Gasteizko izotz pistaren egoera kaxkarra salatu dute

Jon Flores 2025ko mar. 18a, 12:11

Apurketak, klimatizazio eta entxufeekin arazoak eta BAKHen "kudeaketa eza" izan dira salaketaren arrazoi nagusiak.

Gasteizko izotz pistaren egoerak erabiltzaileen salaketak eragin ditu, berriro ere. Klimatizazio sistemak ez duela funtzionatzen salatu dute, eta ondorioz hezetasuna eta itoginak eragiten dituela. Sabai eta hormen egoeragatik ere kezka azaldu dute, erorketak izan direlako. "Patinatzaileentzako ere arriskutsua da, pistan bertan lanbroa sortzen baita". Erabiltzaileen arabera, makinen mantentze lan falta agerikoa da, egoera txarrean dauden entxufeak edota altzari apurtuekin batera.

Erabiltzaile taldeak azaldu du BAKH-ek kudeatzen duela izotz pista, eta Gasteizko Udalak urtero instalazio hau mantentzeagatik ordaintzen diola Baskonia taldeari. "Ematen du BAKHen intentzio bakarra diru hori kobratu ahal izateko pista irekita mantentzea dela, bistan baita ez dela honen mantentze eta zaintzarako erabiltzen". Honengatik guztiagatik, eskakizuna udal batzarrera eramateko asmoa du erabiltzaile taldeak. 

BAKHek, bere aldetik, onartu du azpiegituraren kaltea nabarmena dela hamabost urte eta gero, eta hori konpontzeko jarduera plan bat prestatzen ari dela. Erabilera jarraituak eta beste faktore batzuek, hala nola urtaroko aldaketek, "ohiko mantentze lanek baino desgaste handiagoa" eragin dute instalazioan, azaldu dutenez, eta horri irtenbide bat emateko lanean ari dira.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!