Gazatik ihesi Gasteiza heldu ziren bost familia palestinarrak etxegabetzeko arriskuan daude berriro ere, Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez. Gizarte Politiketako zinegotziak, Lucho Royerok, bermea eman die familiei, esanez orain arte bizi diren ostatuaren gastuak bere gain hartuko dituela udalak. Hala ere, ez du etxebizitza iraunkorrik eskaini, familiek hori eskatu arren. "Konponbide egonkorragoak lortu arte" mantenduko dituzte familiak ostatuan, azaldu duenez, baina ez du argitu udalak aktiboki bilatuko ote dien bizileku alternatibarik.
Gauzak horrela, Espainiako Gobernuak emandako babesa abenduaren 31n amaitzen bada ere, ez dituzte ostatutik kaleratuko, Gasteizko Udalaren laguntzarekin. Berez urriaren 31ra arteko bermea besterik ez zien eskaini Espainiako Gobernuak, baina familien eta etxebizitza sindikatuaren presioei esker lortu zuten beste bi hilabetez luzatzea. Orain, epe hori gerturatu denean, alternatibarik gabe gelditu dira familiak, eta udalera jo dute babes eske. Atzo Baraa Al Ghamri palestinarra udalean izan zen, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko Jon Basaberekin batera, udalaren inplikazioa eskatzeko, eta han jaso zuten Gizarte Politiketako zinegotziaren eskaintza.
Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak salatu du instituzioek ez dietela "etxebizitza alternatiba egonkorrik" eskaini. Gainera, gogorarazi dute Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzak urriko luzapenaren ostean adierazi zuela "ez ditugu inolako kasuan kalean utziko". Hala ere, sindikatuaren esanetan ordezkariordetzak ez du "inolako laguntzarik" eskaini etxebizitza alternatiba bat lortzeko, eta "beren kontura" lortu behar zutela esatea izan omen da familiek jasotako erantzun bakarra. Alokairua lortzea "bideraezina" da familia hauentzat, genozidiotik ihesi etorri direlako Gasteiza, inolako baliabiderik gabe, eta alokairua lortzeko jarritako baldintzak bete ezinda.