Martxoak 3

Lore eskaintzatik harago doan m3moria

Jon Hidalgo 2025ko mar. 3a, 09:11

Grebalari bati lepoan sartutako bala dohaintzan lortu du M3 elkarteak. Argazkia: Erlantz Anda.

Zenbat gasteiztarrek dituzte oraindik etxean gordeta 1976ko greba prozesuarekin lotutako objektuak? 'M3moria Auzolana' aurkeztu du M3 elkarteak, kolektiboki eraikitzeko sarraskiaren memoria poliedrikoa. Martxoaren 3ko Memoria Zentroa osatzeko testigantza eta objektu bilketa abiatu dute.

Ez dago dena kontatua 1976ko martxoaren 3ari buruz. Iazko urtea testigantzak biltzen eman dute Martxoak 3 elkarteko kideek. 70 lekuko baino gehiagorekin hitz egin dute, grebetan modu ezberdinetan parte hartu zutenekin. Identifikatuta ez zeuden zazpi pertsona ere topatu dituzte, martxoaren 3an poliziak zauritutakoak. Memoria kolektiboa osatzen dabiltza, M3ko memoria zentroa edukiz betetzen jarraitzeko.

Elkartetik aukera zabaldu dute jendeak elkarteari dohaintzan emateko martxoaren 3arekin lotutako objektuak, M3moria Auzolana ekimenarekin. Ez dituzte soilik sarraskiarekin lotutako objektuak bildu nahi, garaiko bizi baldintzekin eta greba prozesuarekin lotutakoak nahi dituzte, orokorrean. Balak eta ke poteak bai, baina ez soilik. Laneko arropa, emakumeek egindako manifestazioetan erabilitako poltsa hutsak, etorkinek beren herrietatik ekarritako maletak... 76ko Gasteiz irudikatzeko balio dezakeen objektu oro. Asko bildu dituzte jadanik.

Julen Diaz de Argote Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteetako kidea da, eta hark azaldu dizkigu orain arte jasotako objektu deigarrienak. Tamalez asko galdu direla azaldu du, "nahiz eta elkartea saiatu den memoria bizirik mantentzen, eta Gasteizko herriak ez duen ahaztu". Diotenez, duela urte gutxira arte instituzioetatik nahiko ahaztua egon da, eta objektu askok zakarrontzian amaitu dute. Berandu heltzearen beldurrez, testigantzak eta objektuak eskaintzeko dei egin diete herritarrei.

Greba prozesua eta garaiko testuingurua azaltzeko objektuak biltzen dabil M3 elkartea. Argazkia: E. Anda

Garaian borrokan aritutako jendea adinekoa da egun, eta zaurituetako batzuk hil egin dira jadanik, Diaz de Argotek azaltzen duenez. Jesus Fernandez Naves eta Paco Lekuona aipatzen ditu, adibide gisa. Gogora institutuarekin hitzarmena sinatu zuen elkarteak, sistematikoki jasotzeko grebak bizi izan zituzten gizon-emakumeen testigantzak. "Horrela betirako geratuko da gordeta memoria hori."

Penaz kontatzen du lekuko askok kontatu dietela M3arekin lotutako gauza asko bota egin dituztela urteetan zehar, etxe aldaketetan edo. Grisen balek zulatutako panazko arropak bota zituztela esan zien batek, "ez zutelako pentsatzen balioko zutenik". Halakorik ez gertatzeko "leihatila ireki" bilakatuko dute Martxoak 3 elkartearen egoitza berria, Vicente Manterola kalean zabaldu berri dutena, M3ko monolitotik gertu. Bertan izango dira astelehenetik ostiralera, 11:30etik 14:00etara, garaiko testigantzak eta objektuak jasotzeko.  945 777 881 eta 688 677 902 telefonoak ere jarri dituzte eskuragarri horretarako.

1976, eskola politikoa

Sekulako aldaketa jasan zuen Gasteizek urte gutxian. 1950eko hamarkadan 50.000 biztanle inguru izatetik ia laukoiztu egin zen 70. hamarkada erdialderako, ia 200.000 biztanle izatera helduta. Gasteiz izan zen Estatuan portzentualki gehien hazi zen hiria, eta aldaketa asko ekarri zituen. Egun urrezko auzo deitzen direnak sortu ziren, Ariznabarra, Errekaleor, Adurtza, Zaramaga... eta milaka pertsona etorri ziren Gasteiza lanera.

Hala ere, Gasteizen ez omen zegoen langile kontzientzia handirik 76ko greben aurretik, hala diote gutxienez elkarteak jasotako testigantzetan. Hasieran aldarrikapen ekonomikoak egiten hasi ziren soilik, eta greba prozesuan zehar bilakatu ziren eskaera politiko, erregimenaren aurkakoak, amnistiaren aldekoak, kutsaduraren aurkakoak, aldarri feministak... Eskola politikoa izan zen.

"1975ean 1.921 pezeta kobratzen zituzten Areitioko langileek; 1976ko irailean, berriz, 2.627"

Hala ikusten da M3ko elkarteak jasotako zenbait objektutan ere. Langile antolatuei elizak erabiltzen uzten zieten apaiz batzuek aktak jaso zituzten, eta asanbladetan hitz egindakoen kronika horiek erakusten dute greben bilakaera, eta langileen kontzientzia politikoaren ibilbidea. Nola pizten ziren eztabaida berriak, aldarrikapen berriak...

Infiltratutako poliziak ere izaten ziren asanblada haietan, Brigada PolÌtico Socialeko sekretak, apaizen kronikek kontatzen dutenez. Hasieran tentsioa sortzen omen zuen infiltratutak zeudela jakiteak, baina azkenerako brometan hartzen zituztela, eta adarra jotzen omen zieten, "honek ez daki non lan egiten duen...". Diaz de Argotek kontatzen du Mevosa enpresa, gerora Mercedes izango zena, oso handia zela, 2.000 langile ingurukoa, baina gutxi gorabehera ezagutzen zutela elkar. Gerora enpresa barruko sektoreka antolatzen hasi ziren asanbladetan, antzemateko nor zen eskirola, edo nor polizia.

Egunerokotasunaren isla

Mevosako langileen uniforme bat ere jaso du dohaintzan elkarteak. Garrantzia berezia omen du honek, Mevosako langileak laneko jantzi urdin horiekin ateratzen baitziren manifestazioan Dato kalean zehar, CÌrculo Vitorianon biltzen zen burgesiaren "mespretxu eta beldurrezko" begirada artean.

Garaiko lan baldintzen erakusle, Areitio enpresari lotutako objektu batzuk erakusten ditu Diaz de Argotek. Kremailerak egiteagatik zen ezaguna enpresa, baina beste hainbat gauza ere egiten zituzten Prado parkearen ondoko lantegian. Bertako langile izandako emakume batek hainbat gauza eman dizkio elkarteari, kremaileren kutxa bat, argazki batzuk eta, interesgarriena agian, bere soldataren nominak.

Soldata orri horietan ikus daiteke 76ko grebek izandako eragina. "Martxoaren 3ak prezio handia izan zuen, egia da, baina hobekuntza ekonomiko handiak ekarri zituen Gasteizko langileriarentzat", Diaz de Argoteren esanetan. Areitioko langilearen nominek erakusten dute 1975. urte amaieran 1.921 pezeta jasotzen zituela egindako lanagatik, eta 76ko irailean berriz 2.627 pezeta, %36 gehiago. Areitioko langileek, gainera, beste enpresa batzuetan baino "askoz gutxiago" kobratzen zuten, langileak emakumeak zirelako, eta hori izan zen haien aldarrikapen propioa 76ko grebetan.

Sarraskiaren arrastoak

"Miraria izan zen Gasteizen bost hildako bakarrik egotea". Hala azaltzen dute elkartetik sarraskiaren tamaina. Bala zauritu ugari egon ziren, eta askok "zortea" izan zutela azaldu du Diaz de Argotek. Pertsona bati, adibidez, bihotz aldean egin zioten tiro, eta hiltzeko aukera asko izango zituen, ez balitz alkandorako poltsikoan zeraman diru-zorroagatik. Txanponez beteta zegoen, eta horrek ekidin zuen bala bihotzean sartzea.

Grisek martxoaren 3an jaurtitako bala bat ere lortu du elkarteak, dohaintzan jasoa. Anonimotasuna mantendu nahi izan duen langile batek tiro bat jaso zuen lepoan, eta bertan sartuta gelditu zitzaion bala. Paraplegiko gelditzeko zorian egon zen. Ospitalean bala atera zioten eta, oso ezohikoa den arren, medikuak bala eman zion egindako txostenarekin batera, zeloarekin paperera itsatsita. Balaz gurutzatutako diru-zorro bat eta tiroaren arrastoak dituen koadernotxo bat ere bildu dituzte. Baita poliziek botatako gomazko pilota bat ere.

Francisco Aznar Clemente izan zen martxoaren 3an eraildakoen artean gazteena, 17 urte besterik ez zituen. Familiak dohaintzan eman ditu hil zutenean gainean zeramatzan erlojua eta diru-zorroa, bere nortasun agiriekin batera. Oso garrantzitsuak dira objektu hauek senideentzat, baina elkarteari ekarpena egitea erabaki dute, jende gehiagok ikusi ditzan.

Beste hainbat objektu ere bildu ditu elkarteak, sarraskiaren egunean filmatutako irudiak; Poliziaren komunikazioak grabatuak dituen zinta, "hemen sarraski bat egon da" esanez; garaiko aldizkariak, antolakunde ezberdinen irakurketak, zauritu eta hildakoei idatzitako poemak eta beste asko.

Gauza asko daude oraindik egiteke M3aren aitortza egiteko. "Oraindik ez dakigu egia osoa" dio Diaz de Argotek, aipatuz desklasifikatu gabe jarraitzen duela garaiko artxibo ofizialak, sekretupean. Martin Villa epaitzeko saiakerei Espainiako Estatuak jarritako oztopoak ere hainbatetan salatu ditu elkarteak. Eta oraindik ere askok pairatzen jarraitzen dute egun haren eragin "fisiko zein psikologikoa".

"Batzuk sinetsarazi nahi dute Franco hil eta demokrazia hasi zela. Martxoaren 3ak kolokan jarri du beti diskurtso hori." 1984an ere klandestinoki jarri behar izan zuten Forjas Alavesaseko langileek M3ko monolitoa. Diaz de Argoteren ustez, martxoaren 3ko aldarria bizirik irauteko gakoa izan da ez geratzea gertatutakoaren memorian soilik, eta borroka bizia izatea, momentuko borrokekin lotzen jakin duena. "Instituzioetatik memoria kapsulatzen" saiatu direla ohartarazi du elkarteak, "urtero monolitoan lore batzuk jarri, eta hurrengo urtera arte."

Martxoaren 5eko hiletan Jesus Fernandez Navesek esandakoak ekarri ditu gogora Diaz de Argotek: "Estos muertos son nuestros, son de todo el pueblo de Vitoria". Ildo berean, San Frantzisko elizan egitekoa den memoria zentroa ere halakoxea nahi dute, gasteiztar guztien ondarea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago