Orain arte indarrean izan den 25.000 euroko lankidetza hitzarmena Aranbizkarra auzoko Amaia zentroan haur, gazte eta helduei zuzendutako euskarazko aisialdi, kultura eta hezkuntza ekintzak antolatzeko erabili izan du Euskharan elkarteak. Alta, bat-batean, Gasteizko Udalak lankidetza hitzarmena bertan behera utzi du. Oihane Perea elkarteko kideak "errespetu falta" salatu du. Elkartea prest dago etorkizunari begirako finantzaketa ziurtatzeko beste formula batzuk bilatzeko, baina aurtengo aurrekontuetan hitzarmena berreskuratu behar dela azpimarratu du Pereak.
Nola jaso duzue albistea?
Inork ez digu azalpenik eman. Aurrekontu proiektua publiko egin zuten, baten batek ikusi egin zuen, eta abisatu gintuen. Sorpresaz hartu dugu, ez genuelako inolaz ere espero. Gure elkartearekin lotuta egoera hobetzeko edo baldintzak berritzeko bileraren bat izan dugu udal agintariekin, etorri izan dira Amaia zentrora; eta gu joan izan gara euskara batzordeetara azaltzeko azkeneko urteetan ez dela igoerarik izan, baizik eta guztiz kontrakoa. Hitz onak jaso ditugu beti: aztertuko dugu, ikusiko dugu….
Gabonen aurretik jakin duzue, beraz?
Publiko egin eta oporretara joan ziren guztiak. Hor utzi gintuzten erantzunik gabe, jakin gabe zergatia. Bilera bat eskatu genuen euskara zinegotziarekin, Maria Nanclaresekin, eta aurreko astean bildu ginen berarekin.
Zer esan zuen zinegotziak?
Politikoak ari zirela euren artean aurrekontuak negoziatzen. Baina hitzarmena bertan behera uzteko arrazoirik ez du eman, ezta alternatibarik eskaini ere.
Egoera horretan zer egin dezake Euskharan elkarteak?
Elkarte txikia da Euskharan, jarduera batzuk ditu, eta horiek aurrera ateratzeko diru iturri nagusia udala da. Hitzarmen horrek egiten zuen bideragarri proiektua. Hitzarmenik gabeko egoera da era- bateko babesgabetasuna. Une honetan dugun jarduera mantentzea hitzarmenik gabe ez da bideragarria. Gainera, errespetu falta handia dela iruditzen zaigu. Informazioa zor zaigula uste dugu, finantzaketa beste modu batera kudeatu nahi baldin badute; eta trantsizio bat egin ahal izatea. Ez dugu ulertzen zergatik Euskharani. Jakin badakigu hitzarmenak apurka-apurka kentzea dela udalaren intentzioa, eta horrek asko larritzen du euskalgintza osoa. Izan ere, galdera luzatu zitzaion horren inguruan zinegotziari Euskara Elkargunean, eta zain gaude.
Noiztik dator udal hitzarmena?
Elkartea sortu zenetik. 25 urte.
Zertara zuzendu da udal hitzarmen horren bitartez jasotako dirua?
1998an sortu zenean, Euskharan kultur elkartea auzo elkartearen barruan sortu zen, euskara batzordeak ikusi zuelako auzo mailan bazegoela aukera zerbait egiteko. Justu ikastetxe desberdinetako ikasleak, gurasoak, aiton-amonak, harremanetan jartzeko eta euskararen erabilera hezkuntzatik kanpo ere pizteko eta komunikazioak sortzeko auzokideen artean. Hortarako sortu zen, eta hitzarmen bat sinatu zen sorreran inguruko ikastetxe eta euskaltegi guztiekin.
Gizarte etxearekin ere harremana izan duzue.
Gehien bat hortik etorri izan zaizkigun beharretatik sortu izan dugu programazioa: etorri zaizkigu mintza praktika behar duten taldeak eta jendea, euskara praktikatzeko, euskaltegiaz harago mintzamena lantzeko; etorri izan zaizkigu gurasoak, aisialdian umeek euskara indartzeko gero eta behar handiagoa dutelako; eta migratutako auzokideak ere badaude, eta konpromisoa dute euskararekin. Amaia zentroan hainbat gauza egin ditugu behar horiei erantzuteko. Une honetan, adibidez, zortzi talde ditugu mintza praktikakoak eta aiton-amonen taldeak. Aiton-amonak etortzen dira hain justu beste inon hartzen ez dituztelako, eta haiek nahi dutelako euskararekin harreman afektibo bat izan, osasun mentala mantendu, bilobekin zeozer egin ahal izatea, zenbaketa, kantuak. Gizarte etxeetan batzuentzat aukerak badaude, baina ez diote jarraipena ematen; guk, berriz, horiei erantzun egin diegu eta une honetan lau talde ditugu aiton-amonenak, eta horiek ere oso kezkatuta daude.
Zer gertatuko da orain ikastaroekin?
Zer esan behar diogu jende horri? Jarraituko duten jakin nahi dute; eta ekonomikoki guk ezin ditugu arriskuak hartu, ez garelako elkarte bat solbentzia ekonomiko handikoa. Maileguak eskatu behar izaten ditugu altxortegi arazoak sortzen dizkigulako diru laguntzen kontuak. Eta langileak, klaseak ematen dituztenak, koordinatzailea? Horiek guztiak zer? Elkarteak baditu konpromiso batzuk. Elkarte txikia izan arren, gauzak txukun egitea dagokigu guri ere.
Arriskuan dago proiektua?
Oso amorratuta gaude. Euskara sustatzeko AROA ekintza plan bat adostu dugu udalaren Euskararen Elkargunean. Gure parte hartzea, gure denbora inbertitu dugu plan horretan; eta zertarako? Gainera, kontuan hartu beharko luke udalak euskalgintzatik egiten ditugun gauzak borondate handiz eta maitasun handiz egiten ditugula, gure denbora libretik ere asko jarriz, eta ez soilik modu profesionalean. Horrela jarraitzeko prest gaude, baina elkarteak ahultzen eta deseginarazten baldin badituzte, askoz baliabide gehiago jarri beharko dituzte euskara berreskuratzea nahi baldin badute.
Gasteiz euskararen hiria dela aldarrikatu zen urriaren 19an.
Jaialdia iragartzeko esandakoaren arabera, gobernuan dauden alderdien eta EH Bilduren asmoa eus- karak gure hirian izandako bilakaera eta eragileok egindako lanaren aitortza nabarmentzea omen zen. Gasteizko euskalgintza ere han izan zen indar eta ilusioarekin, baina omendu eta gutxira gure bizirautea kolokan jartzen dute azalpenik eman gabe.
Espero duzue erantzun positiborik? Zer egingo duzue bestela?
Udalak aukera dauka hitzarmen hori berreskuratzeko. Guk eskatzen duguna da hitz egitea gurekin. Gauzak beste modu batean egitea nahi baldin badute, diru laguntza bidez, eskatzen duguna da hitz egitea gurekin. Hitz egin dezagun proiektuaz, finantzazioaz, eta emaiguzue denbora bat guri ere trantsizio bat egiteko. Ematen dugun zerbitzua erabat publikoa eta herritarrei zuzendua den heinean, hau errespetu falta bat da herritarrentzako, bat-batean ekintza horiek bertan behera uztea inora ez doan diru partida kopuru txiki batekin gainera. Beste batzuekin ez da egin, beraz ez dugu ulertzen zergatia. Iruditzen zaigu gure ondoren beste batzuk etor daitezkeela, eta hori dela ezkutuan dagoena. Euskalgintzak egonkortasun bat, konfiantza bat eta sostengu bat behar du udalaren partetik. Hainbeste zor digu erakunde publiko batek bere diru publikoarekin, ezta?