Bi urte daramatza Maria Nanclaresek (Gasteiz, 1998) Euskara zinegotzi bezala Gasteizko Udalean. PSEko ordezkaria belarriprest da, euskara ikasten dabil, eta senarraren familia euskaldunaren bidez geroz eta murgilduago dago mundu euskaltzalean. Aurrez barkamenak eskatuta, gazteleraz egin behar izan dugu elkarrizketa.
Zein da euskararen eta euskaldunon egoera Gasteizen?
Balorazio positiboa egiten dut, datuak geroz eta hobeagoak dira, euskaltzaletasuna gorantz doa eta geroz eta euskal hiztun gehiago daude. Bigarren hiriburua gara euskararen erabilerari dagokionez, eta Gasteiz bezalako hiri batean oso esanguratsua da hori. Aurrera egin behar dugu, hala ere, ikasten ari garenok eta euskara dakitenek normaltasunez erabili dezaten, beste hizkuntzetan egiten den bezala.
Gehien erabiltzen den bigarren hiriburua, baina hala ere %5aren bueltan.
Bai, baina prozesuan gaude. Bizkaia eta Gipuzkoan biztanleriaren %100 euskaltzalea da. Gure probintzia ez da halakoa, eta pauso asko eman behar ditugu oraindik. Jarraitu behar dugu jendeari helarazten euskara gure hizkuntza dela, gaztelera den bezala, eta indartzen jarraitu.
"Euskara ikasten ari naiz, zuen helburura batzen, zuen taldean egon nahi dudalako"
Egoeraren jatorria ulertzeko, zerk ekarri du euskara hizkuntza gutxitua izatea?
Nik uste gure lurraldearen historia propioa dela. Frankismora jotzen badugu, edo lehenago, gure lurraldea beti izan da gehiago gaztelera hiztuna euskal hiztuna baino. Gazteleraren aldeko apustua egin izan da, Bizkaian eta Gipuzkoan ez bezala. Ikusi dugu nola baserrietan erabiltzen zen, baina baserritik hirira joan zirenek, euskara mantendu arren, gaztelera ikasi behar izan zutela.
Modu naturalean eman dela diozu? Debekatua egon da euskara mendeetan zehar.
Nik orain aldarrikatzen dut nahi dugun hizkuntzan hitz egin behar dugula. Beti aldarrikatu behar da bi hizkuntza ditugula, euskara eta gaztelera, eta modu naturalean hitz egin behar ditugula bi hizkuntzak. Orain ez dago debekurik jada, eta dei egin behar diogu jendeari praktikatu ditzala, ikasi ditzala. Munduko askatasun osoa dago horretarako.
Askatasuna aipatuta, zer arazo sortzen ditu hizkuntza gutxitua izateak?
Ba agian leku batzuetan edo pertsona batzuekin ezin duzula bizitza euskaraz garatu. Uste dut gizartean geroz eta kontzientzia gehiago dagoela bi hizkuntzak ikasteko. Zorionez eskoletan geroz eta gehiago hitz egiten da euskaraz, eta haurrak oinarri horrekin datoz. Nik gazteleraz egin nituen ikasketa guztiak, baina orain bikote euskalduna daukat, familia euskaldunekoa, eta aukera daukat hizkuntza ikasi eta garatzeko, modu naturalean, inolako oztoporik gabe.
Esango zenuke eskubide berdinak ditugula euskal eta erdal hiztunek?
Nik uste dut behintzat horretan saiatzen garela administraziotik, zuk nahi duzun hizkuntzan artatu zaitzatela. Nik euskaraz hitz egiten badut, gustatuko litzaidake administrazio publikoan euskaraz artatzea, gazteleraz artatzen den bezala.
Gasteizek euskara sustatzeko konpromisoa hartu du 2024ko Aroa planaren barruan. Zer iritzi duzu plan honi buruz?
Gainerako erakundeekin elkarlanean landu dugun plana da, gure helburuak dira. Egia da agian ez direla anbizio handiko helburuak, baina errealitate linguistikora egokitu behar dugu. Lortutakoa mantendu eta jauziak ematen segi.
"Hemen ez da ezer inposatzen ari, normalizazio prozesu naturala da hau"
Zein litzateke euskararentzako egoera utopikoa?
Mundu guztiak hitz egitea euskara eta gaztelera. Edo euskara bakarrik, baina uste dut kasu honetan administrazio bezala dugun helburua dela herritarrek euskara eta gaztelera modu naturalean hitz egitea, hizkuntza bat ikastera behartu gabe.
Jende askok euskara ez jakiteak ez ditu euskal hiztunak behartzen gazteleraz hitz egitera?
Uste dut bien arteko sinergia ematen dela. Nik behartzen dut nire burua euskara ikastera euskaraz garatu nahi dudalako, eta egongo da jendea ezin duena euskaraz hitz egin bere inguruagatik. Uste dut biok gaudela leku berean, motibatzen gaituen hizkuntzarekin konektatzeko lekuan. Norbaitek nirekin euskaraz hitz egin nahi badu ni saiatzen naiz euskaraz egiten. Norberak jakingo du zein den bere helburua, baina nik argi daukat.
Zein izan da zure harremana euskararekin?
Gurasoek erabaki zuten gaztelerazko hezkuntza ematea, haiek ez zekitelako euskaraz, eta gazteleraz hezi izan naiz, euskara ikasgaia salbu. Ez nuen batere maila onik, baina zortea izan dut senarraren familiak euskaraz egiten duela %100ean. Hizkuntzan murgiltzea izan da niretzat. Eta Euskara zinegotzi izanda, uste dut hori helarazten ari naizela, ez dakidala euskara, baina ikasten ari naizela, zuen helburura batzen ari naizela, zuen taldean egon nahi dudalako. Nire ikasketa prozesua gogorra izaten ari da, baina positiboa. Helarazi behar duguna da helburu gisa jartzen duen edonork lortu dezakeela ikastea.
Euskara ikasten ez dutenei HABEk egindako inkesta batean jendeak esaten zuen ez zuela beharrik edo interesik euskara ikasteko. Lasai bizi daiteke erdararekin bakarrik.
Ulertzen dut hori, bizi izan dudalako nik ere, baina ikasten hasten zarenean konturatzen zara garatu dezakezula zure bizitza euskaraz. Niretzako oso atsegina da bi hizkuntzetan egin ahal izatea. Uste dut gizartean askotan ez ditugula gauzak egiten ez dugulako estimulu positiborik aurkitzen. Euskaran estimulua topatzen duzunean konturatzen zara beste errealitate bat dagoela.
Orain lan kontuetarako ikasten dute askok euskara. Zein motibazio izan dezakete gerora euskara erabiltzeko?
Nik uste dut lotuta joan daitezkeela. Lanerako ikasten duzu, baina mundu gehiago duzu lanetik kanpo ere. Eta txikiak badituzu inguruan, izan daiteke modua ama edo aitekin sozializatzeko. Aipatzekoa da, baita ere, atzerritar askok ez dutela gazteleraz hitz egiten, eta eskolan euskaraz egiten dituztela harremanak Euskadi edo Arabako jendearekin, bien hizkuntza delako.
Zein da euskara jakiteak daukan balio erantsia?
Bizitzan dugun aberastasun handiena dira hizkuntzak. Eta euskara hizkuntza historiko bat da, ez dakigu nondik datorren ere, gure antzinako ondare historikoa da, eta transmititu egin behar diegu datozen belaunaldiei. Kalkulatu ezineko balioa du gure gizartearentzat. Estatuan zehar hitzen esanahiak kontatzen dituzunean, esate baterako, hitzak nola dauden sortuak... konturatzen zara zein ondare baliotsua den.
Esan izan da jendeak lotsaz egiten duela euskaraz ez denean hain ziur sentitzen. Nola bizi izan duzu?
Niri beldur asko ematen dit, uste dut hanka sartzen ari naizela une oro. Baina era berean esaten dut, prozesu hau egiten ari banaiz hanka sartu beharko dut, eta jendeak ulertuko du nire egoera. Baina oso ondo hartu izan naute. Eta euskaraz ari zaidan norbaiti gazteleraz erantzuten badiot inork ez nau baztertuko. Haiek euskaraz, nik gazteleraz, eta naturaltzat hartzen dute. Uste dut euskaltzaleak abegikorrak direla zentzu honetan, ulertzen dutela.
Zailtasun handia izan daiteke, euskara normalizatzeko, interes gutxien dutenek ikasi beharko luketela. Nola heldu euskara arrotz egiten zaien horiengana?
Erronka handia da denontzat. Uste dut ondo ari garela, belaunaldi berriei euskara erakusten, heldu daitezela etxera eta beren gurasoak "behartu" etxeko lanak euskaraz egitera; ulertzen ez badute ere zerbait hartzen doaz, gerora interesa sortu daiteke hortik. Nik hezkuntzan jartzen dut gakoa, hortik dator dena. Balore demokratiko batzuk mantentzeko balio dezakeen bezala, berdin balio behar du gu euskalduntzeko.
Berriak ez badira ere, nabarmentzen ari dira zenbait diskurtso esanez euskara inposatzen ari dela. Zer esango zenieke?
Beno, diktadura bat ere inposatu zitzaigun 40 urtez eta onartu behar izan genuen. Hemen ez da ezer inposatzen ari. Errealitate linguistikoa hau da, hemen badago jendea gazteleraz hitz egin nahi duena, eta jendea euskaraz egin nahi duena. Bi hizkuntzen normalizaziorantz goaz, eta pertsonek egin behar dugun prozesu naturala da, bakoitzak erabili ahal izateko nahi duen hizkuntza. Ez gaude inor segregatzen. Hizkuntza bat sustatzen ari gara, galduta zegoena, hitz egiteko eskubidea kendua zigutena. Belaunaldi askok ez zuten izan ikasteko aukerarik, eta orain ari gara aukera ematen.
Non dago muga euskararen inposaketa eta sustapenaren artean?
Lanpostu batzuetara sartzeko eskatzen dizkizute zenbait jakintza, izan Excell, Power Point... eta ez badituzu ezin zara aurkeztu. Ba honekin berdin. Badaude bizitzan beharrezkoak diren lan batzuk, administrazioa, edo medikuak adibidez, oinarrizko sektoreak. Uste dut hor euskara sustatu behar dela, eta erraztasunak eman ikasi dezaten. Sektore batzuetan gehiago kostako zaigu, karrera batzuk gazteleraz soilik ematen direlako, eta jendea datorrelako Andaluziatik, Kanarietatik edo Extremaduratik hemengo lanpostuetara. Baina hemen gelditu nahi baduzu egin beharko duzu euskalduntze prozesua. Pixkanaka, ez dugu inor behartuko berehala egitera, hor inposatzen arituko ginatekeelako, baina normalizazio prozesu naturala egin beharra dago.
Zalaparta handia sortu da lanpostu publikoetako euskara eskakizunekin. Uste duzu batzuetan gehiegizkoak direla eskaerak?
Ez naiz epai kontuetan sartuko, baina uste dut administrazioak, eta kasu honetan udalak, oso kontrolatua duela noiz eskatzen diren hizkuntza profilak, batez ere ez sartzeko epaiketetan. Zuhurrak izaten saiatzen gara, beharrezko profilak eskatzen. Eta noski, lanpostu horretara sartu nahi duenak egin beharko du transformazio hori.
Gazteleraz hitz egin behar izan dut udaletxeko atean daudenekin.
Bai, ohikoa da, eta Euskara sailetik askotan esan izan diegu, saiatu gaitezen gure etxera datozen guztiak beren hizkuntzan hartzen. Helaraziko diegu, eta ez da azken aldia ere izango, baina saiatzen gara halakoak saihesten.
Erdaldunen eskubide eta aukera berbera izan beharko genuke euskaldunok euskaraz bizitzeko?
Bai. Bi hizkuntzen normalizazio prozesua ematen saiatzen gabiltza, ez dugu behartu behar mundu guztiak euskara jakin dezala, edo mundu guztiak gazteleraz jakin dezala.
Gazteleraz jakitera behartzen gaitu Konstituzioak. Inposaketa bat da hori?
Baina hor beste termino batzuetan ari gara hizketan, ea zein herrialde eredu nahi duen bakoitzak. Nik nahiko nuke gu Estatu federal batean integratuta egotea, Espainian, duen hizkuntza aberastasun guztiarekin. Beti esaten dut gure komunitatearen aberastasuna dela euskara eta aldarrikatu egin behar dugula.
Garrantzitsuak iruditzen zaizkizu Izaskun Arrue Kulturgunea bezalako espazioak, euskara normalduagoa dutenak?
Bai, beti aldarrikatu izan dut, zinegotzi naizenetik. Orain mundu euskaltzaleago batean mugitzen ari naizela, ikusten dut beharra dagoela halako espazioak izateko. Euskararen etxea, nafarrek aldarrikatuko duten bezala Nafarroaren Etxea. Elkargunea izateko, aisialdirako, edo garagardo bat hartzera joateko. Gasteizko Udaletik halako gauzak sustatzen ditugu.
Nolakoa irudikatzen duzu euskararen egoera hemendik hogei urtera?
Uste dut euskara naturalki normaltzen joango dela, eta kalean hitz egin ahal izango dugula normaltasun osoz. Uste dut euskal gizartea nekatuta dagoela inposizioen diskurtso horietaz. Eskaintza positiboa egiten dugu, eta hortik joan behar da. Nik irudikatzen dut nire burua euskaraz hitz egiten nire seme-alabekin, baldin baditut. Eta baita beste hizkuntzetan ere, migratzaile berrien etorrerarekin haien hizkuntzak transmitituko dizkigutelako, zorte handia izango dugu.