Ekainaren 4an dago deituta Korda espazioaren desalojoa

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 29a

Alde Zaharreko norbanako eta eragile ugarik babestu dute Korda. Argazkia: KORDA

21 Zabalgunea udal hirigintza enpresak bere jabetzako lokaletik kanporatu nahi ditu Alde Zaharreko hiru eragile. Kordaren defentsan parte hartzera deitu dute eragileek.

Gasteizko Alde Zaharreko Korda espazioa desalojatzeko erabakia hartu du 21 Zabalgunea udal hirigintza enpresak, eta desalojoaren data iragarri dute jada, ekainaren 4a. Hiru urte daramatzate Pintore kaleko lokala erabiltzen Auzoan Bizi, Herrizoma eta Zaharraz Harro eragileek, "hutsik eta egoera txarrean zegoen espazioa berritu eta auzoko kolektiboen eskura" jarrita.

21 Zabalguneak bere jabetzako hainbat lokal okupatu berreskuratzeari ekin dio azken hilabeteetan. Kordako kideek salatu dute udaleko Hirigintza sailburuak uko egin diola haiekin biltzeari, eta entzungor egin diela auzokideen beharrei. 21 Zabalguneak 370 jabetza ditu Alde Zaharrean, izan etxebizitzak, lokalak edo eraikinak, eta Kordatik leporatu diote horien herena baino gehiago, "130 gutxienez" hutsik izatea.

Alde Zaharraren etorkizuna zehazteko PERI berria ebazten ari dira hilabeteotan Gasteizko Udalean, Erdi Aroko Hirigunearen Birgaitze Integraturako Plan Berezia. Testuinguru horretan kokatu dute Kordaren desalojoa. Pauso bat gehiago, kideen ustez, auzoa "merkatu eta erakusleiho bilakatzeko".

“Interes merkantilistekin datozenei esaten diegu Korda defendatuko dugun moduan defendatuko dugula auzoa ere funts putre eta espekulatzaileengandik. Auzokideen gainetik negozioei mesede egiten dietenei esaten diegu auzoan antolatzen jarraituko dugula, VT bakoitza exebizitza bilaka dadin, auzokide bakoitzak erroldatzeko eskubidea izan dezan, kide bakoitzaren elikadura eskubidea bermatua izan arte”.

Herri egiturak auzoan

Etxebizitza, elikadura edo aisialdi beharrei kolektiboki erantzuteko egiten dute lan Auzoan Bizi, Herrizoma eta Zaharraz Harro eragileek, eta Korda zuten elkargune, "herri egiturak garatzeko eta indartzeko gunea". Azaldu dutenez, urteotan dozenaka kolektibok erabili dute espazioa, eta bertan egin dituzte tailerrak, asanbladak, formakuntzak, bazkariak, poesia emanaldiak, haurrentzako jolasak eta beste hainbat ekimen, "inolako erabilerarik ez zuen espazioa auzoarena eginez".

Auzoan Bizik urteak daramatza etxebizitzarekin loturiko arazoak lantzen, izan etxegabetzeei aurre eginez zuzenean, aholkularitza lanetan edo instituzioei presio egiten alokairu sozialak lortzeko, besteak beste. Udalak erroldatzeko jarritako oztopoen aurrean Autodefentsa Juridikorako Gida aurkeztu zuten, eta hainbat pertsonak lortu dute errolda bide honi esker.

Herrizoman, elikadura arlokoa izanik, jendearen elikadura kolektiboki antolatzen saiatzen dira. Ekoizpen propioak egiten dituzte, baratzeko produktuak, eztia eta bestelakoak, kideen artean banatzen dituztenak. Bestalde, supermerkatuetan bilketak ere egiten dituzte, eta saskiak banatu behar gehien duten kideen artean. Elikadurari lotutako bestelako ekimenak ere jarri dituzte martxan.

Zaharraz Harrok Gasteizko Alde Zaharreko jai herrikoiak antolatzen ditu. Auzoko eragile, komertzio eta ostalariekin elkarlanean egitarau oparoa osatzen dute urtero, bazkari herrikoiez, jolasez eta kulturaz betea. Auzokideek beraiek antolatutako ekintzak izaten dira jaien muina, "auzo harrotasunez beteriko jai autogestionatu parte hartzaileak".

Errolda denontzat

Kordaren desalojoa deituta dagoen egunaren biharamunean, ekainaren 5ean, mobilizazioa deitu du Erroldarik gabe izaterik ez! plataformak, "udalak hartutako erabaki baztertzaileak" salatzeko. Ehunka pertsonen erroldatzea oztopatzen aritzea leporatu diote, eta ohartarazi, ondorioz, oinarrizko eskubideak eskuratzea eragozten diela, izan babes soziala, osasun zerbitzuak edo lan eskubideak.

Udalak eskubiderik gabe uzten gaitu. Errolda eta eskubideak guztiontzat! lelopean egingo dute mobilizazioa. Berez, Estatuko legediaren arabera pertsona guztiek egon behar dute erroldatuta bizi diren udalerrian, eta bizi diren lekuan egin behar zaie errolda, kontuan hartu gabe etxebizitzaren egoera, ez eta titulartasunaren inguruko zalantza juridikoak ere.

Udalak, baina, etxearen jabea izatea edo alokairu kontratua izatea jartzen du ezinbesteko baldintza bezala erroldatu ahal izateko. Ondorioz, salatu dute errolda merkantzia bihurtzea ekarri dutela neurriok, jabe batzuek egoera hau baliatzen dutelako erroldak saltzeko. Gainera, hainbatek salatu dutenez, erroldarekin negozioa egiten duten mafiak sortu dira Gasteizen. Ohartarazi dute egoera zaurgarrienean dauden pertsonak direla "bidegabekeria hau zuzenean jasaten dutenak".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago