Gasteizko Euskaraldia antolatzeko batu dira Judimendin

Jon Flores 2025ko urt. 21a, 12:27

Zenbait biltzar egiteko deialdia egin dute Gasteizko auzoetan. Lehenengoa, Judimendi.

Judimendiko auzo elkartean batu dira datorren Euskaraldia antolatzeko, eta egitasmoaren arduradun Azaitz Unanuek nondik norakoak kontatu ditu.

Auzo batzordeak antolatu dituzte Euskaraldia baino lehenago, auzoz auzo egingo diren jarduera eta dinamikak diseinatzeko, horiek jendea erakarri eta euskaraz hitz egitera animatzeko.

Aurtengo Euskaraldia maiatzaren 15etik 25era arte izango den arren, batzarrean data horietatik kanpo ere ekintza gehiago egiteko ideia proposatu dute. Adibidez, haur eta gazteentzako dinamikak eskainiko dira martxoa, apirila eta maiatzeko hiru ostiraletan, hiriko hiru auzotan: Santa Luzia, Arana eta Judimendi. Santa Luzian zirkua izango dute gaia, Arana auzoan dantza eta Judimendin herri kirolak.

Argi utzi dute ekintza ireki hauek guztiak guztientzako izango direla, eta "ama hizkuntza euskara daukatenak eta ez daukatenak batzeko" balioko dutela.

Datozen egunetan batzar gehiago egingo dira beste lau auzotan:

  • Zabalgana: urtarrilak 21, 18:00etan auzo elkartean.
  • Olarizu-Goikolarra: urtarrilak 22, 18:30ean auzo elkartean.
  • Abetxuku: urtarrilak 29, 19:30ean Mablan.
  • Salburua: urtarrilak 30, 18:30ean gizarte etxean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago