ARGAZKI GALERIA

Kordako kideekin biltzea onartu du 21 Zabalgunea elkarteak

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 30a

Kordako kideek protesta egin dute 21 Zabalgunea Udal Hirigintza elkartearen Alde Zaharreko bulegoen aurrean, ekainaren 4ko desalojo agindua salatzeko. 21 Zabalguneko gerenteak astelehenean haiekin bilduko dela esan du.

Ekainaren 4an, datorren asteazkenean, dago deituta Gasteizko Alde Zaharreko Korda espazioaren desalojoa. Udaleko Hirigintza sailetik haiekin biltzeko eskaera ukatu ondoren, Kordako kide batzuk 21 Zabalgunearen Alde Zaharreko bulegoetara joan dira protestan, desalojo arriskua salatuz eta bilera eske.

Gaur hartu ez baditu ere, lortu dute Ignacio Cepeda 21 Zabalguneko gerentearekin hitz egitea. Astelehenean Kordako kideekin biltzea onartu du. Kordatik udalaren "jarrera espekulatiboa" salatu dute, eta espazioa defendatuko dutela iragarri. Auzokide eta ingurukoei dei egin diete "desalojoa gelditzeko indarrak batzera".

Astelehenean, ekainak 2, Zaharraz Harroko jaien banderola tailerra antolatu dute Kordan, Pintore kaleko 51. zenbakia, 18:00etan. Asteazkenean, desalojoa deitutako egunean, goizeko 8:00etatik hurbiltzeko dei egin dute Korda defendatzera, eta gosaria hitzeman dute bertaratzen direnentzako. Antolakuntza politikorako beharrezkoak dituzten espazioak okupatzen jarraituko dutela esan dute Kordako kideek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago