Gasteizko Udalaren "errolda politika arrazistak" salatu dituzte

Erredakzioa 2025ko eka. 5a, 20:39

Plaza Berrian amaitu dute mobilizazioa, udalari aldaketa eskatzeko. Argazkia: ALEA

"Udalaren politika arrazistak" salatu dituzte manifestazioan, eta indarrean dituen neurriak bertan behera uzteko eskatu. Inolako baldintzarik gabe erroldatzeko eskubidea aldarrikatu dute.

Erroldarik gabe izaterik ez! plataformak deituta manifestazioa egin dute dozenaka lagunek, Gasteizko Udaletik abiatuta. Udalak hiriko bizilagunei errolda emateko indarrean dituen "legez kanpoko gehiegizko baldintzak" salatu dituzte bertan, eta ohartarazi dute ehunka pertsonari ukatu diela erroldatzeko eskubidea. "Inolako baldintzarik gabe erroldatzeko eskubidea" aldarrikatu dute mobilizazioan, eta udalari neurria bertan behera uzteko eskatu.

Legearen arabera pertsona batek bizi den lekuan egon behar du erroldatuta, nahiz eta ez izan jabearen baimenik bertan egoteko, nahiz eta bizilekuak ez izan bizigarritasun baldintza egokiak, errealitatearen erregistroa izan behar luke. Baina Gasteizko Udalak jabearen baimen zuzena edo alokairu kontratua eskatzen die herritarrei, eta, salatu dutenez, horrek hainbat oinarrizko eskubide urratzen dizkie biztanleei. Izan ere, errolda izatea beharrezkoa da hainbat zerbitzurako sarbidea izateko, osasuna edo hezkuntzara, esaterako.

Manifestazioaren ibilbidean ikusarazi nahi izan dute erroldak zer oztopo sortzen dizkien ez daukatenei, eta pankarta bana izan dute zabalduta Aldundiaren Gizarte Ongizarterako sailaren atean, Hezkuntza ordezkaritzan eta gizarte larrialdietarako Herritarrei Laguntzeko Bulegoan.

Kaltetutako bizilagunen kasuak

"Alde Zaharreko bizilagun batek ezin izan zuen abortatu, Gasteizko Udalak erroldatzea ukatu ziolako". Udalak eskubiderik uzten gaitu. Errolda eta eskubideak denontzat lelopean egin dute mobilizazioa, eta bertan azaldu dituzte Gasteizko hainbat bizilagunek bizitako egoerak. "Gure Errotako bizilagun bat, gaixotasun diagnostikatu batekin, behar zuen tratamendu medikoa jasotzeko aukerarik gabe dago Udaletxearen erruz".

Egoera zaurgarrienean daudenak pairatzen dute gehien neurri hau, plataformatik azaldu dutenez. "Askorentzat errolda existentzia kontua da". Errolda gabe ezin baitituzte justifikatu Gasteizen bizi izandako urteak, eta bestelako oztopo batzuk sortzen dizkie erroldarik ez izateak. Udalaren "politika arrazistak" salatu dituzte, eta bertan behera uzteko eskatu "erroldatzea jabeen esku uzten duen politika".

Erlazionatuak

Errolda duena bada

Jon Hidalgo ots 01 Gasteiz

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago