bezala, aurtengoa ere Arabako zortzi ikastolen artean antolatu dute, eta Gasteizen egin arren Bastidako ikastetxera joango da bertan bilduko dena, ikastolako proiektuari jarraipena emateko eta egin behar diren inbertsioei aurre egiteko. "Urte honetako Araba Euskaraz jaiarekin Bastida ikastola lagundu nahi dugu. Bastida ikastolaren hezkuntza proiektua ezagutzera ematearekin batera, Bastidan eta Arabako Errioxan euskararen erabilera aldarrikatzeko eta bultzatzeko, eta erabilera eremuak zabaltzeko baliatuko dugu gure jaia", azaldu dute antolatzaileek.
Gela bat, andereño bat eta zazpi ikasle izan ziren 1979. urtean sortu zen Bastidako ikastolaren hazia. Guraso talde batek, ikastolaren beharra ikusita, jendea bildu eta zeuden aukera guztiak aztertzeari ekin zion. Tartean, Miren Uriarte, Jose Luis Petralanda, Agustin Egiluz, Luis Saez de Bikuña, Pedro Nogueras eta Mari Carmen Lacuesta ibili ziren lanean, buru-belarri. Apal hasi ziren eta gaur egun, berrehun bat ikasle dira Bastida ikastolara egunero gerturatzen direnak.
Inbertsioak ziurtatzeaz gainera, 2025eko Araba Euskarazen bitartez, euskararen eta euskal kulturaren alde egiten duten lanari ere garrantzia eman nahi diote Bastida ikastolatik: "45 urtez etengabe auzolanean aritu gara Bastidan euskara eta euskal kultura zabaltzen. Euskararen eta euskal kulturaren transmisioa eta biziberritzea ditugu helburu, eta, ezagutzaz gain, erabilera, sormena eta gozamena bilatzen ditugu". Era berean, ikastolaren hezkuntza proiektua ezagutzera ematea eta sendotzea nahi dute, proiektuan parte hartuko duten familia eta bidelagun berriak lortze aldera.