Gasteizko Udalak berriz zigortu du PPko Antepararen enpresa legez kanpoko obrengatik

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 19a

PPko kargu garrantzitsuetakoa da Antepara Araban. Argazkia: PP

Hirigintza Sailak zigorra jarri dio 2025eko urtarrilean Luxury Rental Apartments enpresari, azken hiru urteetako laugarrena, "obra klandestinoak" egitea egotzita. Pintore kaleko eraikin batean baimenik gabe alokairuan eskaintzen dituzte etxebizitza turistikoak.

Argia hedabideak argitaratu duenez, Gasteizko Udalak zigor berria jarri dio Luxury Rental Apartments enpresari, Pintore kaleko etxebizitza batean legez kanpoko obrak egiteagatik. Enpresaren %50a Gustavo Antepara PPko zinegotziarena da, eta bere bikotekide Pilar Perosanz da administratzailea, Arabatur elkarteko presidentea dena.

2025eko urtarrilaren 16an jarri zion zigorra Luxury enpresari obrak "klandestinoak" izan zirela egotzita, eta lanak desegin eta eraikina lehengoratzeko agindu zion. Lau etxebizitzako eraikina da Pintore kalekoa, eta laurak enpresa berarenak badira ere, bigarren pisuko etxearen obrak izan dira zigorraren jatorria. Argiaren ikerketaren arabera, uste dute zigorrari helegitea jarri diola Luxury enpresak. Bestela ere, bizilagunek Argiari ziurtatu diote obrak ez dituztela desegin.

2022ko azarotik laugarren aldia da Luxury enpresaren aurkako zigorra jartzen duena udalak, denak eraberritze lan integralak baimen gabe egiteagatik. Gainera, horietako bat aipatutako etxebizitzan lanak egiteagatik jaso zuen. 

Baimenik gabeko alokairu turistikoak

Argiako ikerketan frogatu dute baimenik gabe alokatu izan dituela Luxuryk Pintore kaleko etxebizitzak. 2021eko ekainetik aurrera, "behintzat" eskaini ditu etxebizitza turistiko gisa, eta orduan eraikineko lau etxebizitzetatik batek ere ez zuen horretarako baimenik.

2023ko irailean bi etxebizitza erregistratu zituen Euskadiko Turismo Establezimenduen Erregistroan, eta horiek badute baimena orain. Oraingoz soilik, irregulartasunak egon baitira baimen emate prozesuan, eta Turismo saileko iturri baten arabera atzera botako dizkiote bi lizentziak, Argiako ikerketan diotenez.

Bi etxebizitza horietan baimena badu ere, laurak daude eskuragai etxebizitza turistiko gisa. Bizilagunek Argiari ziurtatu diote baimenik ez duten etxebizitzetan ere, bigarren eta hirugarren pisukoetan, jendea ikusi dutela. Gainera, atarian ez omen dago ikusgai legez egon beharko lukeen plaka, erabilera turistikoa iragartzen.

Gasteizko Udalaren gardentasun falta

Argiako kazetariak, gainera, salatu du Gasteizko Hirigintza sailak ez duela gardentasunez jokatu, eta ez diola beharrezko informazioa helarazi. "Argiak hamaika aldiz eskatu dio Gasteizko Hirigintza saileko eraikuntza zerbitzuari, urte batez, bi espedienteren inguruko informazioa". Azaldu dutenez, sailetik ziurtatu badiete ere informazioa helaraziko ziotela, "inoiz ez dute egin, eta hainbat hitzordu eta eskaera ofizial utzi ditu sailak erantzun gabe".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago