Ehunka pertsona bildu dira ostiral arratsaldean Gasteizen Baskonia eta Maccabi Tel Aviv saskibaloiko Euroligako bi taldeen arteko partidaren aurka, eta Israelen genozidioa salatzeko. Palestinarekin Elkartasuna plataformak deitutako manifestazioan zehar Ertzaintzaren "presentzia itogarria" salatu du plataformak; eta Poliziak Indar Baskonia zaletuen taldeak zeraman Palestina askatu pankarta bat sartzea ekidin duela, nahiz eta baimenduta izan. Gaur bertan agerraldia egingo du Indar Baskoniak jazotakoa azaltzeko.
Manifestazioa 18:30ean atera da, Iparralde gizarte etxetik, Buesa arena pabiloira hurbiltzeko asmoarekin. Palestinarekin Elkartasuna plataformak salatu du protesta amaitu berritan bertaratutakoak zelaiaren inguruan geratu direla protestan, hesiz inguraturik eta polizia kordoi handi batek inguratuta. "Ertzaintzak ez du ibilbidea aurreikusitako tokian amaitzerik baimendu, ez eta amaierako hitzartzea botatzeko soinu ekiporik montatzea ahalbidetu ere".
Gainera, behin Baskoniaren eta Maccabi Tel Aviven arteko partida hasita zegoela, tentsio uneak egon dira, eta hainbat manifestari identifikatu eta miatu dituztela azaldu du plataformak. Are gehiago, Ertzaintzak Indar Baskonia zaletuen taldeak zeraman Palestina askatu pankarta bat sartzea ekidin du, eta zaletuek azken unean sartzeari uko egin diote, protesta gisa. Indar Baskoniak azaldu duenez, aurretik baimenduta zegoen pankarta hori pabiloian sartzea.
Palestinarekin Elkartasuna plataformak salatu du manifestazioa "uneoro poliziaren presentzia itogarri batekin" joan dela aurrera. Gainera, azaldu dute, "azken asteotan kanpaina zabaltzen aritu den jende ugari identifikatua eta mehatxatua" izan dela.
"Propaganda"
Plataformak partida bertan behera uzteko eskatu zuen iragan astean, eta, Baskoniaren zuzendaritzarekin bildu arren, kluba ez zen horretarako prest azaldu. Baskoniaren zuzendaritza kritikatu du plataformak, Maccabiren presentziak "Israelgo estatuaren normalizazioari egiten dion ekarpena" nabarmenduz.
Manifestazio amaierako komunikatuan adierazi dute "Palestinarekiko egiazko elkartasuna Israelen eta bere konplizeen aurkako borrokaren eskutik" doazela; eta kirol lehiaketa eta partidu hauek "Israelen kanpo harremanetarako ministerioak diseinatutako propaganda planaren barruan txertatuta" daudela.
Zentzu horretan, Maccabiren aurka agertzearen garrantzia azpimarratu dute, plataformaren esanetan, ostiralekoa bezalako partidak oso garrantzitsuak baitira Israelentzat. Partidua jokatu izanaren erantzuletzat jo dituzte Baskoniaren Zuzendaritza, Eusko Jaurlaritza, pabiloiaren jabe den Arabako Foru Aldundia, garraio zerbitzua antolatu duen Gasteizko Udala eta Maccabi etortzearen aurka ezer egin ez duten alderdi politikoak.
Horretaz gain, Israelen existentzia bera, mendebaldeko estatuen eta euskal instituzio, banketxe eta enpresen babesa eta NATOren eta Europako Batasunaren agenda militarista ere salatu dituzte.