Gasteizko Koldo Mitxelena ikastetxean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailan dauden ikasleek bigarren bizitza eman diete eskolan erabili gabe zituzten 100 ordenagailu eramangarri ingururi, eta Mendebaldeko Saharako Aaiunen dagoen Baba Ahmed ikastetxera bidali dituzte, Elkartenet asmorik gabeko elkarteari esker. 2019. urtetik lanean ari dira elkarte horretan, hezkuntzaren alorrerako ekipo informatikoak berreskuratzen, Koldo Mitxelenako IKT Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien arduradun Maddalen Olabek azpimarratu duenez.
Horrelakoetan ohikoa den bezala, gauza sinple bezain eraginkor batekin abiatu zen proiektua: elkarteak ikastetxean eman zituen hitzaldi eta tailer banarekin. "Bilera horretan azaldu ziguten nola lan egiten duten, eta horren beharra duten tokietara bidaltzen dituztela eraberritutako ordenagailuak, hori baita askorentzat gailu horiek lortzeko daukaten modu bakarra", ekarri du gogora Aimran Malki ikasleak. "Zuk erabiliko ez duzun ordenagailu bati bigarren bizitza bat ematen diote. Osagarri batzuk erosita, erraz berritzen dituzu". Elkartenetekoek esan zieten ikasleei ordenagailu horiek askotan gaur egun ikastetxean bertan erabiltzen dituztenak baino hobeto aritu daitezkeela RAM eta disko gogorra aldatze soilarekin. "Eta egia zen gauzak oso azkar kargatzen zirela".
Dena dela, aintzat hartu beharra dago osagai horiek —RAM memoria eta disko gogorra— kostu bat ere badutela, eta, horregatik ikastetxeko Bastobi guraso elkartearekin hitz egin zuten finantzazioa lortzeko. "Elkartenet elkartekoei ez ezik, Bastobiri ere eskerrak eman nahi dizkiegu, proiektu hau ahalbidetu dutelako", nabarmendu nahi izan du Idoia Zapirain irakasleak.
Prozesu erraza
Ordenagailuak eraberritzeko prozesua, teknikoki, ez zaie oso zaila iruditu ikasleei. "Hasiera batean errespetu pixka bat ematen zuen ordenagailua irekitzeak, baina gero jabetu ginen ez zela horren konplikatua", aitortu du Ines Martins ikasleak. Bat dator Youcef Malfi. "Begiralearen laguntzarekin, dorre ordenagailuekin hasi ginen, eta pausoz pauso azaldu zigun zer egin behar genuen. Ondorengo pausoa izan zen ordenagailu eramangarri batzuk konpontzea". Dioenez, hor ikasi zuten faktore gehiago tartean egon daitezkeela ordenagailu baten egoera zehazteko, baina, orokorrean, diskoa eta RAM memoria aldatzea nahikoa izan daiteke ordenagailu berri bat izateko.
Hau ez da ordenagailuei soilik dagokien kontu bat, ordea. Izan ere, Zapirainek azaldu duenez, ekonomia zirkularraren baitan lantzen den zerbait da. Zehazki, DBHko 4. mailan daukaten Komunitate proiektua irakasgaian jorratzen duten zerbait izan da. "Aurretik, gertuko komunitatea aztertu eta pertenentzia sentimendua lantzeko Koldotarrak gara proiektua egin genuen. Izan ere, hezkuntza komunitatean, irakasle eta ikasleez gain, atezainak, garbitzailek edota familiak tartean daudelako". Behin hori landuta, komunitate zabalerako jauzia egin zuten, eta ekonomia zirkularreko gaiak lantzeari ekin zioten, 2030erako Agendako helburuekin bat eginez.
Datorren ikasturtean ikastetxe osoan Linux sistema jarriko dute
Olabek ekonomia zirkularraren garrantzia nabarmendu du, "gizarte moduan hondakin gutxiago sortzeko, eta gauzei bizitza berri bat emateko". Arduradunaren ustez, hezkuntzaren alorrean tarte zabala dago oraindik aurrerapausoak emateko, eta horren adibide jarri du ikastetxeek ez dakitela zer egin jada erabiltzen ez dituzten ordenagailuekin. "Gailuak dagoeneko ez dabiltzanean, Eusko Jaurlaritzari horren berri ematen zaio, eta bajan ematen ditugu inbentarioan. Baina ez dago prozesu bat esateko baja emandako material horrekin zer egin behar den". Batzuetan ikastetxeetan geratzen dira —Saharara bidali dituzten ordenagailu eramangarrien kasua da—, eta beste batzuetan birziklatzera botatzen dira.
Hau guztia antolatzeko Elkartenetek Jaurlaritzari proposamen zehatza egin dio: berrerabilpen homologatua egin ahal izateko zentro bat sortzea. "Horrela ikastetxe guztiek hara eramango lituzkete ordenagailuak, protokolo bati jarraiki", azaldu du Olabek.
Chromebookak, gaurkotu ezinean
Momentuz, elkartea bera ari da horrelakoak egiten, 2019tik, bere kabuz, eta datuak arras adierazgarriak dira. "Orain arte 4.398 ordenagailu jaso dituzte hainbat lekutatik, eta %53 berregokitu dituzte. Soilik %47 bidali dituzte birziklatzera, berrerabili ezin direlako. Portzentaje handi bat da hori".

Hezkuntzaren alorrean IKTen inguruan zabaldu izan den beste eztabaida garrantzitsu bat azaleratu da oraingo honetan ere: zerbitzu pribatiboen eta software librearen erabilpenaren arteko hautua. Kasu honetan, filosofiatik harago doan kontua da. Googlek hezkuntzarako eskainitako zerbitzuak erabili ez ezik, Euskal Herriko ikastetxeetan informatikaren alorreko erraldoiaren softwarea darabilten Chromebookak erabiltzen dira gehienetan. Hardware nahiko merkea da normalean, eta seguruenera hori izango da haren arrakastaren gakoetako bat. Baina arazo handi bat dute, bueltan: ez da batere erraza horiek gaurkotzea. Halako gailu gehienetan normalean aldagarriak diren osagarriak txertatuta daude, eta horrek ez du batere errazten bateria, RAM memoria edota disko gogorra aldatzea.
"Alderatu ditugunean, ikusi dugu chromebookek desabantaila gehiago dituztela ohiko ordenagailu eramangarrien aldean", azaldu du Iraide Gonzalez ikasleak. Gainera, aise zaharkitzen diren gailu horiek pilatuz doaz ikasleen etxeetan. Hala gertatzen da Ines Martinsen etxean: bi anai-arreba dira, baina lau chromebook dituzte etxean. "Hasieran norberak bere ordenagailua zeukan, eta gero Jaurlaritzak bakoitzari chromebook bana eman zien", gogora ekarri du Zapirainek. "Baina orain gordeta genituen Toshiba zahar horiek —lehenengo txandan banandu zirenak— martxan jarri dituzte ikasleek, eta ikusi dugu ondo dabiltzala, behin berrituta. Esperientziak azkenean erakutsi du zaharretara jotzea atzerapauso baino aurrerapausoa izan dela".
ChromeOS edo Windows bezalako sistema eragile pribatiboen aurrean, Linuxen oinarritutako sistemen alde egin nahi dute orain, Librezale elkartearen laguntzarekin. Zentzu honetan, Koldo Mitxelena Eusko Jaurlaritzaren programa pilotu batean dago: Iradi. Horren bitartez, hezkuntzan barra-barra zabalduta dagoen Google Workspace for Education sistema software librearekin ordezkatu nahi dute. "Euskaratua dagoen eta hezkuntzara bideratuta dagoen Luberri izeneko Linux distribuzioa sartu dugu Batxilergoan, eta esperientzia oso ona izaten ari da", esan du Olabek. "Besteak beste, matxurak murriztu ditugu Windowsen aldean. Gainera, hau gure ikastetxeko ideiei lotuta dago: berrerabiltzea, konpontzea, euskarekiko konpromisoa...".
Datorren urterako Jaurlaritzak aukera eman dio ikastetxeari sistema eragilea hautatzeko, eta erabaki dute Linux jarriko dutela ikastetxe osoan. "Gure datuak toki ziur batean izan beharko genituzke, eta ez halabeharrez Google edo Microsoft kontuetan", eskatu du IKT arduradunak. Ikasleek ez dute aparteko arazorik ikusten aldaketa horretan. "Hasiera batean ohitu behar zara, ez dakizulako sistema berri batean gauzak non dauden", argitu du Gonzalezek. "Baina, gainerakoan, erraza da Linux erabiltzea".
Aaiunen, pozik
Ordenagailuak berritu eta software librean aritzeko esperientzia izateaz gain, ikasleek lehen eskutik ikusi ahal izan dute beren ahalegina nola gauzatu den Aaiunen, bideo dei baten bitartez. Dei hori, noski, berritutako ordenagailu batekin eta software librearekin egin dute. "Saharako ikasleekin bideo deia egin genuenean, esan ziguten haien ikasketak hobetu direla ordenagailu horiei esker", esan du Youcef Malfik. Hasiera batean, hiru urratseko komunikazioa egin zuten. Koldo Mitxelenatik euskaraz, handik gaztelerara, eta Saharan zegoen ikasle batek gaztelaniatik arabierara itzulpena egin zuen. "Baina Aimarrek eta biok arabiarrez pixka bat dakigunez, gero zuzenean euskaratik arabierara egin genuen", oroitu du Youcef Malfik.
Hizkuntzen kontua ere garrantzitsua dela azpimarratu du Zapirainek. "Linux erraz itzuli daiteke, eta Elkarteneteko kideek amazigerara itzuli dute banaketa bat". Horri esker, une honetan ikasle asko aurrenekoz beren hizkuntza lantzen ari dira ordenagailu bitartez ere, horietako askok orain arte ikusi gabe zeukaten zerbait izanik. Nepalerako beste proiektu batean, adibidez, ikusmen murritza duten ikasleentzat egokitzen ari dira ordenagailuak.