Gasteizko Tokiko Gobernu Batzarrak 600.000 euroko diru laguntza deialdia onartu berri du, energia komunitateen sorrera bultzatzeko, eta eguzki energia instalazioak martxan jartzeko. Komunitateen autokontsumo kolektiboa sustatu nahi du udalak, hirian "neutraltasun klimatikoaren helburua" lortzeko asmoz, Borja Rodriguez Ingurumen zinegotziak azaldu duenez.
Energia berriztagarriek hiriaren mix energetikoan duten pisua handitu asmo dute egitasmo honekin, eta inbertsioak egiten lagundu nahi du udalak. EAJ eta PSEren Udal Gobernuak eta EH Bilduk egindako aurrekontu akordioan jaso dute deialdia.
Energia komunitate berriei 75.000 eurorainoko diru laguntza emango diete, proiektuak abian jartzeko. Bideratutako diruaren %60a auzo zaurgarrienetara biderako da, ofizialki eremu degradatuak dituztenetan (Zaramaga, Adurtza, Abetxuku, Arana, Ariznabarra, Angloa, Judimendi, Koroatzea eta San Kristobal), eta gainerako %40a beste auzoen artean banatuko da.
Bizilekuetako energia sortzera dago bideratua gehienbat laguntza, baina elkarte, enpresa txiki eta ertainek eta erakunde herrikoi zein publikoek ere izango dute laguntza eskatzeko aukera. Hala ere, gehienez bazkideen %75a egon daiteke jarduera ekonomikoren batekin lotuta.
ALHAOn argitaratu eta hurrengo egunean abiatuko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2025eko martxoaren 31ra arte egongo da zabalik. Herritarrei laguntzeko bulegoetan edo udalaren egoitza elektronikoan aurkeztu ahal izango dira eskaerak. Laguntza hauek hartuta ere, ez da aukera galtzen Estatuko zein Europar Batasuneko bestelako laguntzak eskatzeko, bateragarriak izango baitira.