Inor ez etxerik gabe plataformako kideak Gasteizko Udalaren Gizarte Politiken batzordean izan dira gaur goizean, kalean bizi diren herritarren egoera salatzeko eta udalari baliabide gehiago eskatzeko. Salatu dutenez, 200 pertsona inguruk egiten dute lo kalean gauero Gasteizen, eta harrera zentroetan itxaron zerrendak daude, 60 pertsona baino gehiagoko zerrendak.
Udalak berak 107 pertsona zenbatu ditu Gasteizen kalean lotan, arloko eragileek gehiago direla diote, eta udalari leporatu diote ez duela ezer egiten egoera konpontzeko. Udalaren erantzukizuna dela adierazi dute, baita aldundiarena ere, eta kritika egin diete biei, "erantzukizuna teilatu batetik bestera pasatzen" dutelako.
Bi aukera ditu udalak, plataformako kideen esanetan: "Pilota instituzio batetik bestera botatzen jarraitzea, instituzio guztietan berdinek agintzen duten bitartean, edo egungo egoerari arduraz heltzea eta beharrezko baliabideak jartzea jende guztiari arreta eman ahal izateko. Zinegotziak dio baliabideak finitoak direla, guk diogu ezetz, gutxiegi direla, eta egokitu egin behar direla beharrean dauden pertsona guztiei erantzuna emateko".
Gizarte Politiken batzordean egon ostean elkarretaratzea egin dute Plaza Berrian, udalaren aurrean, 150 pertsona inguruk, adierazteko ez dutela onartuko "pertsona bat bera ere kale gorrian", eta itxaron zerrendak egotea onartezina dela. "Aitzakia gutxiago, baliabide gehiago" lelopean udalaren jarrera salatu dute, eta gainezka dauden gizarte zerbitzuetarako "konponbidea orain" eskatu dute.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!