ALEAk 10 urte

Tanta batzuk basamortuan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025ko ots. 20a, 06:00

Gizonak Eduardo Dato kaletik egunkaria irakurtzen. 1936ko uztaila. Argazkia: Ceferino Yanguas Alfaro/AMVG

ALEAren 10. urteurrenean, atzera begira egin dugu, Arabako euskarazko kazetaritzaren genealogian arakatzen. Eskasak, anekdotikoak eta sakabanatuak dira gure herrialdean kazetaritza euskaldunaren aurrekariak, baina badira testu bakan batzuk 'Revista de las provincias euskaras', 'Gure Izarra', 'Arabarra', eta '5' aldizkarietan.

"Aurten Salbaterraco mercatu eta feriyan demboran, euri aundiyac izan badira ere, ez zan gendea palta. Cecenac, damboliña eta ardosco iturriya, ona emengo festac". Aguraingo urriko azoka handiaren kronika da, 1880ko urriaren 30ean argitaratua, Gure Izarra aldizkarian. Testu hori eta beste gutxi batzuk aurkitu daitezke Arabako euskarazko kazetaritzaren genealogian arakatuz gero.

Anekdotikoak dira, herrialde ia erabat erdaldun batean, baina era berean oso interesgarriak. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran idazten dituzte esku anonimoek Arabako kazetaritza euskaldunaren testu aurrekariak, izaera ezberdinetako hiru aldizkaritan: Gure Izarra, Arabarra eta 5. Horien aurretik, Gasteizen, 1878an abiaturiko Revista de las Provincias Euskaras kultur aldizkaria ere aipatu daiteke, euskarazko testu gutxi batzuk argitaratu zituena. 

Gasteizko Ateneo Científico y Literario elkarteko kultur jardunen baitan, bertako kide "euskaro" askoren kezkak eraginda agertu zen Revista de las Provincias Euskaras. Proiektua euskal kulturaren pizkundearen aurreneko fruitu eta eragileetako bat izan zen; eta zehazki, Fermin Herran Tejada idazleari zor zaio.

"Arabatik idatzi ziren euskarazko lehen kazetaritza testuak ez ziren Araban argitaratu"

Aldizkariaren inguruko ikerketa batean jaso du Jurgi Kintana Goiriena EHUko Historia irakasleak Herranek euskararen sustapenean egin zuen lana. "Herranek euskararen normalizazioa desira zuen. Ez iraupen soila, baizik haren lanketa eta bizitza modernorako egokitzea. Iritzi horietan ez zen arabar bakarra, bere adiskide Becerro de Bengoak antzeko ideiak baitzituen". 

Alta, Herranek, Ateneoko gainerako kideek bezala ez zekien euskaraz. Horregatik, aldizkarian euskarazko artikuluak kanpotik jaso zituzten. "Euskaraz jasotako materialaren artean, propioki aldizkari horretara bidaliak, bi bertso sail besterik ez ziren izan. Bata anonimoki, bestea Iparragirrek Herrani eskainia. Haien alboan gaztelerazko itzulpena zetorren", azaldu du Kintanak. Halaber, Elizondo eta Donostiako lore jokoen egitarauaren baldintzak ere elebitan jaso eta argitaratu zituen aldizkariak. Bestalde, Herranek bere aldetik, Nafarroako festetan saritu eta Iruñeko Revista Euskaran agerturiko bertso batzuk kopiatu zituen Arabako edizioan.

Herranen bultzada 

EHUko irakasleak ikerketan azaldu duen bezala, euskararen munduarekiko asmo ona egon bazegoen, baina garaiko testuinguruak ez zuen laguntzen."Revista-k zuen irakurlegoa izanda –Gasteizko Ateneo ingurukoa batik bat–, ez zen errealista elebidun bihurtzea. Herranek berak euskaraz jakin gabe, gainera, nekez zuzenduko zuen aldizkari elebidunik. Eta, halaber, euskaraz idatziko zuten kolaboratzaileak urriak ziren".

Kintanak jaso dituen datuen arabera, aldizkaria Gasteizen editatu zuten garaian,1878 eta 1879 urteetan, agerturiko 1.054 orrietatik, 19 orri euskaraz daude; eta 127 artikulutik 5 euskaraz idatzita daude. Ondoren, Herranek aldizkaria Madrilera lekualdatu zuenean, ordea, 1880-1881 urteetan, euskara erabat desagertu zen. "1880ko Donostiako lore jokoen iragarpenak ere (seguru asko ordurarte bezala elebitan jaso arren) gazteleraz bakarrik atera ziren".

Herranen aldizkari kulturalaz harago, gaurko kazetaritza lanarekin estuago lotuta dago bigarren adibidea: Gure Izarra. Euscalerrico Berriac astean bein kazeta. Gainera, Arabari buruzko hainbat kronika euskaraz argitaratu zituen euskarazko astekari aitzindaria da. Javier Diaz Noci Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitateko irakasleak sakon aztertu du kazeta, Arabako euskarazko kazetaritzaren inguruan egin duen ikerketa lanetan.

"Bitxia bada ere, –azaldu du Nocik– Arabatik euskaraz idatzitako lehen kazetaritza testuak ez ziren Arabako ezein egunkaritan argitaratu, ezta Hego Euskal Herrikoetan ere. Esku anonimoek idatzi zituzten testu horiek, 1888an, Parisen, bizitza laburra izan zuen astekari batean". Euskal Herri osoko eta eskualde guztietako albisteak biltzen zituen kazeta izan nahi zuen Gure Izarra-k; eta bi zuzendari edo gerente izan zituen, bat Europarako, Jean-P. Lengoust, eta beste bat Amerikarako. Bi ale bakarrik gorde dira: itxuraz kalera atera zen zenbaki bakarra eta zero zenbaki bat, beste alearen orrien erdia zuena.

Euskal kazetaritzaren rara avis bezala definitu du Nocik; eta azpimarratu du, hamarkada batzuk ondoren, euskal prentsan nagusituko den informazio mota jasotzen duela: tokiko albiste laburrak, azokei buruzko informazioak, ipuinak, olerkiak, eta abar. Gainera, garai hartako argitalpenetan ohikoa ez zen bezala, joera politikorik ez zuen erakusten. 

Kazetaritzatik baino, ikuspuntu soziolinguistiko eta historiko batetik interesgarria da Gure Izarra. Bartzelonako unibertsitateko irakasleak azaldu duenez, "testu horiek nolabait islatzen dute nola hitz egiten zen, eta zertaz hitz egiten zen Arabako herri batzuetan". Izan ere, Agurain, Legutio, Barrundia edo Lezamako berriak agertzen dira bi zenbakietan, baina, adibidez, Aramaioko herriko kronikak ez ditu jasotzen, tradizioz Arabako euskal hiztunen indize handienetakoa badu ere. Gasteizko eta Laudioko kronikarik ere ez dago. "Antza denez, korrespontsal euskaldun bat izatea zen irizpidea, bizi zen herrian euskara zein mailatan erabiltzen zen alde batera utzita". Nocik uste du, gainera, Gure Izarrako bi zenbakietan agertu ziren Arabako kroniken egileak kanpotarrak zirela. "Nik uste dut ez zela bertako jendeak idatzitakoak, baizik eta agian maisuren batek edo norbait hemendik zegoena eta euskalduna zena".

EAJren egunkaria

Gure Izarra-k ez bezala, ibilbide luzeagoa izan zuen Gasteizen XX. mendearen hasieran argitaratu zuten Arabarra egunkariak. Euskarazko kazetaritzaren aitzindarietako bat da, baina ez da erabat euskaraz idazten. Izaera aldetik ere desberdina da, helburu politiko oso argia duelako: "EAJren inguruan egiten den aldizkaritxo bat da, ez da masa komunikabide bat", zehaztu du Nocik, eta Luis Eleizalderen figura azpimarratu du kazetaren sorreran. "Euskalduna zen Eleizalde, Bergarakoa, eta EAJren oinarriak Araban ezarri zituena. Eleizalde abertzalea da, eta euskaraz idazten badaki, baina badaki ere jendeak gaztelaniaz irakurtzen duela". Horregatik, Bartzelonako unibertsitateko irakaslearen esanetan, Arabarra aski anekdotikoa da, garai horretan, Arabako prentsan zeozer euskaraz egitea oso bitxia delako.

"Eleizaldek badaki euskaraz, baina badaki ere jendeak gaztelaniaz irakurtzen duela"

EAJk 1912an erabaki zuen astekaria abian jartzea, beste herrialdeetan (Bizkaitarra, Gipuzkoarra eta Napartarra) argitaratzen zirenen antzekoa; bere ideien adierazpenerako eta zabalkunderako gisa erabiltzeko. "Eusko Alderdi Jeltzalearen adierazpide ia bakarra izan zen Araban, Espainiako Errepublikaren garaian eta aurreko garaietan".

Lau orrialde besterik ez zituen, 43,5 x 32 zentimetroko neurriekin, lau zutabetan banatuta. Lehenengo alean, euskaraz eta gazteleraz, egunkariaren asmoa zein den jasotzen da: "Euzkeldunak Araba 'n gutxi bazarie, be, geure lenengo agurra seuentzat (sic) dijoa. Zeuek euzkeldunak eta baita neu be; arabarrak zeuek, eta neu be ARABARRA; irakurri nagizube. Ez dautzuet iñoz be gezurrik esango, egi utsa baño, egi garbija, nozbait mingotsa izan arren. Araba'ren eskubide ta izakera garbijaren aldez ekitera natorr; euzkeldun ta arabarr onak zarien ezkero, nere aizkideak izango zarie, nik aizkidetzat euzkeldun on zintsu guztijak nai dodazalako".

Nocik zehaztu du hainbat garaitan sakabanatutako egunkaria izan zela Arabarra, ez zuela jarraipen zehatzik izan, eta lehen urteetan argitaratu zirela euskarazko idatzi gehienak. Ziurrenik, gainera, lehen garai horretan aldizkarian agertutako artikulu asko Eleizaldek berak idatziak izango ziren. "Oro har, euskararen erabilera testimoniala eta noizbehinkakoa baino ez da. Hala ere, badirudi 'artikulu euzkerikoak' argitaratzeak arazo bat baino gehiago eragin zituela agintariekin".

Ildo horretan, Roman Berriozabal ikertzaileak artikulu batean azaldu du garaiko jeltzaleek salatu zutela, euskarazko kolaborazioak argitaratzen zituzten bakoitzean, gobernu agintarien aurrean itzuli behar izaten zituztela, argitaratzeko baimen administratiboa lortzeko.

 

Helburu politikoak alde batera utzi, eta berriro ere kulturaren esparrura jauzi egin behar da Espainiako Gerra aurreko Arabako kazetaritza euskaldunaren geneologia osatuko lukeen laugarren perla aukitzeko: 5 izeneko aldizkaria. Gasteizko kultur abangoardiaren bizitasunaren adibidea da 1934. urtean argitaratu zen kazeta; eta hain zuzen, bost gazteren artean martxan jarri zuten: Julio Calvillo, Manuel Garaizabal, Antonio Odriozola, Luis Alemany –ilustrazioen arduraduna– eta Jose Maria Saenz de San Pedro. Haiekin batera, baina, beste zazpi kolaboratzaile gazte zeuden: Obdulio Uralde, Enrique Azkoaga, Oscar Lopez, G.M. de Zuñiga, Jose Ramon Fernandez eta Odon eta Ricardo Apraiz anaiak.

Rafael Albertiren poema

Nocik bere ikerketan jaso duenez, aldizkari "bitxi" horren lau ale agertu ziren bakarrik, apiriletik ekainera arte, eta ia zenbaki guztietan euskarazko testuren bat agertu zen. Lehen alean, Rafael Albertiren Un fantasma recorre Europa faxismoaren hedapenaz ohartarazten duen poesiaren itzulpena agertu zen, euskaraz, Izukantza Europa ziar izenburuarekin. Odon Apraizek, Olhari ezizenarekin sinatzen zuenak, bizkaierara igorri zuen.

Hirugarren zenbakian, berriz, Lope de Rueda dramagilearen entremes bat agertu zen, Antonio Odriozolak trebetasun handiz gipuzkoako euskarara itzulia, Kaiku eta lapurra izenarekin. Azkenik, laugarren eta azken zenbakian, aurreko zenbakian argitaratutako Lope de Ruedaren entremesaren jarraipena argitaratu zen, Ume eder baten kutsua izenburuarekin; eta Odriozolak euskaraz idatzitako hiru poesia: Ur epela, Alava generala bai dator! eta Zadorrako Erribera.

"5 aldizkariak Europako abangoardiako korronteekin bat egiten zuen, surrealismoarekin esaterako"

Ibilbide motza egin zuen literatur aldizkari abangoardistak, ziurrenik arrakasta eskasa izan zuelako gasteiztarren artean. Izan ere, bigarren zenbakian argitalpenak jaso dituen kritikak aipatzen dituzte kazetari gazteek: "Lehenengo 5 agertzeari buruz prentsak egindako iruzkinak ugariak eta askotarikoak izan dira. Ugariak diogu gezurrik esaten ez dakigulako. Eta askotarikoak, ia guztiak bat datozelako bost alkandora hertsagarri polit eskaintzearekin. Batzuek probintziako eroetxea aipatzen duten bitartean, beste batzuek Santa Agedakoa aholkatzen digute". 

Aldizkariak Europako abangoardiako korronteekin bat egiten zuen, surrealismoarekin esaterako; "eta hori ez zen oso ohikoa inguruan, eta are gutxiago euskal letra kontserbadoreetan", idatzi du Nocik. Egileek ondo ezagutzen zituzten, gainera, Espainiako poeta aurreratuenak: Rafael Alberti eta Federico Garcia Lorca; eta jarrera ironiko oso nabarmena erakusten zuten idazkietan. Alta, ibilbide laburrak bide horretan sakontzea galarazi zien egileei, eta beste euskal artista abangoardista batzuekin harremanetan jartzea. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago