Abiada hartzen ari dira Euskaraldirako prestakizunak

Erredakzioa 2025ko mai. 9a, 10:50

Gasteizen kasuan, ostegun arratsaldean egingo dute hasiera ekitaldia.

Maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldiaren bosgarren ediziorako azken prestaketekin jarraitzen dute Arabako herri eta auzoetan. Hiriburuaren kasuan, ostegunean bertan, arratsaldeko seietan, Foru Plazan, Kay Roboten aurrestreinaldia egingo dute, eta ordubete geroago aurtengo Euskaraldiaren hasiera ekitaldia egingo dute, Ane Gebara eta Aitor Vinagret lagun izango dituztelarik. Orduan egingo dute Euskaraldiaren koreografia, eta Atrikipunk taldearen kontzertuarekin amaiera emango diote lehen egunari.

Koreografia horretarako prestatzeko, atzo egin zuten Errekabarri eskolan horren entsegu orokorra, bai hezkuntza komunitatearentzat zein beste edonorentzat irekitako deialdi batean. Antzeko entseguetara bertaratu nahi edo ezin izan dutenentzat, bideo bat prestatu dute.

Aurreko edizioetan bezala, izena emateko aukera dago euskaraldia.eus webgunean. Gasteizen kasuan, Geu Elkarteak gogoratu du txapak jaso daitezkeela gizarte etxeetan, Montehermoso jauregian edo elkartearen egoitzan bertan. Ariketa sozialaren harira hiriburuan izango diren ekintza guztiak biltzen dituen egutegia prestatu dute ere, eta, ohi bezala, Euskararen Agendan ere informazio guztia uneoro jasota egongo da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago