Mitika diskotekako atezain bat atxilotu dute, gizon baten heriotzaren ostean

Erredakzioa 2025eko otsailaren 23a

Goizaldeko 05:00ak aldera gertatu da, Dendarabako diskoteka atarian. Argazkia: Dendaraba

Biktimak buruan kolpea hartu du lurrera erori ostean.

Ertzaintza 31 urteko gizonezko bat hil den gertakaria ikertzen ari da, goizaldean Gasteizko Mitika diskoteka ondoan izan dena. Antza denez, biktimak buruan kolpea hartu du lurrera erori ostean, eta bihotz-biriketako geldialdian sartu da. Atezainetako bat atxilotu dute, gertatutakoari buruzko lehen ikerketen ondoren.

Gertakariak goizaldeko 04:53ak aldera izan dira, Gasteizko La Paz kalean. SOS-Deiaken 112 telefonora egindako abisu baten arabera, gizon bat lurrera erori da Mitika diskoteka sarreraren ondoan. Konorterik gabe zegoen. Berehala, Ertzaintzaren patruilak eta anbulantzia bat bertaratu dira, eta biktima suspertzeko maniobrak egiten hasi dira. Hala ere, ezin izan da bere onera itzuli, eta tokian bertan hil da.

Gertatutakoari buruzko lehen ikerketak egin ondoren, Ertzaintzak lokaleko atezainetako bat atxilotu du, gertakarietan parte hartu duelakoan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago