Azken 48 orduetan froga guztiak aztertu eta gero, behin-behinean espetxeratu egin dute Mitika diskotekako atezaina, igande goizaldean han izan zen heriotzarekin zerikusia duelakoan. Homizidio edo hilketa delitua egotzi diote, eta espetxera bidali du Gasteizko Instrukzioko 3. Epaitegiak.
Dendaraba merkatalgune barruko Mitika diskotekaren atarian izan zen heriotza, 04:50 aldera. 112 SOS Deiak larrialdi zerbitzuak abisua jaso zuen, dantzaleku atarian gazte bat lurrean konorterik gabe zegoela ohartarazteko. Antza denez, atxilotutako atezainak emandako kolpe baten ondorioz erori zen mutila, eta horrek eragin zion heriotza. Ertzaintza eta osasun zerbitzuak bertaratu ziren, eta gizona suspertzen saiatu ziren arren, ez zuten lortu, eta bertan hil zen.