"Erabat arbuiatzen dugu Ertzaintzaren jarduera, beste behin neurriz kanpoko metodo errepresiboak erabili baititu. Erakundeei azalpenak eskatzen dizkiegu, talde israeldarrak Gasteiz bisitatzen duen bakoitzean hiria bere eskakizunen mende geratzen baita". Indar Baskonia zaleen taldeak gogor salatu du, ostiralean arratsaldean, Palestinaren alde eta Israelgo genozidioaren aurka protesta egin zuten kirolzaleen kontrako Ertzaintzaren "jazarpena".
Agerraldi masiboa egin dute Baskoniaren zaleek, eguerdian Gasteizko Aihotz Plazan, Maccabi talde israeldarraren presentziaren inguruan Buesa Arena pabiloian gertatutakoaz bere bertsioa azaltzeko. Maccabi Euroligan egoteak Israelgo estatua "zuritzea eta normalizatzea" dakarrela berretsi dute, eta gogoratu dute garbiketa etnikoa eta genozidioa egiten ari dela Palestinan. "Gainera, talde horren presentziak gure pabiloian salbuespen egoera batera garamatza, neurrigabeko segurtasun neurriekin", azpimarratu dute.
Adibide ugari eman dituzte Baskoniaren eta Maccabiren artean jokatutako partidaren bueltan jasandako neurriez. Azaldu dutenez, bi pankarta jakinarazi ziren partidaren aurretik, lehenengoa From the river to the sea mezuarekin, Espainiako Kirolaren Bulegoak debekatu egin zuena. Bigarren pankarta Palestina Askatu leloa zuen; eta Ertzaintzak baimendu zuen.
"Partida hasi baino minutu batzuk lehenago, eta manifestazioa amaitu gabe, hiru indarkide pabiloira joan ziren, baimendutako pankarta aldez aurretik sartzeko, eta dozena bat ertzainek eraso egin zieten". Pankarta "lapurtu" zutela salatu du Indar Baskoniak, baimenik ez zutela argudiatuta, eta denbora luzez atxiki zituztela hiru lagun horiek. "Pertsona horiek identifikatu, miatu eta poliziaren aldetik tratu iraingarria jaso zuten, betiere mehatxuzko tonuan". Ertzaintzak adierazpena askatasuna urratu zuela azpimarratu dute kirolzaleek.
Gertakizunen kontakizunarekin jarraituz, Indar Baskoniak azaldu du zaleen talde nagusia ez zela pankartaren auziaz ohartu; eta pabiloian sartu zen. "Pabilioiaren barruan, arrazoirik gabe, bederatzi pertsona identifikatu zituzten poliziek, pabiloiko korridoreetan; Kirolaren Legearen araberako zehapenekin mehatxatu zituzten; ertzainek bi zale erasotu zituzten; eta horrez gain, bost zaleri karnetak bidegabe kendu zizkieten, justifikaziorik gabe".
Egoera hori medio, azkenean harmaila hutsik uzteko erabakia hartu zuen Indar Baskoniak.