Ingudea, izena eta izana

Erredakzioa 2025ko urt. 23a, 14:03

Bris taldeak emango du zikloan iragarritako azken kontzertua. BRIS

Orbel, Silitia eta Bris arituko dira Gasteizen, izaskun Arrue Kulturguneak programatutako 'Ingudea, soinuak errementari kaletik' izeneko musika zikloan. ostiral honetan izango da lehen kontzertua.

Ingudea, soinuak errementari kaletik izeneko musika zikloa antolatu du Izaskun Arrue Kulturguneak. Ziklo honetan, Erremintari kalearen burdina lantzen zuten erroten soinuak hartu dituzte abiapuntu modura, Lazarraga kultur elkarteak ohar batean ezagutzera eman duenez zikloan, "errespetuz eta arretaz aukeratutako bakarlari eta taldeak" izango dira protagonista.

Urtarrilaren 24an izango da lehen emanaldia, Baionatik datorren Orbel taldearen eskutik. Post-rock elektrikoaren esparruan dago lau kidez osatutako taldea, eta emanaldiaren erdigunean egongo da 2022an argitaratu zuten Lur Hezea lana."Zortzi abestiz osatutako diskoa da, eta egunsentiko paisaiak marrazten dituzte kantuetan, melodia garbi eta ahots ausarten konbinazioarekin", aurreratu dute antolatzaileek.

Otsailaren 21ean, berriz, Silitia taldearen txanda izango da. Ibai Silicato eta Xabier Barrutia bizkaitarrek osatutako proiektu "poliedrikoak" brioche pop bezala definitzen duten musika du oinarrian. Punky-funky-elektro-euskal-rock abestiak egiten dituztela diote: "Melodia argi eta distiratsuak, pop klasikoaren estilorik garbienean".

BAIONAKO ORBEL TALDEAK IREKIKO DU ZIKLOA OSTIRAL HONETAN, 'LUR HEZEA' LANAREKIN

Zikloaren hirugarren hanka Bris izango da. Martxoaren 28an agertuko da oholtza gainean Iruñaldetik datorren taldea. Estiloari dagokionez, synth pop-rock musika egiten dutela argitu dute antolatzaileek. 1980eko hamarkadako eraginak nabari dira beren kantuetan: ahots erreberberatuak, gitarra malenkoniatsuak, erritmo kutxak eta sintetizadoreak entzungo direla aurreratu dute antolatzaileek.

Basaguren eta Kortazar

Sarrera arruntak 5 euroan egongo dira salgai; murriztutakoak, berriz, 4 euroan. Aurreratu dute udaberriko programazioak aurrera egin ahala kontzertu gehiago aurreikusten dituztela.

Jon Basaguren arduratu da zikloaren aholkularitza lanaz eta Libe Kortazar diseinatzaile eta artistak sortu ditu iruditegiak. Basagurenekin batera hilabeteak eman dituzte "elkarrizketak eta ideiak pixkanaka lantzen", eta azken hilabetean "forma eta bizitza hartzen joan da zikloa". Kortazarrek, berriz, burdinazko ingudea IAKren egurrezko zutabeekin uztartu du logotipoa, eta, horrez gain, kontzertu guztietan elementu nagusi bezala egongo dela esan dute.

Azkenik, Lazarraga kultur elkarteak eskertu nahi izan du ziklo hau antolatzeko Vital Fundazioaren partetik jaso duen babesa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago