Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinez Gasteizko Santiago ospitalean izan da gaur, Maite Martinez de Albeniz Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendariarekin, eta Enrique Barez Arabako ESIko zuzendari kudeatzailearekin batera. Osasun arduradunek azaldu dutenez, martxoaren 31tik aurrera jarriko da martxan Santiagoko larrialdien zerbitzua, eta "premiazko arreta eraginkorragoa eta eskuragarriagoa emango die Arabako herritarrei".

Aurreko legegintzalditik, 2022tik, itxita daude Santiagoko larrialdiak; izan ere, Gotzone Sagardui Osasun sailburu zelarik, Jaurlaritzak erabaki zuen Gasteizko larrialdiak Txagorritxuko ospitalean bateratuko zituela. Protesta ugariren ondoren, eta langileek Txagorritxu gainezka zegoela salatu eta gero, atzera egin du Osasun sailak, eta martxoaren 31tik aurrera Txagorritxuko larrialdien %47,9 jasoko ditu Santiagok.
Hedabideekin egindako bileran, Martinez de Albenizek eta Barezek azpimarratu dute Gasteizen premiazko arreta eredua berrantolatzeak izango duen eragin positiboa, "hobetzeko estrategia global baten barruan baitago, osasun asistentzia irisgarria eta herritarren beharretara egokitua bermatzeko helburuarekin".