Errolda eskubidearen aldeko mobilizazioa deitu dute ekainerako

Erredakzioa 2025ko api. 16a, 11:19

Erroldarik gabe izaterik ez! kanpainako kartela. Argazkia: ALEA

Udalari eskatu diote ez uzteko errolda etxejabeen esku, eskubidea merkantilizatzea dakarrelako. Udalerrian bizi diren pertsona guztiak egon behar dira legez bertan erroldatuta.

Erroldarik gabe izaterik ez! plataformatik mobilizazioa deitu dute ekainaren 5erako Gasteizen, udalak hartutako erabaki baztertzaileak salatzeko. Ehunka pertsonen erroldatzea oztopatzen aritzea leporatu diote, eta ohartarazi, ondorioz, oinarrizko eskubideak eskuratzea eragozten diela, izan babes soziala, osasun zerbitzuak edo lan eskubideak.

Udalak eskubiderik gabe uzten gaitu. Errolda eta eskubideak guztiontzat! lelopean egingo dute mobilizazioa, salatzeko udalak hartutako "erabaki politikoek" etxejabeen esku uzten dutela etxebizitza bateko bizilagunak erroldatzea. Berez, Estatuko legediaren arabera pertsona guztiek egon behar dute erroldatuta bizi diren udalerrian, eta bizi diren lekuan egin behar zaie errolda, kontuan hartu gabe etxebizitzaren egoera, ez eta titulartasunaren inguruko zalantza juridikoak ere.

Udalak, baina, etxearen jabea izatea edo alokairu kontratua izatea jartzen du ezinbesteko baldintza bezala erroldatu ahal izateko. Ondorioz, salatu dute errolda merkantzia bihurtzea ekarri dutela neurriok, jabe batzuek egoera hau baliatzen dutelako erroldak saltzeko, eta erroldarekin negozioa egiten duten mafiak sortu dira Gasteizen. Gainera, ohartarazi dute egoera zaurgarrienean dauden pertsonak direla "bidegabekeria hau zuzenean jasaten dutenak".

 

Erlazionatuak

Errolda duena bada

Jon Hidalgo ots 01 Gasteiz

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago