Alberto Alonsok, Gogora institutuko zuzendariak, Ser irratiari emandako elkarrizketa batean, adierazi du bere ustez "anbizio gehiagoko" proiektua izan daitekeela Martxoaren 3 Memoria Gunea, eta ez soilik "memorial lokal bat, historiako momentu bateko gertakari zehatz batetara itxia".
Trantsizioan emandako gizarte eraldaketa orokorra islatzearen alde azaldu da Alonso historialaria, memoria guneak barne har ditzan "langile mugimendua, auzokideen mugimenduak, feministenak, elizan emandako belaunaldi aldaketa" eta bestelako arloak ere.
Gainera, Gogora institutuko zuzendariak ohartarazi du historiaren zati bat "ahaztu" egiten dela martxoaren 3az hitz egitean, eta ETAk 1976ko martxoan eragindako lau heriotza aipatu ditu elkarrizketan. "ETAren akzio-erreakzio estrategia" nabarmendu du, esanez bere "intentzio oso argia" zela segurtasun indarren erreakzio neurrigabea sortzea.
Martxoak 3 elkartea bilera eske
Hori izan da orain arte memoria guneari eman izan zaion ikuspegia, nahiz eta Martxoak 3 elkarteak eta Memoria Gara ekimenak garaiko testuinguruan kokatu izan duten, eta garaia kontatzeko dinamikak ere abiatu dituzten. Martxoak 3 elkartetik ez dute Alonsoren hitzen baloraziorik eman nahi izan, "ez baitago proposamen idatzirik oraindik", eta dagokion markoan hitz egin beharra azpimarratu dute.
Berez martxoaren 3a baino lehen egin behar omen zen memorialeko patronoen bilera, eta bertan elkartzekoak dira Martxoak 3 Memoriagunea Fundazioko kideak, Jaurlaritza, aldundia, udala, apezpikutza, eta baita Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteak ere. Hilabeteak daramatzate bileraren zain, elkarteko kideen arabera, eta diotenez hor landu behar dira memorialaren edukiak, "ez hedabideetan esanda".
Gogora institutuko zuzendariari eman zioten M3 elkarteko proposamena, baina oraindik ez dute erantzunik jaso. Alonsok Ser irratian adierazi du datak bilatzen ari direla, "ahalik eta azkarren" bildu ahal izateko Fundazioko patrono guztiak.
Obrak hastea lehentasun