Salburuko gizarte etxeak hamar urte bete dituela ospatzeko erakusketa eta liburu bat prestatu dituzte gizarte etxeko arduradunek; biak auzoaren historia jaso duen txosten batean oinarritu dute. Ikerketa egiteko ardura Alberto Garcia Duarteren esku jarri dute. Zuzenbidea ikasi eta alor horretan dabilen arren, Gasteizko auzoen historia gertutik jarraitu izan du Garcia Duartek, eta lan hau egin aurretik ere, gaiaren bueltan hainbat ikastaro eman ditu Udalarentzat. "Salburuaren historia ez da oso luzea, 20-25 bat urte izango dituelako", azaldu du. Gogora ekarri du 2003ko plan orokorrarekin martxan jarri zela auzoa, baina aurretik bazeudela ere Fernando Buesa Arena, hezeguneak edota aerodromo zaharra, eta elementu horiek, noski, auzoaren beraren parte garrantzitsu direla.
Dioenez, landutako txostenean auzoaren nortasuna aldarrikatu nahi izan du. "Salburua eta Zabalgana makroauzoak dira, baina, halere, urteak pasata, nortasun propio bat eraiki dute. Eta hori, nolabait, auzokideek lortu dute", aldarrikatu du. Auzo horien garapenean, gainera, testuinguru historikoak ere zeresana eman duela erantsi du. "2008ko krisiak gogor jo zuen auzo berrietan, une horretan eraikitzen ari zirelako, eta obra asko eten behar izan zirelako; zerbitzu asko ez ziren iritsi heldu behar ziren momentuan. Bai ala bai, beharragatik, auzokideak auzo elkarteetan batu ziren haien aldarrikapenak bideratzeko, bai udalaren zein Jaurlaritzaren aurrean". Beste horrenbeste gertatu da ikastetxeen kasuan. "Salburuan asko kostatu da auzoan behar diren ikastetxeak irekitzea. Hori ere goraipatu nahi izan dugu".
Auzoaren nortasuna aldarrikatu nahi izan dute egindako txostenean
Ikastetxe horietara eramango dute, hain justu, proiektu honen hanketako bat: gazteenei begira, auzoaren historia azaltzen duen liburua. Horren ardura Anne Aginakoren esku egon da: Garcia Duarteren txostenetik abiatuta, hizkuntza errazago batean, kontakizuna osatu du, irudiez hornituta. "Gizarte etxetik oso argi zeukaten zein izan behar zen protagonista, Salburuak baduelako maskota moduko bat, bere garaian herri bozketa baten bitartez bozkatu zutena: Hankaluze". Hegazkinlari betaurrekoak eta txanoa dituen zikoina da Hankaluze.
Ipuina "nahiko sinplea" dela azaldu du ilustratzaileak. "Auzoaren puntu ezberdinetan zentratzen da: hezegunea, kale nagusiak, ikastetxeak edo auzoaren beraren hedapena, esate baterako. Kontatu dugu duela zenbait urte nolakoa zen, eta nola aldatu izan den gaur egungo auzoarekin alderatuz".
Umeen ekarpena
Ipuina osatzeko prozesuaren barruan, gizarte etxean auzoko umeekin tailer bat egin dute. "Horrela, umeek hainbat marrazki egin dituzte. Gainera, marrazki horietako hainbat elementu ipuinaren barruko ilustrazioetan txertatu ditut, eta ipuinaren amaieran ere, beraiek egindako marrazkiak daude", azaldu du Aginakok. Teknika mistoaz baliatu da ilustratzailea liburua osatzeko. "Umeek analogikoan marraztu dituzte irudi horiek, eta nik, digitalean egindako nire marrazkietan txertatu ditut".
Ipuinaren zein txostenaren laginak ikus daitezke egin duten erakusketan, azken hamar urte hauetan egindako lanaren erakusgarri.
Auzoz auzo sakabanatuta dauden espazio horien garrantzia aldarrikatu nahi izan du Garcia Duartek. "Gasteiztar guztiok aldarrikatzen dugu auzo guztietan gizarte etxe bat egotea, eta egia da Salburuan asko kostatu izan zela lortzea. Orain garrantzi handia du auzoan, eta oso kokapen egokia du, parkearen ondoan. Hala, auzo giroa sortzen da inguru horretan", nabarmendu du Duartek.
"Gizarte etxeek egiten duten lana askotan ez da oso ikusgarria, baina garrantzi handia dute", esan du Garcia Duartek. Argudioan sakondu du. "Gure bizitzan zehar, orokorrean, gure estatus sozioekonomiko bera duten pertsonekin bizi gara, baina gizarte etxeetan, ikastaro batean izena ematean, adibidez, ez dakizu nor tokatuko zaizun alboan; transbertsalitate sozial hori oso eskertzekoa dela uste dut", goraipatu du.