Energia komunitateak sortzeko diru laguntzak nola lortu azalduko du udalak

Erredakzioa 2024ko abe. 17a, 14:03

Energia komunitate txikiak sortzea sustatuko du udalak. Argazkia: Pixabay

Abenduaren 19an, ostegun honetan, argibideak eskainiko ditu Gasteizko Eraldaketa Energetikorako Bulegoak, 18:00etatik aurrera, Aldabe gizarte etxean.

Gasteizko Udalak azaroan iragarri zuen diruz lagunduko zituela udalerrian sortzen ziren energia komunitate berriak, energia fotovoltaiko sistemak ezartzeko, autokontsuko kolektiboko erregimenean. Trantsizio energetikoa sustatzeko hartutako neurri hau abenduaren 2an sartu zen indarrean, ALHAOn argitaratu zenean, eta zabalik dago jadanik eskaera egiteko epea. Martxoaren 31ra arte egongo da zabalik.

Hala ere, hiritarrei informazioa helarazteko saioa antolatu du udalak, eta beharrezko informazio eta laguntza emango dute diru laguntzei buruzko azalpen jardunaldian. Ostegun honetan egingo dute, abenduaren 19an, Aldabe gizarte etxean, 18:00etatik aurrera. Bertan, Gasteizko Eraldaketa Energetikorako Bulegoko kideek emango dituzte azalpenak.

600.000 euro bideratuko ditu Gasteizko Udalak laguntza hauetarako, eta komunitate bakoitzak gehienez 70.000 euro jaso ahal izango ditu, instalazio fotovoltaiko berriak ezartzeko. Bizitegietako kontsumoa duten komunitateei dago zuzendua batez ere, baina elkarteek, erakunde publikoek edo enpresa txiki eta ertainek ere izango dute eskatzeko aukera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago