Udalarekin akordioa lortu du Euskharanek

Erredakzioa 2025ko ots. 19a, 10:45

Aranbizkarreko Amaia zentroko jarduerekin jarraitu ahalko dute. Argazkia: EUSKHARAN

Jarduerarekin aurrera egin ahal izateko finantzazioa lortu duela iragarri du elkarteak.

Gasteizko Euskharan kultur elkarteak udalarekin akordio bat lortu du, eta, horri esker, bere ohiko jarduerarekin jarraitu ahal izango du. Hala, irailetik aurrera, ikasturte berrirako —2025-2026 urteari dagokiona— finantzazioa ziurtatuta izango dute, ohiko diru laguntzen bidez. Une hori iritsi arte, gainera, ekainera bitarteko finantzazioa ere adostu dute udalarekin, 2024-2025 ikastaroa amaitu ahal izateko.

"Datozen hilabeteotan auzoko beharrak aztertu eta proiektua bera indartzeko bideari ekitea espero dugu, zuek emandako bultzadari esker, besteak beste", aurreratu dute. "Bide horretan berriz topo egitea zoragarria litzateke. Hala izan bedi". 

Akordioaren iragarpenaz baliatu dira ere "une zail hauetan" hainbat norbanako eta elkarteren partetik jaso duten babesa eskertzeko, eta herritarrei gogoratu diete "Amaia Zentroan euskaraz bizi eta eragiteko arnasgune bat" dutela Aranbizkarrean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago