2025eko Euskaraldia hasi da dagoeneko, eta, horren karira, herriz herri hainbat ekimen egiten ari dira. Gasteizen egin dute hasiera ekitaldi jendetsuena, bertako erakunde, entitate eta herritarren babesaren pean. Hala, gaur arratsaldean Gasteizko Foru plazan hainbat jarduera egin dituzte. Besteak beste, Kay Robot haurrentzako kale antzerkiaren aurre estreinaldia, Ane Gebara eta Aitor Vinagret antzezleek gidatutako ekitaldia, Euskaraldiaren abestiaren koreografia parte hartzailea eta Atrikipunk taldearen kontzertua.
Antolatzaileek iragarri dutenez, "hizkuntzaren erabileran pertsonaz pertsona elkar eragitea" izango da aurtengo helburua, eta "elkarrekin bidea egitea" euskararen erabileran aurrerapausoak emateko. Aurreko edizioetan bezala, ariketaren ardatza ahobizi eta belarriprest rolak izango dira, baina xaxatzaile gisa ere ariko dira gaztetxoek.

