Maider Etxebarria alkateak gaur iragarri du 2025eko irailaren 15ean sartuko dela indarrean ibilgailuentzako Emisio Gutxiko Eremua. Alde Zaharra eta Zabalgunearen zati bat hartuko ditu eremuak lehen fasean, eta pixkanaka joango dira ezartzen. Alde Zaharra gurutzatzen duen trafikoa kentzeko asmoz 36 kamera instalatuko dituzte, matrikulak irakurtzeko gai direnak. Abenduaren erdialdetik aurrera "araudia urratuz EGEra sartzen" direnek 200 euroko isuna ordaindu beharko dute.
Alde Zahar osoaz gain erdiguneko zenbait kale ere hartuko ditu eremuak, San Antonio, Prado, Olagibel eta Errege Atea. Erdiguneko oinezko kaleei ere eragingo die, Dato, Foru kalea, Alaba Jeneralaren kalea eta Posta kaleari. Zonalde guzti horretara ezingo dira sartu A ingurumen etiketa dutenak, 2006. urte aurreko diesel autoak eta 2000. urte aurreko gasolinazkoak; etiketarik ez dutenak, hain zuzen ere. B, C, Eco eta Zero etiketak dituztenak sartu ahal izango dira, baina ez dute etiketa erakutsi beharko, automatikoki egiaztatuko baitute kamerek haien kategoria.
Salbuespenak
Abenduaren 15a arte ez diete isunik jarriko araua hausten duten gidariei, iragarri dutenez. Gainera, hainbat salbuespen aurkeztu dituzte, Emisio Gutxiko Eremura (EGE) sartu ahal izateko. Ez dute arazorik izango aparkaleku plazen jabeek eta errentariek, mugikortasuna arazoak frogatzen dituzten pertsona gaixoek edo mugikortasun urria dutenek, mugikortasun urria egiaztatua duten pertsonek, auto historikoek, ibilgailu bereziek, erretiroa hartzetik gertu dauden profesionalek, autoa tailerrean konpontzera daramatenek, larrialdiengatik sartzen direnek, ezta "interes orokorreko arrazoiengatik" egiten dutenek ere.
Diru sarrera gutxien dutenak ere babestuak egongo dira araudian. Urtean 14.400 euro gordin baino gutxiago jasotzen dituztenak EGEan sartu ahal izango dira, behar bezala egiaztatzen badute haien egoera. Salbuespenak eskatzeko hiru hilabeteko epea zabaldu du Gasteizko Udalak, ekainetik abuztura, bertan izena eman eta salbuetsita egoteko baldintzak egiaztatzeko. Udalak ofizioz inskribatuko ditu pertsonak salbuespen zerrendan, beharrezko informazioa izanez gero, baina bestela pertsonak berak egin beharko du eskaria, eta beharrezko dokumentazioa aurkeztu.
2027tik aurrera zabalduz
Pixkanaka zabaltzen joango da Emisio Gutxiko Eremua, 2027tik aurrera. Orduan hartuko du EGEak Domingo Beltran, Koroatzea eta Ramiro Maeztu kaleek mugatzen duten perimetroa. Gerora, 2030etik aurrera, B etiketadun autoek ere ezingo dute sartu.
EGEa kontrolatzeko kameretako asko ezarrita daude jadanik, eta datozen egunetan gehiago jartzen joateko asmoa azaldu du udalak. Kamera hauek autoen matrikula eta modeloa antzemango dituzte, eta neurtuko dute zenbat denbora igarotzen duen bakoitzak zehaztutako eremuan. Baita zenbat aldiz sartzen diren egunean, astean edo urtean.
Martxoaren 21ean emango dio azken argi berdea Gasteizko Udalak Emisio Gutxiko Eremuari. Europatik behartuta dator neurria, 50.000 biztanletik gorako hiri guztiek ezarri beharko dute EGE motaren bat, airearen kalitatea hobetzeko.