Fite, azkar, agudo, zalu, arin... Euskal Herri zabalean, herririk herri bildutako euskararen kolore desberdinak jaso ditu Euskara ibiltaria erakusketak, hizkeren aniztasuna ezagutzera emateko asmoz. Eta, begi kolpe bakar batean, hizkuntza aldaera horien berri izango du egunotan Zabalgana auzoko gizarte etxera gerturatzen denak; hilaren 30era arte izango du horretarako aukera. 2020an aurkeztu zuten erakusketa Oihanederren, baina pandemiaren eraginez bertan behera utzi behar izan zuten, eta "berpiztea" erabaki dute.
"Hizkuntza da erakusketaren protagonista eta hari nagusia, eta euskararen hitzak eta soinuak irakurtzeko, entzuteko, usaintzeko eta haiekin jolasteko aukera ematen digu, haien moldakortasuna eta aberastasuna ezagutzeko", azpimarratu du Maria Nanclares Euskara zinegotziak erakusketaren aurkezpenean. Izan ere, bost ataletan banatutako bilduma interaktibo honek, hizkuntzen mapa zabalarekin batera, jokoak, animazioak eta entzun daitezkeen elkarrizketa saioak erabiltzen ditu, besteak beste, herri hizkeren aberastasunean murgiltzeko.
Euskaltzaindiaren EHHA Euskararen Herri Hizkeren Atlasa abiapuntu hartuta, euskararen ugaritasuna eta aberastasuna erakustea du helburu; lexiko mailan, izen-morfologia zein aditz-morfologia esparruetan eta sintaxi alorrean. "Erakusketa honen bitartez, gaurko Arabako gizarteari modu erakargarri eta polit batean erakutsi nahi diogu zer izan garen euskaraz bizi izan den eremu osoan", azaldu du Adolfo Arejita euskaltzain eta egitasmoaren zuzendariak aurkezpenean. "Gazteek aukera aparta dute erakusketa honetan izan garena ezagutzeko. Gure historia ezagutu gabe, zaila izango baita etorkizun sendo bat izatea. Zubi lana egin nahi du erakusketak".
Bost atal
Tokiak, Materialak, Argia eta soinua, Natura eta Bizitza dira bost atal nagusiak, eta atal bakoitzarekin atlaseko mapen hautaketa bat paratu dute. Euskararen aberastasunaz ohartzeaz gainera, bisitariak hizkuntza atlasa zer den ikusteko aukera izango du, eta XIX. eta XX. mendeetako bizimodua, gizartea eta ohiturak ezagutuko ditu.
Erakusketaren xedea ere bada egitasmoaren ikerketa guztiaren historia gizarteratzea eta hizkuntza-atlasa lantzeko erabilitako metodologia, materialak eta bestelakoak ezagutzera ematea. Dagoeneko hamaika liburuki ditu Euskararen Herri Hizkeren Atlasa lanak, euskararen aniztasunaren berri ematen duen argitalpenak. Proiektua XX. mendeko 80ko hamarkadan abiatu zen ikerketa baten bidez. Euskal Herriko 145 inkesta leku aukeratu zituzten (Araban herri bakarra –Aramaio–, Bizkaian eta Gipuzkoan 36na herri, Nafarroa Garaian 27, Lapurdin 15, Nafarroa Beherean 18 eta Zuberoan 12 herri), 319 berriemaile eta 2.857 galdera; 1987. eta 1992. urte artean eginiko elkarrizketok, guztira, 5.000 ordutik gorako grabaketa bilduma osatzen dute. "80ko hamarkadan, Hizkuntza Atlasa lantzen hasi ginenean, euskal hiztunek altxor hori eman ziguten, eta orain, Euskaltzaindiak gizarteari itzuli nahiko lioke. Horixe da, besteak beste, erakusketa honen helburua", nabarmendu du Arejitak.
Erakusketa ibiltaria urtarrilaren 30era arte izango da Zabalgana gizarte etxean, eta doako bisita gidatua egiteko aukera ere izango da hilaren 18an. Bertaratu nahi dutenek 945-161588 telefonoan eman beharko dute izena, edo zerbitzuak@vitoria-gasteiz.org posta elektronikora idatziz.
"Hizkuntza bat herri baten nortasunaren ezaugarririk garrantzitsuenetakoa da. Hizkuntza baliatuz, gizakiok emozioak, desirak eta balioak adierazten ditugu. Hori gutxi balitz, hizkuntzaren bidez harreman sozialak gauzatu, eta ohitura kultural eta sozialak transmititzen dira", esan dute, erakusketara gerturatzeko gonbita eginez.