Abenduaren 26tik urtarrilaren 5era egongo da irekita Gasteizko Gabonetako Haur Parkea, eta, iazkoan bezala, dibertsioak aurten ere Europa Jauregian hartuko du aterpe. Udalak dio bertako iazko esperientzia "arrakastatsua" izan zela, eta erabiltzaileek "oso balorazio positiboa" egin zutela kokapen horretaz. Hortaz, aurten kokapen berdina mantentzea erabaki du udalak.
Ohiko eskaintzaz gain, udalak nabarmendu du EITBk antolatutako Makusi Gabon Festa izango dela aurtengo edizioan; urtarrilaren 2an izango da hori. Familia osoari zuzendutako "ikuskizun erakargarria" dela diote, eta umorea, musika, abestiak eta dantzak izango ditu. Dibertsioa, halere, ez da debaldekoa izango: 1 eta 14 urte arteko haurrek 3 euro ordaindu beharko dituzte goizean (11:00-14:00), eta 3,50 euro arratsaldean (16:30-20:30).
Beste karroza bat
Olentzeroren eta Mari Domingiren kalejirari dagokionez, aurtengo berrikuntza nagusiena izango da baso mitologikoa irudikatzen duen karroza bat gehiago egongo dela aurten. Guztira, 400 bat lagunek parte hartuko dute 24ko desfi lean. Ohiko kalejirara mugatu ez eta aurreko egunetan bikote mitologikoak hainbat ibilaldi egingo ditu Gasteizko auzoetan zehar. Florida parkean beharrean, aurten Uraren Ezkutuko Lorategian hartuko dituzte gutunak, galtzagorrien brigada batekin batera.
Meltxor, Gaspar eta Baltasar errege magoek, berriz, laguntzaile gutxiago izango dituzte, —300 bat lagun—, baina zazpi karrozez osatutako segizioa izango dute opariak ume guztiei ekartzeko. Udaletxetik hasierako agurra egin ostean, Goiuri jauregian haurrekin elkartuko dira. Ondorengo kalejira Bilbo plazatik abiatuko dute.