"Faxismoa unibertsitatetik kanpo" goiburua zuen pankarta baten inguruan bildu dira gaur eguerdian Farmazia fakultateko dozenaka ikasle, iragan astean zabaldu zen fakultate horretako irakaslearen kasuaren bueltan. Arabako campuseko Farmazia fakultateko hallean egindako mobilizazioaren amaieran, errektoretzari eskutitz bat eman diote, "irakasle faxista oro" unibertsitatetik kanporatua izatea exijitzeko.
Maren Lazpiur Farmazia fakultateko ikasleen bozeramaileak ALEAri azaldu dionez, ohar horretan errektoretzari eskatu diote argitu dezala lehenbailehen auzia. "Errektoretzari eskatzen diogu euren esku dagoen guztia egin dezala kasua argitzeko, eta egiazkoa den kasuan berehala kanporatzeko irakasle hori".
Lazpiurrek azpimarratu duenez, "ikasleen eskuetatik kanpo" dago mezu horiek benetakoak diren edo ez jakitea. "Guk argi eta garbi helarazi duguna da faxismoak gure unibertsitatean ezin duela espaziorik izan, eta horren aurrean ikasleok tinko erantzungo dugula".
Ikasleak, "larrituta"
Ostegunean izan zuten ikasleek ustez mezu arrazistak, transfoboak eta faxismoaren aldekoak zabaltzen ari zen fakultateko irakaslearen berri. "Horren aurrean, elkarren artean saretu ginen, elkarren artean antolatu ginen. eta atzo bi asanblada egin genituen, eta ikasle asko bildu ginen bai arratsaldekoan zein goizekoan".
Gaurko mobilizazioan ere ikasle askok parte hartu dutela azpimarratu du Lazpiurrek. "Horrek erakusten du ikasleria larrituta dagoela, ez delako kasu bakarra irakasle horrena; orokorrean ematen ari den gorakada erreakzionario hau bada zerbait larritzen gaituena, gorakada hori unibertsitatean ere zabaltzen ari delako".
Horren aurrean, faxismoaren aurkako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du Lazpiurrek, eta zehazki Ikasle Abertzaleak-ek, martxoan 13an, gorakada erreakzionarioaren aurka deitu duen ikasle grebara batzeko.
Bideoak: HARA BA!
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!