Libe

"Bat-batekotasunari ematen diot lehentasuna orain"

Anakoz Amenabar 2025ko eka. 8a, 08:00

Libe Garcia de Kortazar, Izaskun Arrue Kulturgunean. Argazkia. ERLANTZ ANDA

Neubat taldean eman zituen lehen pausoak, eta Izaki Gardenak taldean edota Pasadenan entzun dugu, besteak beste. 2014an eta 2017an atera zituen bakarkako bere bi diskoak, eta iaz, etapa berri bat ireki zuen ‘Azal Ezten’ lanarekin. Azkena Rock jaialdia irekiko du aurten.

Bakarkako bidean indarberrituta dator Libe Garcia de Kortazar (Bilbo, 1981), iaz aurkeztu zuen Azal Ezten disko berriaren zuzenekoekin gozatzen. Soinu iluna duen lana taula gainean aurkezten aritu da azken urtean, eta erronka handienetako bat izango du orain, areto txikietako atmosfera iluna espazio handi batera eramaten, Azkena Rock jaialdia irekiko baitu hilaren 19an.

Joan den urtean aurkeztu zenuen 'Azal ezten' diskoa, eta geroztik hainbat taulatan aritu zara. Nola joan dira zuzenekoak? 

Ondo. Egiten dudan proposamena ez da beharbada komertzialena jendea erakartzeko, baina egin ditugun kontzertuak oso ondo egon dira, eta etorri den jendea ere oso pozik egon dela uste dut. Nahi nuena egin dut taula gainean, eta pozik nago emaitzarekin. Egia da bajoia izan nuela hasiera batean, zuzenekoei begira, askotan zaila delako zuk egiten duzun proposamena jendearengana eramatea, baina, aldi berean, hori ere bazen erronka. Bagenekin disko hau oso pertsonala zela, eta arrisku hori hartu genuen. Gero espero ez genituen kontzertu batzuk ere atera dira, eta pozik.

Konplexua izan da diskotik taula gainera eramatea, hainbeste geruza dituen lana izanik?

Egia da geruza asko egin genituela grabatzeko, eta beti kostatzen dela hori zuzenekoetara eramatea, baina lan handia egin genuen, buelta asko eman genizkion, eta azkenean uste dut lortu genuela benetan abesti bakoitzaren muina eramatea. Lokalean ordu asko egin genituen ondo ateratzeko, nahi genuen moduan, eta uste dut gero zuzenekoetan diskoan dagoen intentsitatea nabaritzen dela.

Sei urte eta gero heldu zenion berriro bakarkako bideari iaz. Etapa berri bat da hau zuretzat? 

Bai, desberdina. Beste modu batean ulertzen dut musika orain, aldatu da nola egiten dudan musika eta nondik egiten dudan. Eta nahi gabe, beharbada. Izaki Gardenak eta Pasadena taldeetan ere egon naiz denbora honetan, eta bidai horrek erakutsi dit gauzak beste modu batera egin daitezkeela. Aurreko diskoekin oso zorrotza nintzen, nire buruarekin lehenengoa, dena perfektua izan behar zen, zentzu bat izan behar zuen, eta disko honetan askoz askeago aritu naiz abestiak egiterakoan. Horregatik, beharbada, intro oso luzeak eta bestelakoak... ez nuen eskua gehiegi sartu nahi hasieratik ateratzen zaizun ideia horietan, bulkada hori mantendu nahi nuen. Lehen beti perfekzio puntu bat bilatzen nuen, eta orain nahiago dut bat-batekotasunari lehentasuna ematea, agian freskoagoa den sentsazio bati. Eta ez bakarrik teklatuetan, beste instrumentuekin ere; nik ez dut eskurik sartu besteen instrumentuetan, akaso garai batean ez bezala, eta uste dut horrek ekarpen handia egin diola diskoari. Orain beharbada irekiago nago, malguago. 

"Askeago, ahaldunduago eta nire buruarekin eta musikarekin lasaiago nabil"

Pandemia garaian hasi zinen bakarkako lanarekin bueltaka, ezta? 

Bai, banuen ideiaren bat, eta Pasadena taldearekin ateratzeko erabili genuen. Ez nengoen oso animatuta nire bakarkako proiektua martxan jartzeko. Proiektua nirea denean dena gainbegiratzea gustatzen zait, eta ez neukan gogo handirik pisu handi hori hartzeko. Jon ere –Basaguren– nire moduan zebilen, eta garai hartan Pasadena sortu genuen. Momentuko taldea izan zen, baina beti dugu buruan bueltatzea, eta badira kanta batzuk horri begira gordetakoak.

Soinu ilun eta intimistak dira nagusi lan honetan ere.   

Bai, uste dut hori badela nire ezaugarria. Baina aldaketa izan da; egia da gaur egun lehen egiten nituen abestiak ez nituzkeela egingo, edo modu berean behintzat ez.

Zertan sumatzen duzu aldaketa?   

Erreferenteak ere aldatu zaizkidala uste dut. Orain beste musika bat entzuten dut. Esate baterako, Emma Ruth Rundle edo Chelsea Wolfe asko entzuten ari naiz azkenaldian. Beti denetarik entzun izan dut, baina azken bolada honetan horrelako soinuak dira nagusi, batez ere. Ahotsekin, adibidez, asko jokatzen duten kantariak, efektuekin, eta beharbada zati batean oso suabe kantatzen dutenak eta beste batean lehertu eta oihuka hasten direnak... Hori gustatzen zait, eta nirera ekarrita ere nabari da aldaketa. Lehen beti ahots garbia nahi nuen, ondo abestuta, dena perfektu, eta orain ez dut hori kontuan hartzen, nahita.

Askeago, beraz, azken urteetan?   

Askeagoa, ahaldunduago eta nire buruarekin eta musikarekin ere askoz lasaiago nabil. Dani –Arrizabalaga– bateriak, adibidez beti esaten dit nola aldatu naizen. Nire buruarekin zorrotz nengoen, eta hori transmititu egiten da. Orain ere ongi egin nahi ditut gauzak, noski, desafinatu gabe edo halakorik gabe, baina beste modu batean hartzen ditut gauzak, eta beste bide batetik eramaten ditut.

Azkena Rock jaialdian izango da Libe, hilaren 19an, 18:15ean. Argazkia: ERLANTZ ANDA

Zer da lan prozesutik gehien gustatzen zaizuna? Bakardadean lantzea, gero taulara eramatea...?    

Bakardadean asko sufritzen dut, egia esan. Ez bazait zerbait interesgarririk bururatzen, blokeoak oso gaizki eramaten ditut. Baina zerbait interesgarria ateratzen denean izugarria da, berehala dakizu ona den edo ez, ona niretzat noski. Momentu politak ere badaude lehenengo prozesu horretan. Baina zuzenekoak dira niretzat momentu onena, eta lokalean entseguetan ari garenean ere pila bat disfrutatzen dugu. Uste dut hori dela bilatzen duguna; disko bat grabatzen duzu gero zuzenekoetara eramateko. Horrek bultzatzen gaitu sortzen jarraitzera ere.

Zer ematen dizu taldeak eta zer bakarkako lanak?

Neubat taldean, nire lehenengo taldean, lokalean egiten genituen inprobisazioak, eta ateratzen zen ateratzen zena. Orain, etxean bilatzen ditut abesti eta melodiak, hantxe dut prestatuta txokoa, eta zeozer dudala ikusten dudanean, eta horrekin konforme nagoenean, taldekideei bidaltzen diet euren ekarpenak jasotzeko. Nik gitarra edo bateria ez dakit jotzen, beharbada jar dezaket ordenagailuan eredu bat ikusteko nondik bideratu nahi dudan, baina haiek dira hortaz arduratzen direnak. Taldea oso garrantzitsua da Libe proiekturako, beraiek gabe disko hau ez zen horrela izango. Eta, orokorrean, Izaki Gardenaken dinamika oso antzekoa dela esango nuke.

"Lan asko egin dugu, eta uste dut nabari dela diskoak duen intentsitatea zuzenekoetan"

Disko honetan Jon Basagurenek sortu ditu letrak, ezta? Nolakoa da letra eta melodia elkartzeko prozesu hori?     

Bai, ni ere saiatu naiz idazten, lehenengo diskoan egin bezala, baina asko kostatzen zait, eta are gehiago euskaraz. Bera oso ona da, asko gustatzen zait nola idazten duen, eta erabaki genuen berak egitea. Ni beti pianoa edo gitarrarekin hasten naiz etxean, eta bat-bateko gauzak grabatzen ditut. Melodia ahotsarekin egiten dut, guatxuguei esaten zaiona, eta, forma hartzen duenean, hizkuntza horri hitzak jartzen dizkiogu. Normalean bien arteko lana da. Asko hitz egiten dugu horren inguruan, eta aurretik ideiaren bat bururatzen bazait koaderno batean apuntatzen dut: hauxe sentitu dut abesti honetan, sentsazioren bat, ideiaren bat, animalia bat, irudi bat askotan... Eta gero berak tetris modukoa egiten du, oso lan zaila dena, nik ere eroso sentitu behar dudalako letra horrekin, baina oso ona da horretan ere, eta azkenean modua topatzen dugu.

Diseinuari eta eszenografiari ere arreta berezia jartzen diozu. Zuriz jantzita, oraingoan...    

Apurketa bat nahi nuen. Diskoaren diseinua oso argia da; paisaia bat eta ni neu zuriz jantzita. Musika ilunagoa izan arren, diseinua kontrakoa nahi nuen, argi izpiak ere badaudelako; momentu batzuk oso argiak dira, baina ilunak direnak oso ilunak dira. Kontraste hori bilatzen nuen. Bestalde, eszenatokian ke asko izatea gustatzen zait, argiak kontran siluetak marrazteko, beste giro bat sortzeko. Zuzenekoak bidai baten moduan ulertzen ditut, ez da abesti sorta soil bat, inguratzen zaituzten soinuak daude, intentsitate desberdinak, eta argiekin hori uste dut hobeto ulertu eta sentitzen dela. Diseinua, bestalde, betidanik gustatu izan zait, joan den urtean ikastaro bat egin nuen, eta aprobetxatzen ari naiz gauza desberdinak egiteko; aurreko diskoetan portada argazkia nirea da, buruan banekien zer egin nahi nuen, baina ez nekien nola, eta gaur egun moldatzen naiz.

'Ihesaldi handia' eta 'Ilargia erori da' lanen ostean heldu da 'Azal Ezten' diskoa. Argazkia: JOSETXO PEREZ

Erronka handia izango da aipatzen duzun atmosfera hori Azkena Rock jaialdira eramatea, ezta?    

Zaila da, bai. Egunez izango da, leku handi batean. Eta gu areto txikiagoak nahiago izaten ditugu, baina gure artilleria eramango dugu, gure efektuak, eta beti egiten duguna egingo dugu. 45 minutuko saioa izango da, disko berriarekin eta aurrekoetako bertsioren batekin ere. Gainera, Jon Bellido laguna ere etorriko da teklatuak jotzera, eta ni askeago ibiliko naiz, eta Jon ere baxuan bakarrik ariko da. Gure musika klubekoa da erabat, gauekoa, giro atmosferikoa eta intimoa, beraz rock klasikoa lantzen duen jaialdi batean eta egunez jotzea erronka oso handia da. Lehen aldia da Libe moduan, eta aukera handia guretzat.

"Gure musika klubekoa da erabat, gauekoa, eta erronka handia da Azkena Rock"

Entzule moduan baduzu oroitzapenik Azkena Rocken?     

Kontzertu berezia izan zen, adibidez, Patti Smithena, oso inspiratzailea eta hunkigarria, benetakoa. Aurten ere izango da zer deskubritu jaialdian, eta ez dut galduko, adibidez, EZEZEZ banda.

Momentuz, emakume gutxi daude taula gainean, Azkena Rocken zein beste taula gehienetan... 

Bai. Aldatzen ari da kontua apurka, baina... Gero eta emakume gehiago ikusten ditugu agertokietan, baina egia da egiten dugun musikaren arabera ere gizon gehiago daudela, oraindik oso mundu matxista delako. Nire inguruan orain ez, baina giro batzuetan ikusten da ez zaituztela berdin hartzen emakume izateagatik, "ea zer egiten duen neska honek..." entzuten da oraindik. Lehen pasada bat zen, ni neu taldeko neskalaguna nintzela uste zuten, hala esan didate teknikariek. Baina aldatzen ari da, bai. Orain emakume gehiago gaude, eta leku askotan nabaritzen da hori oso kontuan dutela, nahiz eta oraindik asko dagoen egiteko, eta baita Azkena moduko jaialdietan ere; pilak jarri behar dituzte.

Bien bitartean, Izaki Gardenak-ekin jo eta ke zabiltzate?     

Oso pozik gaude, dexente jotzen ari gara, leku ederretan, eta jende asko etortzen ari da kontzertuetara, eta hori eskertzekoa da gaur egun. Hemendik aurrera, Izakirekin badugu oraindik ematekoa. Hainbat kontzertu izango ditugu hurrengo asteetan, besteak beste, Araba Euskarazen, eta aurrerago Gasteiz eta Donostiako jaietan... Eta Libe moduan ere beste kontzerturen bat izango da, eta badut ideiaren bat grabatuta, oraindik ere oso argi ez dudan arren zer egingo dudan. Bertsio berriren bat grabatu dezaket akustikoki, horretan aukeraren bat ikusten dut, agian... Momentu honetan piztuta nago, gogoz, eta ahal dudanean zerbait egingo dut.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago