Salburuko Iliada ibilbideko zubia erre egin zen joan den maiatzaren 18an, eta Gasteizko Udalak iragarri berri du bota egin beharko dutela eta berri bat eraiki, ezin delako konpondu. Obrak esleitu eta burutzeko bi urte baino gehiago itxaron beharko da, udalaren esanetan, 24 eta 28 hilabete artean, lehen aurreikuspenen arabera.
1,1 milioi euro bideratuko dituzte zubi berria eraikitzeko. Gas isuri batek eragin zuen sutea, eta Ertzaintzak zabalik du ikerketa, baina oraindik ez dute sutearen jatorria argitu ahal izan.
Errekaleor ibaiaren ubidea zen zubia, eta udalak eskatutako ikerketek erakutsi dute beharrezkoa dela zubia guztiz kentzea, egiturazko kalte handiak jasan zituelako eta ez delako bideragarria konpontzea. Zubi kaltetua ez da berehala eroriko, baina jasotako egiturazko kalteek ziurgabetasun handia sortzen duela adierazi dute udaletik.
Albo ondorioak
Suteak inor zauritu ez bazuen ere, kalte materialak sortu zituen, eta horien ondorioak pairatzen jarraitzen dute inguruko bizilagunek. Zabor bilketa sistema neumatikoa kaltetua suertatu zen, eta edukiontziak jarri behar izan dituzte kalean, zaborra biltzeko. Hiru astean konponduta edukitzea espero du Gasteizko Udalak, baina baliteke zubi berriaren eraikuntza lanek berriz edukiontzi hauek jartzera behartzea. Tuvisako bi lineari ere eragingo die, Salburua lotzen dutenak Arkaiate eta Larreingo zonaldeekin.