Gasteizko Jazzaldiak Toquinhonen konfirmazioarekin agertoki nagusiaren programazioa osatu du, musika brasildarri eskainitako gau handi batean. Uztailaren 19an emango dio amaiera 48. jaialdiari bossa novaren erreferente handienetakoa denak.
Antonio Pecci, Toquinho bezala ezaguna, Caetano Veloso, Chico Buarque eta Gilberto Gilekin batera, Brasilgo musika ulertzeko modu berri bat sortu zuten musikarien belaunaldiko kidea da. Ia sei hamarkadako ibilbidean zehar, 40 disko baino gehiago argitaratu ditu, eta mundu mailako bira ugarik bossa nova eta jazz tropikalaren erreferente bihurtu dute.
Toquinhok gaur egungo gitarraren talenturik handienetako bat den bere herrikide batekin partekatuko du agertokia: Yamandu Costa. Duela bi urte, Gasteizko publikoa bere zazpi sokako gitarraren sormen musikalaren eta teknikaren lekuko izan zen. Toquinho eta Yamandu Costak Montreuxeko jaialdian zuzenean grabatutako Bachianinha albumean parte hartu zuten, eta disko instrumental onenaren Latin Grammy 2021 saria irabazi zuten.
48. edizioaren azken gauean lehen parteak ere hots brasildarra izango du, Dora Morelenbaum abeslari eta konpositorea aurkeztuko baita Mendizorrotza agertokian, Brasilgo musikaren olatu berriaren ahots berezienetako bat. Bere talentua Bala Desdejo taldearekin irabazitako Grammy Latino batek aitortu du, eta Brasilgo konpasak herrialdetik kanpo publiko berri bati ireki zizkion. 2024. urtearen amaieran, Pique bakarkako lehen diskoa kaleratu zuen, eta, horrekin, iraganaren eta orainaren arteko zubiak eraikitzen lortu zuen, funkya, soula eta jazza indie pop estetikarekin nahastuz. Gasteizen, Guilherme Lirio gitarra, Daniel Conceição bateria eta Guto Wirti baxu-jotzailea izango ditu taldekide.
Bihar, martxoak 28, ostirala, 10:00etan hasiko da Mendizorrotzako kontzertuetarako sarreren salmenta jazzvitoria.com-en. Besteak beste, Jose James, Jazzmeia Horn, Al Di Meola eta Kenny Barron egongo dira.