Gasteizko Jazzaldiko emanaldien iragarpenak hasi dira dagoeneko. Charles Mingusi egingo dioten omenaldiarekin emango dio hasiera aurtengoan, uztailaren 16an, jaialdiko agertoki nagusian, eta 48. edizioa osatuko duten izenak ere ezagutarazten hasi dira: Jose James, Al Di Meola eta Kenny Barron.
Clasijazz Big Bandek Epitaph interpretatuko du, XX. mendeko jazz musikari garrantzitsu eta eraginkorrenetako baten ondarea, Charles Mingus. "Lan epiko honek, forma musikal guztiak batzen ditu, hasierako sustraietatik, bluesetik, free jazzetik edo abangoardiako musika klasikoaren formetatik", azaldu dute antolatzaileek. Hogeita hamar musikari baino gehiago bilduko ditu, Ramon Cardo zuzendari eta saxofoi jotzaile valentziarraren zuzendaritzapean. Epitaph osorik interpretatuko dute Mendizorrotza agertokiko kontzertuak inauguratzeko.
Ostegunean, uztailaren 17an, gau guztiz bokala eskainiko du jaialdiak, garai guztietako jazzaren ahots handiak gogora ekarriko dituzten bi interpreterekin. Jazzmeia Horn, batetik, Afrikako jatorria duen AEBetako jazz abeslari eta musikagilea, hainbat sari eta errekonozimendu irabazi dituena, hala nola Thelonious Monk Institute Nazioarteko Jazz Lehiaketa edo Sarah Vaughan International Vocal Jazz Competition erakundearen Rising Star Award saria. Ahots-jazz erakustaldi honen ondoren, bestetik, Gasteizko publikoak gogoratuko duen kantari batekin jarraituko du: Jose Jamesek. "Kritikak Billie Holidayren ahotsaren baliokide maskulino gisa definitu du: erritmiko, leuna, xuxurlaria eta laztangarria, baina puntu urratu eta mingarri batekin". Jamesek bere azken diskoa aurkeztuko du: 1978, bere jaiotzaren urtea.
Ostiralean, jazz-fusioaren ordezkari nagusietako bat izango da Gasteizen: Al Di Meola. Rockarekin eta munduko musikak deiturikoekin, mendebaldeko eremutik kanpoko beste musika tradizio batzuekiko interesaren emaitza da bere lana. Gitarra elektrikoan eta akustikan duen nagusitasunak jazzaren eszenaren gorenean mantendu du 50 urte baino gehiagoko ibilbidean zehar. Kenny Barron piano-jolea bezalako beste erraldoi batek ostiral gau handia osatuko du. "Ibilbide luze eta egonkor batekin ere, Coltrane, Monk edo Mingusen legatuaren jarraitzaile ezaguna da Barron. Bere teknika eta lirismo bikainarekin, jazz straight-ahead post bop eragin handiko maisua da".
Jazzaldiak laster iragarriko du gainerako programazioa, baita sarreren eta abonamenduen salmenten inguruko informazioa ere.