"Itoginak nonahi" eta "arratoientzako tranpak" BAKHeko izotz pistan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025ko urt. 21a, 12:20

Besteak beste, itoginak salatu dituzte izotz pistaren erabiltzaileek.

Hainbat erabiltzailek salatu dute "euri gehiago egiten duela Baskoniaren izotz pistan kalean baino", eta arratoien tranpak ikusi dituztela, zaborra eta zikinkeria pilatzen delako harmailen azpian.

Baskonia Kirol Hiriaren (BAKH) izotz pistaren egoera "prekarioa", "negargarria", eta "lotsagarria" salatu dute hainbat erabiltzailek Gasteizko Udalaren herritarren postontzian. Itoginak, putzuak, zikinkeria, zaborra eta oro har mantentze falta dagoela azpimarratu dute; eta ohartarazi dute arratoien tranpak daudela harmailen azpian, "arriskutsuak eta pozoitsuak izan daitezkeenak patinatzera doan edozein umerentzat".

Izotz pista Baskoniarena da, eta erabilera publikoagatik udalak urteko kanon bat ordaintzen du: 2024an, 900.000 euro ingurukoa. Kanonari esker, kirol instalazioetako erabiltzaileak doan sar daitezke pistara. Horretan eskola kirola, hockeya eta patinaje artistikoa praktikatzen dituzte, besteak beste, baina asteburuetan ere saio publikoak antolatzen dituzte bertan.

"Hitzak ere ez zaizkit ateratzen izotz pistaren egoera txarra definitzeko", dio urtarrilaren 17an azken salaketa idatzi zuen herritarrak. "Gaizki zaindutako instalazioak, bertara joaten diren guztien osasun fisikoa arriskuan jartzen dutenak. Izotz pista ez ezik, korridoreez, sarbideez, harmailez eta abarrez ere ari naiz", dio.

Arriskutsua

Beste kexa batean irakurri daitekeenez, instalazioa "itoginez beteta" dago eta putzu handiak sortzen dira lurrean, arriskuak sortuz. "Oso arriskutsuak dira, eta irrist egin dezakegu. Gainera, dauden itogin guztietatik, harmailak ere urez beteta daude, eta ezin gara bertan eseri seme-alabak patinatzen eta kirolaz gozatzen ikusten ditugun bitartean". Zikinkeria ere aipatu du: "Harmailak, gainera, oso zikin daude, eta zaborra ere badago harmailen azpian. Dena dago garbitzen ez den zaborrez beteta, eta ziur aski arratoiak ere egongo dira, tranpak jarri dituztela ikusi baita, eta horiek arriskutsuak eta pozoitsuak izan daitezke patinatzera joaten den edozein umerentzat". Bestalde, harmailen goiko solairua eta pista banatzen duten hesi asko apurtuta daudela ohartarazi du, eta pertsonak erortzeko arriskua dagoela azaldu du.

Ildo beretik doa bigarren erabiltzaile baten salaketa: "Benetan lotsagarria da izotz pistaren egoera. Prekarietate egoera eta mantenu falta alde guztietatik. Sabai hautsiak, itoginak nonahi, harmaila zikinak, bustiak; eta erabiltzaile guztiak arriskuan jartzen dituzten apurtutako hesiak. Arratoientzako tranpak haur txikiak dauden lekuetan jarrita, curling pista (harmailen azpian dagoena) zaborrez beteta…".

Beste erabiltzaile batek azaldu duenez, kirolarien erorketak eragiten dituzten zuloak daude izotz pistan, eta patinatzaileen pasaguneetan pintura eta igeltsu zatiak erorita daude, "patinak makestu egiten dituztenak". Gainera, altxatutako baldosa plastikoak daudela dio, eta gainerako erabiltzaileak bezala ohartarazi du putzuak daudela harmailetan: "instalazioan euria ari duela dirudien kondentsazioa"; curling pista ezin dela erabili, hesiak hautsita daudela, eta "zikinkeria  alde guztietatik" dagoela.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago