Euskaraldia

Auzoek indarrak batu dituzte

Anakoz Amenabar 2025ko mai. 16a, 07:00

Goikolarra auzoko Janire Saenz de Buruaga eta Adurtzako Goizane Pinedo. Argazkia: A. AMENABAR / ALEA

Elkar elikatuz, Gasteizko Adurtza eta Goikolarra auzoek bat egin dute, eta elkarlanean arituko dira euskaraldian, aurrera begira ere euskararen aldeko talde iraunkorra osatzeko asmoarekin.

Bata bestearen aldamenean egon arren, ezaugarri desberdinak dituzte Adurtza eta Goikolarra auzoek. Ibilbide eta esperientzia luzekoa bata, eraikitze bidean eta gazteagoa bestea, elkar elikatu eta indarrak batzea erabaki dute euskarari bultzada berri bat emateko asmoz. Hala, Olarizu-Goikolarra euskara taldea osatu dute urte hasieran –Adurtza, San Kristobal, Olarizu eta Goikolarra barne hartzen ditu batzordeak–, Euskaraldiarekin abiatu, eta aurrerantzean ere lanean batera aritzeko.

Bakoitzak bere neurrian, baina bi auzoetan eragiteko beharra dutela azaldu diote ALEAri Adurtzako Goizane Pinedok eta Goikolarrako Janire Saenz de Buruagak. Adurtzan mugimendu ugari dago, hainbat dinamika dira martxan, baina zailtasuna dute urte osoan zehar euskarari lotutako ekintzak antolatzeko, Pinedok azaldu duenez, besteak beste, arlo desberdinetan parte hartzen duten lagunak berberak izan ohi direlako. Gauza jakinetarako bai, baina egonkor lantzeko indarra falta zaie. Goikolarra, aldiz, hasiberria da, eta oraindik ikusteke dago auzokideek eskainiko dutena. Saltoki eta tabernarik ez dago auzoan, eta ez dute non bildu. "Ikusten dugu lanketa pixka bat sakonagoa egiteko beharra dagoela. Auzo elkartetik euskara talde bat sortu nahi zuten, baina energia gutxi dago, eta ez dago gizarte antolakuntza eta ohiturarik", aipatu du Saenz de Buruagak. Euskaraldia, baina, aitzakia aproposa izan da bi auzoak elkartu eta bakoitzari behar duen hauspoa emateko.

Adurtzan euskararen inguruko egitasmo zehatzetarako batu izan dira orain arte, Korrika kasu, sarea egiten joan dira, baina talde egonkor bat dute faltan, eta aukera egokia ikusi dute Goikolarrarekin batera elkarlanean aritzeko. Euskara batzordea osatzeko batu ziren urte hasieran, eta handik atera zen taldearen izena eta elkarri lotuta bizi diren auzoen irudia ere, bi borobil gurutzatuta. Batasuna erakutsi arren, ordea, auzo oso ezberdinak direla azaldu dute, eta horietan antolatutako ekintzetan ere nabari da aldea; adin tarte desberdinei erantzuten diete Adurtzako ekitaldiek, eta gehienbat familiei begirakoak dira Goikolarran antolatutakoak.

"Auzoko euskara taldea egonkortzea gustatuko litzaiguke"

Goizane Pinedo, Adurtza

Euskaraldia taldeari hasiera emateko aukera ona izan daitekela uste dute. Zirrara bereziarekin gogoratzen dute biek lehendabiziko Euskaraldia. AEKn irakasle zebilen orduan Pinedo, eta ikasleekin batera ilusioz bizi izan zuen. Gainera, hitzaldi batzuk antolatu zituzten Agurainen, eta han egin zuten 75 ordu euskaraz ekimena ezagutzeko aukera izan zuten. "Esperientzia trukeak sekulako motibazioa ekarri zidan. Ikasleak ere urduri zeuden ahobizi edo belarriprest izateak ekarriko zuenarekin, eta ilusioz gogoratzen dut", aipatu du. Hasieran zalantzati zegoen arren, txapak nolako funtzioa beteko ote zuen, "sekulako sopresa" izan zela gogoratu du Saenz de Buruagak ere: "Ni euskaldun berria naiz, eta aukera polita izan zen niretzat oraindik euskaldundu gabeko harreman batzuetan sorpresa jasotzeko, ausardia puntu batekin, lehen hitza euskaraz egiteko. Hunkigarria izan zen, eta bultzada eman zidan". Aukera berriak zabaltzeko ekimen oso interesgarria dela uste dute, eta horretan izango dira hurrengo egunetan buru-belarri.

Urte hasieran osatu zuten Olarizu-Goikolarra euskara taldea. Argazkia: OLARIZU-GOIKOLARRA

Oraingoan, halere, makalago ikusten dute giroa kalean, eta aurretik lanketa sakonago bat bota dute faltan. Aurreko Euskaraldietan komertzioekin egindako lana oso garrantzitsua izan zela aipatu du Pinedok, euskara aktibatzeko egiten den ariketa soziala behar bezala azaldu eta bezeroek dendak identifi katu ahal izateko. Orain, berriz, parte hartuko dutenek saltoki eta tabernetan zer topatuko duten zalantza da nagusi. "Auzo batzordeetatik lortu dezakegu kalea koloreztatzea, kontzientziatzea, baina oso garrantzitsua zen komertzioekin eta enpresekin harremana lantzea, eta horretarako batzordeek ez dugu nahikoa indarrik". Instituzioek lan horretan askoz ere gehiago inbertitu beharko luketela uste du. "Gasteiz bezalako hiri batean, argi dago talde bat behar dela lan hori egiten". Auzoak mobilizatzea sekulako lana dela esan du Saenz de Buruagak, denbora asko behar dela, eta auzo batzuetan ez daudela hori egiteko moduan. "Euskaraldi honetan nolabait gure esku utzi dute, eta beharbada ez gaude horren heldu, bakarrik egiteko".

"Lehen hitza euskaraz egiteko aukera polita izan da Euskaraldia"

Janire Saenz de Buruaga

Euskaraldi honetan erronka handia dutela jakin badakite, baina gogotsu daude antolatu dituzten jarduerekin. Apirilean hasi zituzten Euskaraldirako berotze lanak, eta ezkilen jotze erakustaldia izan zuten San Kristobalen. Larunbat honetan, hilaren 17an hainbat kolektibok antolatzen duten Udaberri jaira batuko da euskara taldea, auzoko arazoen inguruan eztabaidatzeko, mintzodromo txiki batekin, eta iganderako, maiatzaren 18rako, erromeria bat prestatu dute. Zenbaitetan egin duten moduan, jai honetan ere Olarizura paseoa egingo dute, eta ondoren Zalduondo plaza hartuko dute; Josune Garcia de Bikuña ipuin kontalariak, talogileak, dantza plazak eta DJak beteko dute festa. "Lehenengo aukera Olarizura igotzea izan zen, baina jendea animatzeko zerbait handiagoa egin nahi genuen, eta horretan gaude. Ea lortzen dugun elkarlan hori ikustea", esan du Saenz de Buruagak. Hurrengo asteari begira, hilaren 23an, egitarau betea dute Adurtza ikastolan, ikasle ohien kontzertua tartean. "Olarizu eta Goikolarra elkartzearen arrazoi bat ere bada ikastola; guraso elkarte sendoa dugu, Euskaraldiarekin ardura hartu dute, eta sekulako egitaraua prestatu dute", azaldu du Pinedok. Maiatzaren 25erako, Euskaraldia amaitzen den egunerako, Basotxo klubak ere irteera bat antolatu du.

Euskaraldia pasatakoan, auzoen egoeraz hausnarketa egiteko tartea izan daitekeela uste dute bi kideek. Besteak beste, Goikolarra auzoan zer jende dagoen ikusi, eurengana nola irits daitekeen pentsatu, eta luzera begirako estrategia bat antolatzeko. "Ea gure artean identifikatzeko balio duen Euskaraldiak, elkar ezagutu eta harreman sarea osatzen hasten garen", aipatu du Saenz de Buruagak. Adurtzari begira, euskara taldea egonkortzea gustatuko litzaieke, euskarak kaleak hartu, eta jarduera eskaintza adin tarte guztiei begira zabaltzea. "Gero eta familia gehiago daude euskararen aldeko apustua egiten dutenak; azken urteetan aurrerapausoak eman dira auzoan".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago