Eguzki plakak, ezkaratzean

Erredakzioa 2025ko mar. 6a, 08:00

Agerraldi bat egin du GKEk bere kezka azaltzeko. Argazkia: GKE

Gasteizko Hirigintza Plan Orokorrak etxeen eta panelen arteko gutxieneko distantzia 500 metrora handitzeko eskatu du Gasteizko Kontzejuen elkarteak, plakez inguratutako herriak saihesteko.

Gasteizko Kontzejuen Elkarteak, GKEk, udalari eskatu dio bermatu dezala proiektatuta dauden planta fotovoltaikoak herrietako etxeetatik 500 metro baino gutxiagora kokatu ez daitezen, eta nekazaritza balio handiko lurrak errespeta daitezen. Behin-behineko onarpen fasean dago Gasteizko Plan Orokorra, eta, kontzejuek azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Aldundiaren goi mailako araudiei muzin egin die, eta etxebizitzen artean egon daitekeen gutxieneko distantzia 500 metrotik 300 metrora murriztu du.

"Makroproiektu horiek herritarrengandik urruntzea izan da gure borroka, 500 metrora gutxienez, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Legeak hiriguneetako sosegu eremuetan jasotzen duen bezala", azaldu dute Gasteizko kontzejuek. Elkarteak gogoratu duenez, onartzear dauden Araba Erdialdeko Lurralde Plan Partzialak eta Eusko Jaurlaritzaren Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak ere 500 metroko distantzia ezartzen dute azpiegitura energetikoen eta etxebizitzen artean.

"Udalak 500 metrotik gorako distantzia ezartzeko aukera zuen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean, eta horrek udalerriko landa eremua zaintzeko eta babesteko konpromisoa erakutsiko zukeen. Aldiz, uharte-kontzejuak sortzea ahalbidetu du", salatu dute kontzejuek. Horren adibide bezala, Lubinaoko kasu "paradigmatikoa" jarri dute, plakez inguratuta egongo dena aurreikusitako proiektu guztiak aurrera ateratzekotan.

Lan mardula

Gasteizko Kontzejuen Elkarteak azpimarratu duenez, makroproiektuen hedapenak "ziurgabetasun eta estres handia" eragin ditu kontzejuetan, gainerako administrazio publikoek "oso informazio gutxi" eman dutelako, eta lankidetza faltaren sentsazioa izan du elkarteak denbora osoan. Egoera horren aurrean, Gasteizko kontzejuek proiektu fotovoltaikoen lan-mahaia osatu dute, eta alegazioak aurkeztu dituzte, herrien interesak babesteko. "Ekarpenak eta alegazioak aurkeztu zaizkie Gasteizko Udalaren HAPOari, Araba Erdialdeko LPPari eta Energia Berriztagarrien LPSari". Halaber, otsailaren 16an, lehen aldiz, lortu dute Batzar Nagusiek aldundiari, Eusko Legebiltzarrari eta Jaurlaritzari eskatzea landa guneak proiektu horietatik kanpo uzteko 500 metroak mantentzeko, baita balio estrategiko handiko lurzoruak babesteko ere. "Eta ez bakarrik etorkizuneko proiektuetan, baita aldez aurreko baimena eskatu duten proiektuetan ere".

Gasteizko Udalean aurreikusitako proiektuen artean, Zierbana Solar 4 egitasmoak Martioda, Mendotza, Uribarri Dibiña, Otogoien eta Otobarren ukituko ditu; Solar 2 eta Solar 1, berriz, Lubinao, Jungitu eta Uribarri Arratzua. Horiez gainera, Bitxilore, Ramos, Eki Bat y Eki Bi proiektuak daude.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago