Gasteizko Udalak Euskharan kultur elkartearekin urteetan izan duen lankidetza hitzarmena bertan behera uzteko erabakiaren kontra, dozenaka eragilek babesa agertu diote elkarteari, eta hitzarmena berreskuratzea galdegin. Udaleko euskara batzordeko herritarren txandara eramango dute salaketa asteartean.
Ohar batean salatu dute "aurrez abisurik eman gabe" kendu diotela hitzarmena Euskharan kultur elkarteari, eta egoera horrek elkartea desagertzeko bidean jartzen duela, "ez baita mahai gainean jarri inolako arrazoirik ezta alternatiba bideragarririk ere". Orain arte indarrean izan den 25.000 euroko lankidetza hitzarmen hori Amaia zentroan inguruko haur, gazte eta helduei zuzendutako euskarazko aisialdi, kultura eta hezkuntza ekintzak antolatzeko izan dela nabarmendu dute. "1998an elkartea sortu zenez geroztik, Euskharanek kudeatzen duen Amaia zentroa auzoan euskarazko topagune eta bilgune erreferentzial bilakatu da".
Aisialdi, kultura, hezkuntza eta euskalgintzako auzoetako eta hiriko hainbat eragilek gogoratu dute "energia eta denbora" jarri zutela iaz udalaren Euskara sustatzeko Aroa ekintza plan berria lantzeko parte hartze prozesuan, lan mahai eta eztabaida saioetan. Plana 2024ko apirilean onartu zen eta, herritarren beharrak antzemanda, euskararen erabilera sustatzeko ekintzak gauzatzeko oinarriak ezarri zirela azaldu dute. "Hain zuzen, erronka nagusietako bat, hezkuntza esparrutik kanpo, hizkuntza garatzea eta hizkuntzan gaitasuna hobetzea ahalbidetuko duten guneak eskaintzea da. Bada, hartutako erabakiaren eraginez, horietako bat itxi beharko da, babes neurririk ezean".
Gogoratu dute, elkarte txikia izan arren, Gasteizko Udalarekin, inguruko euskaltegi eta ikastetxeekin eta gizarte etxearekin harremanetan eraiki dutela une honetan duen eskaintza, familiek eta herritarrek auzoan euskararekin dituzten premietan oinarriturik. Aiton amonentzat euskaran murgiltzeko ikastaroak, mintzapraktika taldeak euskalduntzen ari direnentzat, kulturgintza tailerrak adin guztientzat, haurrentzako aisialdi ekintzak, euskarazko liburutegia eta begiraleen formazioa esaterako... "Auzokideek badakite Amaia zentroan euskara erabili eta garatzeko eta euskaraz sozializatzeko txoko bat dutela".
Hala, 25.000 euroko lankidetza hitzarmena berritzea eskatu diote Gasteizko Udalari, "Amaia zentroan dagoen euskarazko dinamikak aurrera jarrai dezan, dauden 12 ikastaroak eta larunbatetako haurrentzako ekintzak zein ekintza kulturalak bertan behera geratu ez daitezen".
Atxikimenduak
Euskalgintza
- GEU elkartea
- Gasteizko IKA
- Hegoalde Kulturgunea elkartea
- Gasteizko AEK
- Gasteizko EHE
- Bai Euskarari elkartea
- Lazarraga kultur elkartea
- ZET elkartea (Zabalgana)
- Arabako Bertsozale elkartea
- Salburuko euskara elkartea
- Zenbat gara elkartea (Bilbo)
- Euskaltzaleen Topagunea Federazioa – Taupa Euskaltzaleen Mugimendua
- Arabako ALEA
Ikastetxeak
- Arantzabela ikastola
- Odon de apraiz ikastola
- Lopez de Gereñu ikastetxea
- Samaniego eskola
- Aranbizkarra ikastola
- Koldo Mitxelena institutua
Kirola eta aisia
- Arabako euskal pilota elkartea.
- Urtxintxa eskola
- Gazteriaren foru erakundeko langileen komitea
Kultura
- Haz. Kooop. Elk. Txikia
- Aramaixoko bertso eskola
- Gasteizko bertso eskola
- Txandrio bertso eskola (Oion)
- Atrikipunk musika taldea
- Gasteiz Kantuz
Auzo elkarteak
- Zazpigarren Alaba
- Babestu Araba
- Judimendikoak
- Erreka Txiki auzo elkartea
- Gasteiz Txiki
- Hegoaldekoak
- Zabalgana Batuz auzo elkartea
- Betiko Gasteiz auzo elkartea