"Mezu arrazistak, transfoboak eta faxismoaren aldekoak" sare sozialen bitartez zabaltzen ari zen Arabako campuseko Farmazia fakultateko irakasle bat salatu zuten, iragan astean, Ikama ikasleen elkarteak eta Ikasle Kontseiluak. Horren ondoren, larunbatean bertan, Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak adierazi zuen irakaslea ez zela campusera itzuliko zer gertatu den argitu arte. Gaur, berriz, EHUk jakinarazi du irakasleak ukatu egin duela berak idatzitako mezuak direla horiek, eta eraso zibernetiko batekin identitatea ordezkatu diotela salatu duela.
"Joan den ostiralean, EHUko errektoretza taldeak barne prozedura bat jarri zuen abian, Ikasle Kontseiluak eta Ikamak egindako kexa formalari berehalako erantzuna emateko, Arabako campuseko irakasle batek sareetan zabaldutako mezuen harira. Unibertsitateko komunitate osoaren interesak defendatzeko, lehen urratsa bitartekaritza lana abian jartzea eta kasua ikertzen hastea izan zen. Irakasleak, hasiera-hasieratik, alegatu du ez dela mezu horien egilea, hau da, identitatea ordezkatu diotela eta sare sozialetako kontuak lapurtu dizkiotela adierazi du".
Irakasleak jakinarazi duenez, ostiralean bertan jarri zuen salaketa Ertzaintzan.
"Iruzkinen aurka nago"
Gainera, EHUko Errektoretza Taldeak eta Farmazia Fakultateko Dekano Taldeak mezu bat jaso dute gertatutako guztiaren harira. Bertan, irakasleak salaketaren agiria erantsi du, eta barkamena eskatu du sortutako ondoezarengatik. Gertatutakoa "eraso zibernetikotzat" jo du, eta bere profiletik zabaldutako mezuen aurka agertu da: "Gogorarazi nahi dut nire horman idatzi diren iruzkinen aurka nagoela erabat".
Era berean, honakoa adierazi du: "Jakinarazi nahi dizuet eraso honek ez duela inolako loturarik gure erakundean sustatzen ditugun balioekin, ezta egiten ditugun jarduera akademikoekin ere. Erasoa nire kontrolpetik guztiz kanpokoa izan da, eta biziki sentitzen dut horrelako gertaerek, nire borondatetik kanpo daudenek, zuen artean eragozpenak eta nahasmena sortu izana”.
Errektoretza taldeak goizean ohar bat zabaldu dio unibertsitateko komunitate osoari, egoera azalduz eta lasaitasuna eskatuz. Halaber, gertatutakoa argitu arte neurri egokiak hartzen jarraitzeko konpromisoa adierazi du.