Emisio Gutxiko Eremuaren aurka antolatzeko deia egin dute

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 21a

Irailean sartuko da indarrean neurria Gasteizko erdigunean. Argazkia: ALEA

Gasteizko Gaztetxetik salatu dute EGEa klasista dela. Turismo eta kontsumoari ateak irekitzea leporatu diote, auzokideen kaltetan.

Emisio Gutxiko Eremuaren aurkako erantzuna antolatzeko asanblada irekia deitu dute Gasteizko Gaztetxean. Ez da ekologismoa, klasismoa da! lelopean bilduko dira maiatzaren 29an, 18:30ean, Alde Zaharrean eta inguruetan ezarriko den neurriaren inplikazioez hitz egiteko.

EGEari leporatu diote auzotar txiroenak kanporatzea, kontrol soziala areagotu eta jardun politikoa oztopatzea, eta neurria gelditzeko eskatu dute. "Ekologismoz eta bizikidetzaz mozorrotzen duten arren, argi dugu neurri klasista dela. Gentrifikazio prozesu betean, auzoan bizi eta antolatzeko trabak jartzen ari dira, turismoari eta kontsumoari ateak irekitzeko".

Irailaren 15etik aurrera sartuko da indarrean Emisio Gutxiko Eremua, lehen fasean Gasteizko Alde Zaharra eta Zabalgunearen zati bat hartuko dituena. Zonalde guzti horretara ezingo dira sartu A ingurumen etiketa dutenak, 2006. urte aurreko diesel autoak eta 2000. urte aurreko gasolinazkoak; etiketa fisikorik ez dutenak, hain zuzen ere. B, C, Eco eta Zero etiketak dituztenak sartu ahal izango dira, baina 2030etik aurrera B etiketadunei ere muga ezartzea aurreikusten da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago