ARGIA hedabideak esklusiban argitara atera duenez, Gasteizko PPko zinegotzi ohi (2016-2019), Luxury Rental Apartments S.L. enpresako presidente, 21 Zabalgunea sozietate publikoko administrazio kontseiluko kide eta maiatzeko udal zein foru hauteskundeetako hautagai Gustavo Anteparari behintzat hiru espediente ireki dizkio Gasteizko Udalak, obra "klandestinoak" egitea egotzita.
Legez kanpoko obrak egiten ari zirela iritzita, Pintore kaleko bizilagun talde baten salaketak abiatu zuen prozesua 2022ko azaroan. Udaltzaingoaren patruila bat eta udal arkitekto bat hurbildu ziren inspekzioa egitera, eta lizentziarik gabe etxebizitzaren eraberritze integrala egiten ari zirela baieztatu ahal izan zuten. Besteak beste, barneko patiora ematen zuen fatxadaren horma eraitsi zuten. Eraikin osoaren jabetza Antepara buru duen Luxury Rental Apartments enpresarena da.
Legez kanpoko etxebizitza turistikoak
Horrez gain, atari bereko bigarren pisuan ere aurretik antzeko lanak egin zirela egiaztatu ahal izan zuen arkitektoak, baita, 2022ko urriaren 13an, Hedegile kaleko beste etxebizitza batean ere. Hiru espedienteen eta 2006ko Lurzoru eta Hirigintza legearen arabera, obrak "klandestinoak" zirela ondorioztatu zuen Udalak, eta horiek geldiaraztea exijitu zion Anteparari.
Ondoren, Luxuryk obrak legeztatzeko izapideak egin zituen, baina lanen izaera ezkutatuz; adibidez, fatxadan egindako esku-hartzearen berri eman gabe (beheko irudian egiazta daiteke obraren benetako tamaina). Udalak lizentzia urbanistikoa eta arkitekto batek sinatutako proiektua aurkezteko eskatu zion Luxuryri. Enpresak aurtengo otsailaren 7an aurkeztu zuen proiektua, Pintore kaleko hirugarren pisuaren kasuan; ez, ordea, bigarren pisuko zein Hedegile kaleko obren kasuan.
Luxury Apartments enpresaren webgunean, Pintore kaleko etxebizitzak denboraldiko pisu turistiko bezala alokatzen ari dira. Horrez gain, Hedegile kaleko etxebizitza ere zerrendan agertzen da, baina estekarik gabe, beraz, ondoriozta daiteke etorkizunean izango dela erabilgarri. Hiru horietako bat ere ez dago Jaurlaritzaren erregistroan izena emanda, eta hori ezinbesteko baldintza da etxebizitza turistiko bat legezkoa izateko; gainera, atarian ez dago jarrita derrigorrezkoa den VT plaka.
Pintore kaleko eraikinaren barneko fatxada:
ezkerrean, 2022ko maiatza; eskuinean, 2022ko azaroa.
Argazkia: ARGIA (auzokideek utziak)
Etxebizitza turistikoen lobby-a
ARGIA hedabidearen esklusibak gogora ekarri duenez (eta aurretik ere Nor dago Gasteizko etxebizitza turistikoen lobbyaren atzean? izenburupeko ikerketak agerian utzi zuenez), Gustavo Antepara Gasteizko hirigintza arloko erabaki nagusiak hartzen dituen pertsonetako bat da, PPren ordezkari gisa 21 Zabalguneko sozietate publikoko administrazio kontseiluko kide baita.
Erabakigune horretan eta, besteak beste, Arabatur elkartearen bitartez, PPko politikari eta enpresaria Alde Zaharreko etxebizitza turistikoen bultzatzaile nagusia da Pilar Perosanz Arabaturreko presidente eta Luxury enpresako administratzailearekin batera. Bitartean, gaur egun Gasteizek ez du etxebizitza turistikoen araudirik onartuta.
ARGIAren ikerketa
Zigor Olabarria Oleaga kazetariaren ikerketa sakonaren ostean argitaratutako erreportaje nagusiaz gain, ARGIA hedabideak beste bi artikulu osagarri plazaratu ditu asteazken honetan. Informazio eta xehetasun guztiak hemen:
- Gasteizko PPko kide Gustavo Antepara: obra "klandestinoak" legez kanpoko pisu turistikoetan (erreportaje nagusia)
- Antepara PPren Gasteizko eta Arabako maiatzeko hautes zerrendetan doa (artikulu osagarria)
- Nor da Arabaturreko presidente eta Luxuryren administratzailea? (artikulu osagarria)